Kontrastearen beharra

Gorka Erostarbe (15:30)

Filma: Leku hutsak, hitz beteak
Saila: Zinemira

Hitzez ondo betetako dokumentala da Joxeanjel Arbelaitzek zuzendu eta Bernardo Atxagak protagonizaturiko Leku hutsak, hitz beteak. Atxagaren unibertso literariora hurbiltzeko gakoak ematen ditu. Zer dela eta egin zen idazle, nola bizi izan duen herria/hiriaren arteko dikotomia, abangoardia eta errealismoaren artekoa, Etiopia eta Obabaren artekoa. Arin eta aise ikusten da ordubete eskas duen lana. Hitzezko diskurtsoan frexko eta argigarri ageri da Atxaga. Idazlea bera da gidoilaria eta haren ahotsa baino ez dugu entzuten elkarrizketa luze baten traza duen dokumentalean, garai eta geografia desberdinetako irudiez horniturik. Hitzez ongi betea, baina ez nau erabat bete. Kontrastea, beste zenbaiten ahotsa, besteen iritziak bota ditut faltan. Atxagaren arrakaletan gehiago sakontzeko beharra sentitu dut, bere barne nahiz kanpo gatazken berri jakiteko gogoz geratu naiz. Atsegina da, baina areago joatea eskatuko nioke. Izan liteke beste dokumental baterako ideia… Bi hitzetan, sinplea eta didaktikoa iruditu zait.

Puntuazioa: 6’5.

Eserlekura lotuta

Igor Susaeta

Filma: The Hypnotist
Saila: Ofiziala

Eserlekura lotuta eduki nau The Hypnotist-ek, Lars Keplerren eleberriaren egokitzapenak, tarteka hotzikarak sentitu ditudan arren. Pelikula potentea baita Lasse Hallstrom suediarrak filmatutakoa. Argumentuaren hariak maisuki mugitu ditu, eta irudi indartsuz zein argazki-tonu ederrez hornitu du 120 minutuko kontakizuna.

Intrigazko film bat da, thriller bat nahi baldin baduzue. Gabonak dira Estokolmon (Suedia), dena elurtuta dago, eta serial killer batek familia bat hilko du gupidagabe. Kide bat salbatu egingo da, ordea. Kasua aztertzen ari den poliziak prestigioa galdu duen hipnotizatzaile bati laguntza eskatuko dio, baina handik gutxira hipnotizatzailearen semea bahituko dute.

Itxuraz, korapilatsua da trama, baina Hallstromek sentimenduak jarri ditu polizia ikerketaren gainetik. Mintzo da bikote harremanen zailtasunez, lanarekiko mendekotasunaz, beldurraz, bakardadeaz, konfiantza faltaz, minaz, isolamenduaz… Sentimenduak korapiloari gailentzen zaizkio, eta beharbada horrek ematen dio sendotasuna, are originaltasuna, pelikulari.

Adi-adi eduki nau, eta gustuz jarraitu dut. Azkeneko hiruzpalau minutuak kenduko nizkioke. Horien aurreko sekuentzia beldurgarria da, egiazki angustiosoa.

Puntuazioa: 7.