Minetik askatutako emakumeak

Kepa Matxain

Bertha Gaztelumendik CIINPIren (Berdintasun Politiken Nazioarteko Berrikuntza Zentroa) enkarguz osatu du Mariposas en el hierro dokumentala, Euskal Herriko emakumeek jasaten dituzten askotariko biolentziak biltzen dituena. Nagusiki elkarrekin segidako lekukotasun bidez elkartu ditu pieza denak: indarkeria sexista pairatu dutenen senideak, torturatuenak, ETAren eta GALen biktimenak, etxe kaleratzeak jasan dituztenak eta beste hainbat ageri dira, guztiak emakumeak. Biolentziak har ditzakeen forma asko erakusten dira filmean, fisikora soilik mugatu beharrean. Eta testigantzak ematen dituztenen munduak elkarrengandik oso urrun egonagatik, are, batzuetan kasik elkarren aurkakoak izanagatik ere, elementu batek batzen ditu: denek jakin dute mina gainditu eta aurrera egiten.
Filmak izan zezakeen arrisku bat: norbanakoengan soilik zentratzea, biktimen ahotsak jasotzea, haiek sufritutako biolentzia hori sorrarazi duten arrazoiei erreparatu gabe. Zentzu horretan, Gaztelumendik nahiko era egokian uztartu ditu biktimen esanak adituenekin, eta jantzi teoriko horrek balio gehigarria ematen dio azken emaitzari. Gisa berean, ahots pilaketa modura ulertu behar da dokumentala, egia askoren bilduma gisara, eta ez du mezu jakinik helarazi nahi. Ezer izatekotan, emakumeen gisa guztietako ahotsak plazara ateratzeko deia da, beti ere elkarrizketaren eta giza eskubideen garrantzia nabarmenduz.
A priori gaiak berak interes berezia eragiten bazidan ere, filmak ez nau asebete, ez diskurtsoaren mailan eta ez erabiltzen diren irudiei dagokienean ere (tximeletak, metamorfosiaren erakusgarri bezala; itsasoa, libertatea errepresentatzeko), topiko dezentetan erortzen delakoan nago. Lastima da, baina iruditzen zait gai bera denbora gehiagorekin eta sakonago landuz gero (apirilean hasi zen gidoia idazten) emaitza hobea lor zitekeela.

Leave a Comment.