Heldutasun bila

ANALISIA
Agus Perez (2012ko azaroaren 6an argitaratua)

Heldutasun bila dabil aspalditik Bilbo Antzerki Dantza jaialdia, baina bilaketa horretan normala denez, hainbat kontraste azaleratu dira ekimenak iraun duen hamar egunotan. Oraingo zuzendaritzaren estilo irekiari esker, aurtengo edizioaren jarraipen hurbila egin ahal izan dut, eta ondoko lerroetan saiatuko naiz kontraste haiek guztiak aletzen.

Bilbotar naizen aldetik, gogorra egin zait jakitea jaialdiak iaz baino aurrekontu txikiagoa eduki duela non eta futbola neurrigabe sustatzen duen hiri honetan. Seguruenik, murrizketa horrek ekarri du jaialdiaren atal batzuk kentzea, hala nola Pre-BAD, Itineris Apur BAD edota Show-gelak. Horrela izanik, aurten iaz baino gauza gutxiago programatu dira, baina horri esker konpondu da behingoz ordutegien gainjartze ulertezina, zaletuen haserrea pizten zuena eta lehen urteetatik konponezina ei zena. Egitaraua betetzearren, ordea, Dantzan Bilaka egitasmoko emanaldiak txertatu dira han-hemenka, nahiz eta, berez, pieza mota horiek profesionalen maila berekoak ez izan eta hango partaideek beste mundu batekoak balira bezala jokatu duten, jaialdiaren benetako emanaldi gehienetara ez baitira etorri.

Ikusleriaren zatikatze sektarioaren fenomeno hori muturrekoa izan da aurten eta kanpotik etorritako aditu guztien arreta piztu du. Izan ere, berezia izan da aurten jaialdiak hainbat aditurengan sortutako interesa, eta, besteak beste, hauen presentzia aipatuko dugu: Francesc Massip Kataluniako kritikari prestigioduna, Madrilgo Escena Contemporanea jaialdiaren arduraduna, Asturiasko (Espainia) La Laboral eszena-proiektuaren sortzailea, Vigoko (Galizia) Alt jaialdiaren antolatzailea… Emanaldien osteko solasaldietan, haiek eta hainbat lekutatik etorritako beste sortzaile esanguratsuak ere