Haneke eta esperientzia fisikoa

Gorka Erostarbe (19:00)

Filma: Amour
Saila: Zabaltegi Perlak

Ederra da burura etorri zaidan lehen izenondoa. Nahiko modu automatikoan. Asko gustatu baitzait Michael Hanekeren Amour filma. Baina ez. Ez da ederra. Ezin du ederra izan zahartzaro betean sarturik dagoen emakume-gizon bikote baten dekadentziaren erretratu gordin eta hiperrealista egiten duen filmak. Esperientzia intelektuala bezainbat, esperientzia fisikoa iruditu zait Amour.Bikotearekin batera zahartu naiz. Haiekin batera gaixotu. Ezeroso sentitu bestela ere oso eroso ez diren Antzoki Zaharreko besaulki entra

Inkomunikazioaren erretratu errepikakorra

Gorka Erostarbe; 13:00etan

Zuzendari berrien ataleko lehen filma izan da Silent City, Threes Anna herbeheerearraren bigarren lana. Gai bat du abiapuntu eta helmuga: inkomunikazioa, bakardadea. Eta ongi erretratatzen du, baina mezua errepikakorregia egiten da, istorioa lauegia begitandu zait. Kon maisuarekin arraina mozteko artea ikasteko joan da Rosa Tokiora. Kon Japoniako arrain sukaldari handiena da. Komunikatzeko zailtasunak direla-eta Rosa gero eta bakartiago sentituko da bere lan-mahaiaren gainean garbitzeko zain dituen arrain piloen artean. Ekialdearekiko ditugun uste topikoen zerrendatzeak eta musika malenkoniatsuaren erabilera enfatikoak ahuldu egiten dute istorioa. Umorearen erabilerak eta protagonistak arrainekin dituen fantasia eta elkarrizketek bizi puntua ematen diote. Irudi poetiko eta metafora ederrak ere baditu. Ez dut uste Zuzendari Berrien sarirako hautagai izango denik.

Puntuazioa: 6,5

Bat gehiago

Kepa Matxain (12:00)

Zinematik iritzi garbirik gabe ateratzen zaren film horietako bat gehiago da Arbitrage, akaso gustukoa entretenimendua bilatzen dutenentzat, baina neroni behintzat epel antzeko utzi nauena. Goi mailako negozio gizon baten (Robert Miller) inguruan ardazten da istorioa, eta klase altuko gizartearen problematika eta arazoak ditu jo puntuan. Ikusleari aurreikusgarri egiten zaizkio erabiltzen diren arketipo gehienak: aurpegi anitzeko enpresaburua, emaztearen eta maitalearen artean dabilena, bere estatusa eskuratzea ahalbidetu dioten kontu ilunak atzean uzten saiatzen dena, eta gisakoak. Ez dira horiek, ordea, filma ahul egiten duten ezaugarri bakarrak.
Izan ere, tentsio apur bat eta elkarrizketa bizi batzuetatik haratago, ezer gutxi gelditzen da ikuslearen oroimenean. Arazo handi baten ostean, kausalitatez elkarrekin katramilatzen diren gertaeren segida hutsa da. Pentsa liteke filmaren kalitateagatik baino, aktoreen aitzakian hautatu dutela Sail Ofizialerako.

Entretenigarria

Arbitrage-k ireki du Zinemaldia, eta Urrezko Maskorra irabazteko lehiatuko da. Bizpahiru, hamar edo 20 urte barru inork ez du film hau gogoratuko, baina niri behintzat entretenigarria iruditu zait. Zinemaldi jaialdi baterako egokia den edo ez, hori, beste eztabaida bat da.

Robert Miller (Richard Gere) finantzen marrazoaren istorioa kontatzen du. Arazo bat dauka bere jarduenean, eta arazo pertsonal batek are gehiago zailduko du buruhaustea. Topiko asko dauzka filmak, aurreikusi daiteke amaiera, nahasgarria ere izan daiteke trama, baina tentsioari eusten dio, eta, gainera, lan txukuna egiten dute aktoreek. AEBetan ekoitzitako aurrekontu handiko filma izanik, fakturazio bikaina du.

Gustuen arabera baloratzen dira filmak. Ez aspertzea eskatzen diot nik pelikula bati, kontsiderazio estetiko edo moralen gainetik. Eta ez naiz aspertu.

Nota: 6,5

Igor Susaeta