Entretenigarria

Arbitrage-k ireki du Zinemaldia, eta Urrezko Maskorra irabazteko lehiatuko da. Bizpahiru, hamar edo 20 urte barru inork ez du film hau gogoratuko, baina niri behintzat entretenigarria iruditu zait. Zinemaldi jaialdi baterako egokia den edo ez, hori, beste eztabaida bat da.

Robert Miller (Richard Gere) finantzen marrazoaren istorioa kontatzen du. Arazo bat dauka bere jarduenean, eta arazo pertsonal batek are gehiago zailduko du buruhaustea. Topiko asko dauzka filmak, aurreikusi daiteke amaiera, nahasgarria ere izan daiteke trama, baina tentsioari eusten dio, eta, gainera, lan txukuna egiten dute aktoreek. AEBetan ekoitzitako aurrekontu handiko filma izanik, fakturazio bikaina du.

Gustuen arabera baloratzen dira filmak. Ez aspertzea eskatzen diot nik pelikula bati, kontsiderazio estetiko edo moralen gainetik. Eta ez naiz aspertu.

Nota: 6,5

Igor Susaeta

Sinopsiak

Harrigarria da sinopsiena. Arbitrage-k irekiko du bihar Donostiako 60. Zinemaldiko Sail Ofiziala, eta antolakuntzak bidalitako liburuxkako sinopsiak zera dio filmari buruz: “Nicholas Jarecki idazleak zineman egin duen lehenengo lan hau suspensez eta tentsioz beteriko thriller erakargarria da, eta goi-finantzen munduan maitasunak eta leialtasunak duten lekuari buruz hitz egingo du”. Tim Roth, Susan Sarandon, Richard Gere eta Laetitia Casta jarri dituzte aktoreen zerrendan. Itxura ona dauka pelikulak, ezta? Kontua da, a priori behintzat, film guztiek edo ia guztiek dutela itxura erakargarria promozio liburuxketan. Hortaz, desilusioa handiagoa izateko aukerak daude. Ea norantz egiten duen balantzak…

Igor Susaeta