Zeinen hondakinak bedeinkatuko ditu Europak?

Janez Potocnik, Europako Batasuneko Ingurumen kontseilaria. EUROPAKO BATASUNA

Europaren bedeinkazioaren bila ari dira nola batzuk, hala besteak, hondakinak kudeatzeko politikaren inguruan. Martxoaren 7an Gipuzkoako Diputazioko ordezkariak izan ziren Bruselan, eta nabarmendu zuten beren asmoak goraipatu zituela Janez Potocnik Europako Ingurumen komisarioak. Aste honetan, Potocnik elkarrizketatu duenez Noticias de Gipuzkoa kazetak, EAJren GBBko ordezkariak izan dira komisarioaren hitzak nabarmendu dituztenak: «Errausketa teknika segurua da». Bihar, berriz, Iñaki Errazkin Gipuzkoako Ingurumen diputatua Italian izango da, Rockefeller fundazioak gonbidatuta, zero zabor estrategiari buruz hizketan. «Nabarmena da Gipuzkoako esperientzia erreferentzia bihurtzen ari dela nazioartean», esan du aldundiak.

Baina Europak nor bedeinkatu du? Bada, Europako Batasunaren tradizioari eutsiz, inor ez eta denak. «Errausketa izan daiteke hondakinak kudeatzeko estrategia baten elementu bat». «Baina urrun dago hierarkiaren lehen lerrotik». Biak, Potocniken esanak. Ezin da begietatik kendu Bruselan ehunka eta ehunka lobby edo presio talde daudela. Horrela erditzen dituzte legeak, zuzentarauak eta gomendioak: denen gusturako, eta inor ez asetzeko moduan.

Uneotan, 2008an onartutako zuzentaraua da, hondakinen kudeaketarako, Europaren iparra. Araudi hark argi zehazten zituen hondakinentzako lehentasunak: gutxiago sortu behar dira, berrerabili egin behar dira, eta birziklatu egin behar dira. Eta ezin bada, erraustu daitezke, energia sortzeko ahal bada. Eta ezin bada, zabortegietara eraman beharko dira, beste erremediorik ez eta. Baina zuzentarauak berak ematen du hierarkia hori hankaz gora botatzeko argudioa: hierarkiako beste aukerak erraustea baino teknikoki zailagoak, finantzatzeko zailagoak eta ingurumenarentzat kaltegarriagoak badira, zuzenean pasatu liteke erraustera. Hierarkia hankaz gora utzita, posible da erraustea, beraz. Bistan da errausketa sustatu nahi duten lobby eta estatuei eginiko keinua dela hierarkiaren klausula hori.

Emaitza: 2008tik hona, estatu gehienek beren legeetan txertatu dute zuzentarau hori, baina birziklatze tasek apenas egin duten gora. Errausketak bai, ordea.

Horregatik, ez dira harritzekoak Potockinek Gipuzkoako kazetari emandako erantzunak: «Herrialde batzuek gehiegizko ahalmena dute errausteko, eta horrek esan nahi du hondakinen kopuru gehiegizko bat errausten dela; horrek zailtasunak jartzen dizkie beste kudeaketa aukera batzuei, birziklapenari adibidez. Baina errausketa teknika segurua da, onurak ekar diezazkioke gizarteari». Denak pozik, inor ez kontentu.

Oreka zaila du Potocnikek. Europako Batasuneko kide diren estatu bat eta bakoitza ase behar ditu. Aurrera eginarazteko gidalerroak eman behar dizkie, baina inor behartu gabe.

Egoskortu antzean sumatzen zaio, hala ere. Iazko maiatzean agiri inportante bat onartu zuen Europak, Ingurumen komisarioaren eraginez. 2020rako hondakinak «baliabide gisa» kudeatzea agintzen du agiri horrek. Beste urrats bat egin zuen gero Potocnikek, eta zehaztu zuen birziklatu ezin diren hondakinak soilik erraustu behar direla errauste plantetan —orain ika-mikarako motiboa da ea hondakinen ehuneko zenbat birzikla daitekeen, nahiz Gipuzkoako Diputazioaren ikerketa batek zehaztu duen %81 birzikla daitezkeela—.

Bestalde, birziklatze eta konpostatze datu txarrenak dituzten estatuei ohartarazpenak bidali dizkie Potocnikek, eta haietako batzuekin bilera egin zuen joan den asteartean. Iradoki zien, «adibidez», aztertu beharko luketela hondakinak zabortegira edo erraustera eramateagatik zergak jartzeko aukera. Baita hondakinak zabortegietara edo errauste plantetara eramatea debekatzea ere. Betiere, posibilitateez ari da Ingurumen komisarioa, baina urrats bat gora egin du.

Atzo beste eztabaida bat jarri zuen mahaiaren gainean Iosu Madariaga Bizkaiko Ingurumen diputatuak, BERRIAri eman zion elkarrizketarekin: agian, Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak aski dute errauste planta bakar bat, Zabalgarbi alegia. Aztertu beharreko ideia iruditzen zaiola esan zuen. Ana Oregi Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuak ere asmoa agertu du hondakinen plan bat egiteko. Badirudi hondakinen kudeaketari buruzko eztabaida Gipuzkoako EAJren eta Bilduren arteko lehiatik harago ateratzeko bidean dela.

Hala gertatuz gero, ez legoke soberan Europak emandako beste agindu bat gogora ekartzea: 2020rako, hiri hondakinen %50 birziklatu behar dira. Europak inon ez du helburu gisa jarri hondakinen ehuneko zenbat erraustu behar diren. Europak zerbait zehaztu badu, zehaztu du hondakinen ehuneko zenbat birziklatu behar diren. Euskal Herrian, gaur egun, birziklatze tasa %25 eta %35 artekoa da, eskualdearen arabera. Bada non hobetu, beraz, Europari kasu egin nahi bazaio eta haren bedeinkazioa jaso nahi bada. Birziklatzea adskripzio politikoko jokabide bihurtzeko arriskua gero eta handiagoa da, alderdi politikoen arteko liskarren eraginez hein handi batean —berriki, gizonezko bat ari zen, irratian, «Bizkaian bezala» nahi zuela esaten: «Zaborra bota, eta kito»—. Potocniken hitzek adierazten dute gustura hartuko lituzkeela adostasunak bide horretan: «Garrantzitsua da Gipuzkoan dauden posizio dibergenteak adiskidetzea, interes politikoez harago, eta interes publiko orokorra kontuan hartzea».