‘Amerikanada’ bat

Igor Susaeta (14:00)

Filma: Argo.
Saila: Ofiziala, baina lehiaketatik kanpo.

Ben Affleck zuzendari eta aktoreak badu gantxoa eta planta, eta horregatik bete da, ia, Kursaaleko auditoriuma. Baina soil-soilean, Argo ilusioarekin ikustera joan bada jendea, nire buruari galdetzen diot ea zergatik bete den. Sinopsia irakurri ondoren, ea ez ote zegoen Argo baino film hoberik aukeratzeko gaur eguerdian Zinemaldian. Aspertu egin naizelako. Filma benetako gertaeretan oinarrituta egon ez balitz ere, zein bukaera edukiko zuen banekielako. Bai, AEBetako ekoizpen garesti bat da, baina horrek, irudien indarretik eta fakturazio onetik haratago, ez du ezer ziurtatzen. Ez eta filmaren erditik aurrera tentsioak gora egiteak. Ez eta txiste errazek. Tira, auditoriuma barre batean jarri dute tarteka.

Aktore ezagunak? Bai. Argazkia, soinu-banda, erritmoa… Bai. Ados. Baina Afflecken filma amerikanada bat da. Bihar ere ez dut gogoratuko.Ea orain zer dioen prentsaurrekoan… Ziur lepo dagoela aretoa.

Nota: 5,5

Minetik askatutako emakumeak

Kepa Matxain

Bertha Gaztelumendik CIINPIren (Berdintasun Politiken Nazioarteko Berrikuntza Zentroa) enkarguz osatu du Mariposas en el hierro dokumentala, Euskal Herriko emakumeek jasaten dituzten askotariko biolentziak biltzen dituena. Nagusiki elkarrekin segidako lekukotasun bidez elkartu ditu pieza denak: indarkeria sexista pairatu dutenen senideak, torturatuenak, ETAren eta GALen biktimenak, etxe kaleratzeak jasan dituztenak eta beste hainbat ageri dira, guztiak emakumeak. Biolentziak har ditzakeen forma asko erakusten dira filmean, fisikora soilik mugatu beharrean. Eta testigantzak ematen dituztenen munduak elkarrengandik oso urrun egonagatik, are, batzuetan kasik elkarren aurkakoak izanagatik ere, elementu batek batzen ditu: denek jakin dute mina gainditu eta aurrera egiten.
Filmak izan zezakeen arrisku bat: norbanakoengan soilik zentratzea, biktimen ahotsak jasotzea, haiek sufritutako biolentzia hori sorrarazi duten arrazoiei erreparatu gabe. Zentzu horretan, Gaztelumendik nahiko era egokian uztartu ditu biktimen esanak adituenekin, eta jantzi teoriko horrek balio gehigarria ematen dio azken emaitzari. Gisa berean, ahots pilaketa modura ulertu behar da dokumentala, egia askoren bilduma gisara, eta ez du mezu jakinik helarazi nahi. Ezer izatekotan, emakumeen gisa guztietako ahotsak plazara ateratzeko deia da, beti ere elkarrizketaren eta giza eskubideen garrantzia nabarmenduz.
A priori gaiak berak interes berezia eragiten bazidan ere, filmak ez nau asebete, ez diskurtsoaren mailan eta ez erabiltzen diren irudiei dagokienean ere (tximeletak, metamorfosiaren erakusgarri bezala; itsasoa, libertatea errepresentatzeko), topiko dezentetan erortzen delakoan nago. Lastima da, baina iruditzen zait gai bera denbora gehiagorekin eta sakonago landuz gero (apirilean hasi zen gidoia idazten) emaitza hobea lor zitekeela.

Edurnezuri toreroa

Mikel Lizarralde (11:30)

Edurnezuriren ipuinaren bertsio bat baino gehiago egin da azken urteetan, baina Pablo Berger bilbotarrak ondu duenak zerikusi gutxi dauka Charlize Theron, Kirsten Stewart eta abar protagonista dituen moldaketa erraldoiarekin. Hau zuri-beltzean dago egina eta mutua da. The Artist-ek izandako arrakastaren ondoren, baten batek pentsatuko du Bergerrek bide hori segitu nahi izan duela, baina ondo legoke gogoratzea badirela azken urteetan literaturaren klasikoak bide beretik egokitu dituzten zinemagileak ere. Horren adibide, Guy Maddinek duela ez urte asko eginiko Dracula zirraragarria.

Bergerrek Sevillan kokatu du bere istorioa, zezenketen munduan, XX. mendeko 20ko hamarkadan. Eta hor, torero, tonadillera eta Lecturas txutxumutxuen aldizkarian irten nahi duten amaorde gaiztoen artean, haziko da Carmen. Istorioak Grimm anaien kontakizunari seguitzen dio, baina kokapenak baldintzatzen dituen aldaera guztiak bere gain hartuz. Eta ederki dago kontatua istorioa, zinema mutuaren txartelez baliatuz eta eszenaratze liluragarri batekin. Baditu gora-behera gutxi batzuk -oilarrarekin lotutakoak batik bat-, eta sentimentalismoan erortzen da besteetan baina ederra da orohar Blancanieves.