Aurreko egunetako zenbait film

Gorka Erostarbe (14:20)

Labur bada ere, hona hemen aurreko egunetan ikusitako zenbait filmeren erreseinak.

Filma: ‘Fasle kargadan’
Saila: Ofiziala.

Bahman Ghobadiren Fasle kargadan filmak 30 urtez preso egon ostean bere emaztea bilatu bai baina harengana hurbiltzeko adorerik ez duen poeta kurduaren istorioa kontatzen du. Indar poetiko eta estetiko handiko filma da, baina, hain zuzen ere, akaso ezaugarri horrek berak ahultzen du, irudi bakoitza iradokitzaile eta poetiko izan beharrak (dordokak zerutik erortzen, zaldi baten burua auto barruan, errinozerontea desertuan…). Metaforikoegia izateak hoztu egiten du, nire ustean. Hala ere, gomendagarria.

Puntuazioa: 7.

Filma: ‘Bypass’
Saila: Zabaltegi Bereziak

Gidoi oso landua, umore sekuentzia ederrak (protagonista guztiak gabonetako afarian biltzen direnekoa, sublimea), aktoreen lan oso txukuna. Ezaugarri horiek guztiak ditu Aitor Mazo eta Patxo Telleriaren bigarren filmak, Bypass-ek, euskaraz filmaturiko lehenengoak. Maitasun harremanen inguruko gogoeta ironikoa egiten du, gezurrak, nahasteak, mingostasunak eta komedia zantzuak uztartuz. Baina harremanen inguruko gogoetan areago joan zitezkeela iruditzen zait, maitasunarekiko eszeptizismoan nahiko ‘light’ geratu direla. Gainerakoan hasiera eta bukaera ere ahul samarrak zaizkit. Duina baino zerbait gehixeago, hala ere.

Puntuazioa: 6,5.

Filma: ‘Operacion E’.
Saila: Zabaltegi Perlak.

Ia dena zait sinesgarri Miguel Courtois Paternina zuzendariaren (aita paristarra eta ama donostiarra du)Operacion E filman. Hasieran beldur pixka bat banuen nola islatuko ote zuen Kolonbiako errealitatea. Oso ikuspegi partzialetik egindakoa ote zen. Erretratu gordina egiten du, benetan jazotako gertaera batetik abiatuta. Erabat sinesgarri Luis Tosar aktorea, FARC gerrilari, paramilitarrei eta eragozpen guztiei izkin eginez bere familia babestu nahi duen gizon xume, langile eta ‘pikaro’-aren papelean. Merezi du.

Puntuazioa: 7,5.

Bi aktore handi, film ertain batean

Gorka Erostarbe (14:00)
Filma: Hope Springs.
Saila: Zabaltegi Perlak.

Ez dugu deus berririk esaten Meryl Streep eta Tommy lee Jones aktore handiak direla esanda. Haien lanak sustengatzen du, ezerk sustengatzekotan, David Frankel estratubatuarraren Hope Springs filma. Maitasunaren arrakaletan habi egin nahi du istorioak, edo hobe esanda, bikote harremanetan. Edo, hobe esanda, urte luzez elkarrekin dauden bikoteen harremanetan. Edo hobe esanda, urte luzez elkarrekin ezkonduta daudenen harremanetan. Errutinak eta elkarbizitzak bikote harremanetan eragiten dituen kalteak, ezinak, ertz arantzatsuak azaltzen ditu. Baina deus berririk ez dakar horrek. Harremanen inguruko gogoeta oso axalekoa eta topikoen talaiatik egindakoa dela iruditu zait. Jendeak barre frango egin du prentsarako emanaldian. Baina umore aurreikusgarriegia behitandu zait. Musikaren erabilera enfatikoegia, eta amaiera azukretua. Erdi-purdikoa.

Puntuazioa: 5,5.

Zenbagarrena azken uretotan?

Igor Susaeta

Filma: Le Capital
Saila: Ofiziala

Orain, boteprontoan, uste dut azkeneko bi urteoetan goi finantzetako marrazo espekulatzaile eta gupidagabeei buruzko hiru film ikusi ditudala. Margin Call(2011), Arbitrage (2012) eta Le Capital (2012). Eta hirurak antzekoak iruditu zaizkit, igualak ez esatearren. Ziur nago, gainera, ikusi ez ditudan aleek mami eta estetika bera dutela. Protagonistak, esaterako, gizon arrakastatsuak dira, dirua alde batera eta bestera mugitzen dutenak eta inguruan emakumezko sexyak dituztenak. Elkarrizketak, azkarrak, zein baino zein ironikoagoak. Eta giroan luxua usaindu daiteke. Aipatutako filmetan ez dago sentimenduentzako tokirik. Beharbada, marrazo horiek ez dauzkatela esan nahi zaigu. Ez dakit. Tira, bada alderik marrazo eta marrazo artean. Richard Gerek badu nolabaiteko karisma Arbitrage-n, sikira bere ibiltzeko eragatik. Le Capital-eko protagonistarena egiten duen Gad Elmalehek, berriz… Lehen momentutik iruditu zait morroi nazkagarria…

Film horiek edukiko dute mezu bat, ziur baietz, baina nik ez dut harrapatzen. Gainera, hainbeste finantza operazio egiten dituzte, hainbeste gezur esan, hainbeste opa, hainbeste milioi, hainbeste traizio, hainbeste stockezdakitzer .. Stock-options, bai. Galdu egiten zara. Dena dela, hori ez da inportanteena filmean. Orduan, zerk du garrantzia? Tira, esan beharko dugu behintzat entretenigarria dela. Igual, zerbaiten esperoan zaudelako…

Puntuazioa: 5,5