Hazi ez; ezin eutsi

2012ko murrizketak. GARIKOITZ GOIKOETXEA, JOXAN APEZTEGIA (BERRIA)

Murrizketak: esatearen esatez maiztuta geratu da hitza. Urteko balantzea ez da dantzan hasteko modukoa: mendekotasunak dituztenek zailago dute laguntzak eskuratzea; gizarteratze errenta jasotzea gaitzagoa da; aldiz, merkeagoa da langileak kaleratzea; eta errazagoa, langabezia sariak galtzea; pentsioak ez dira gaurkotu; auzitegira jotzeagatik pagatu egin behar da; protesiak, aulki gurpildunak, larrialdietarako ez diren anbulantziak, eta botikak pagatu behar diren bezala; osasun arreta galtzeko beldurrez daude paperik gabeko immigranteak; Eguberrietako saririk ez dute jaso funtzio publikoko langileek, eta lanaldi luzeagoak dituzte; eta ikastetxeek, irakasle gutxiago ikasle gehiagorentzat…

Orain arteko mozketa gehienek gizartearen katebegi ahulenei egin diete kalte nabarmena: etorkinei, pentsiodunei, eriei, ikasleei, mendekotasunak dituztenei, langabeei… Eta kalera aterarazi ditu. Hiru greba orokor, eta elkarretaratze, manifestazio, era guztietako protesta… Nafarroan, %416 ugaritu dira murrizketen eta gobernuen erabakien aurkako protestak. Eta desordena publikoko delituak 2011n dagoeneko ugaritu egin zirela azaldu zuten fiskalek urteko bilanean.

Osasuna eta hezkuntza, mundu guztiarentzat; gizarte babesa, ahulenentzat. Oinarri horien gainean sortu eta hedatu zen ongizatearen gizartea pitzatze bidean doan seinaleak sumatzeko ere balio izan du joan den urteak. Erdi mailako klasearen ametsak urtzen hasi ziren urtea ere izan da; etxe kaleratzeak, horren adibide.

Maiek ez zuten asmatu munduaren akaberarekin. Edo agian bai, eta munduaren akabera ez da kataklismo batekin iritsiko, pixkanaka handiago eginez joango den pitzadura batengatik baizik.

Edozein kasutan, egoera ekonomikoak ez du denbora gutxian iraultzeko itxurarik. Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak esan du: bi urte eutsi behar zaio, egoera aldatzen hasteko. Berriki kooperatiba ezagun batek bazkideei emandako datuekin bat: bi urtez atzera jarraituko du ekonomiak, eta enplegua sortzen hasterako hamarkada joango da.

Barne produktu gordinaren hazkundean oinarritu den ekonomiaren ajeak dira: hazkunderik gabe, ekoizpenik ez, enplegurik ez, kontsumorik ez, finantzabideak lotzeko modurik ez, ordainketak egiteko ere ez… Epe luzerako argi gehiegi ez, eta motzerako bi errezeta ari dira ematen gobernuak eta enpresak: ikerketan eta berrikuntzan inbertitzea; eta esportatzea eta nazioartera irtetea. Mondragon Internacionaleko presidenteak esan zuen, orain bi hilabete: «Aberria egitea kanpora joatea da». Eta badoaz langileak: Perura, Marokora, Alemaniara, AEBetara, Turkiara… Immigrazioa eteten eta emigrazioa hazten hasi da, aspaldiko partez.

Hazkundea posible den, egingarri, komenigarri eta beharrezko ote den, ez da eztabaidatzen. Ezinbesteko jotzen da; baina hazkunde bedeinkatua sustatzeko ere eskuak lotuta dituzte administrazio publikoek, beren defizitak estali beharrez; eta ezin da aldi berean hazi eta eutsi. Madrilen ahotik, Europak agintzen du, erakunde publikoek gastua murriztu eta austeritatea ezarri behar dutela zehazteko. Eta PPko gobernuaren neurriei aurka egin dieten administrazioek galdu egin dituzte auziak. Egingo dituzte murrizketa gehiago; erakunde publiko guztiek aitortu dute, gehiegi zehaztu gabe. Hazkundea hitza auskalo, baina Murrizketak behintzat hiztegian ongi finkatuta gelditu da, puska baterako.

Leave a Comment.