Durangoko Szenatokia

ANALISIA 2012ko abenduaren 11n argitaratua
Agus Perez

Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokaren baitan, eta EHAZEren ezinbesteko laguntzaz, bigarren aldiz gauzatu da Szenatokia izeneko ekimena, bertako San Agustin kultur gunean. Iazkoarekin konparatuta, askoz anbiziotsuagoa izan da aurtengo egitaraua, eta izandako zabalkundeak gogoetarako gai batzuk sortu ditu.

Oker ez banago, iazko Szenatokiaren egitarauan lau antzezlan labur eszenaratu ziren arratsalde bakar batean, maratoi modura, eta gogoan dut era berean galiziar aktore batekin izandako mahai-inguru interesgarria, Galizia izan baitzen iazko herri gonbidatua. Hala ere, maratoian emandako piezak ez ziren berez laburrak, hamabost bat minutura laburtuak baizik, ekimenaren asmoa delako pieza hautatuen laginak erakustea eta ikusleengan piztea antzezlan osoa nork bere herrian ikusteko gogoa.

Aurtengo egitarauak azokako lau egunak hartu ditu, hamalau taldek aurkeztu dituzte beren lanak, eta nolabaiteko izaera eman zaio egun bakoitzari: lehendabiziko goiza ume-antzerkirako izan zen, hurrengo bi egunetan helduentzako piezak antzeztu ziren, goiz bakoitzeko egitaraua arratsaldez errepikatuta, eta igandean osorik taularatu da Metrokoadroka kolektiboaren Hura ez da lekua zoragarria. Haurrentzako emanaldietan ez dakit zelakoa izan zen azokara bertaratutakoen erantzuna, baina hurrengo egunetan mutur batetik bestera joan da ikusle kopurua: ostiralean ikusle gutxi batzuk egon ziren goizeko zein arratsaldeko emanaldietan, baina larunbatean ia goraino bete zen aretoa, eta gorabehera horrek azterketa sakona eskatzen du datozen urteetarako.

Era berean, badira azterketarako beste kontu batzuk, eta haien artean ez dira nolanahikoak antzezlanak hautatzeko irizpideak, eta piezak laburtzeak dakartzan alde onak eta txarrak

Irlatxoak sarean

ANALISIA (2012ko abenduaren 4an argitaratua)
Agus Perez

Abenduaren lehen asteburuan amaitu da Bilboko Fundicion aretoan Irlatxoak sarean izeneko zikloa. Egitasmoa Valentziako (Herrialde Katalanak) Espai inestable kolektiboaren ekimenez abiatu da eta gurera ekarri ditu Europa hegoaldeko lau herritako proposamenak. Bilbotik igaro ostean, nortasun bereziko beste areto bitan emango dira lanak eta, guztira, kontinenteko hiru leku esanguratsu bisitatuko dituzte konpainiek.

Hirietariko bat Bilbo izanik, ez diet irakurleei esplikatu behar zergatik ote den esanguratsua Europako panoraman; Cosenza, ordea, Calabrian dago (Italia hegoaldean), eta penintsula hartako hegoaldean dagoela azaldu beharrak asko esaten du eskualde haren bazterketaz; azkenik, Dresden Ekialdeko Alemaniaren parte izan zen, eta harrigarria da jakitea bloke sobietarrak iraun zuen artean hondakinetan geratu zela II. Mundu Gerran suntsitutako erdigune monumentala, agintari komunisten lehentasuna biztanleentzako auzoak eta industria berreraikitzea izan zelako.

Egilea: Agus Perez
Dresdengo hondakinak 1991. urtean

Horrenbestez, ekimenean parte hartzen duten konpainiek ibilbide mamitsua egingo dute kontinentean zehar eta, egitasmoaren hari eroalea identitatea izanik, gai horren inguruan hausnartzeko parada edukiko dute lekuan lekuko ikusleek.

Egungo garaiei dagokien bezala, askotarikoak izan dira lau proposamenetan erabilitako lengoaiak