Edurnezuri toreroa

Mikel Lizarralde (11:30)

Edurnezuriren ipuinaren bertsio bat baino gehiago egin da azken urteetan, baina Pablo Berger bilbotarrak ondu duenak zerikusi gutxi dauka Charlize Theron, Kirsten Stewart eta abar protagonista dituen moldaketa erraldoiarekin. Hau zuri-beltzean dago egina eta mutua da. The Artist-ek izandako arrakastaren ondoren, baten batek pentsatuko du Bergerrek bide hori segitu nahi izan duela, baina ondo legoke gogoratzea badirela azken urteetan literaturaren klasikoak bide beretik egokitu dituzten zinemagileak ere. Horren adibide, Guy Maddinek duela ez urte asko eginiko Dracula zirraragarria.

Bergerrek Sevillan kokatu du bere istorioa, zezenketen munduan, XX. mendeko 20ko hamarkadan. Eta hor, torero, tonadillera eta Lecturas txutxumutxuen aldizkarian irten nahi duten amaorde gaiztoen artean, haziko da Carmen. Istorioak Grimm anaien kontakizunari seguitzen dio, baina kokapenak baldintzatzen dituen aldaera guztiak bere gain hartuz. Eta ederki dago kontatua istorioa, zinema mutuaren txartelez baliatuz eta eszenaratze liluragarri batekin. Baditu gora-behera gutxi batzuk -oilarrarekin lotutakoak batik bat-, eta sentimentalismoan erortzen da besteetan baina ederra da orohar Blancanieves.

Leave a Comment.