Tarteko bidean, txipak itsumutil

Atez atekoaren aurkako protesta, Legorretan. JON URBE (ARP)

Orpazurda hitza famatu dute asteburu honetan; Pablo Berasaluze pilotariaren Akilesen zainaz —orpazurdaz— ari ziren, finalean ustekabean hautsi zuen horretaz. Baina pilotariarena ez da izan azken asteetan hautsi den oreka bakarra; ezker abertzaleari orpazurda, Akilesen zaina, saihets babesgabea aurkitu dio EAJk: herri galdeketak. Legazpin atez atekoari buruzko galdeketa egin zutenetik, zalantza sumatzen zaio ezker abertzaleari. Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak esan du ezker abertzaleak aintzat hartuko duela herritarren hitza. Bilduk ez du xehetasun gehiago eman, oraingoz. Legazpiko udal taldeak gaur emango du bere erabakiaren berri; ikusiko da zer bide hartuko duen Bilduk.

Nolanahi den ere, zerbait aldatzen ari den seinaleak badira Gipuzkoan: hondakinen bilketari buruzko adostasunera heldu dira Elgetan, eta jarrerak gertuago daudela adierazi dute Zumaian. Atez atekoa ez baina beste sistema batzuk probatzekotan dira bi herri horietan. Lehenago, iazko urrian, ezustean iritsi zen beste albiste bat: Urnietako hiru alderdiek —EAJk, Bilduk eta PSEk— tratua egin zuten, bosgarren edukiontzia jartzeko. Helburua zehaztu behar zela, baldintza hori jarri zuen Bilduk. Adostu zuten hondakinen %65 bereizita biltzera iristea; eta bosgarren edukiontzia herri osora zabaldu zuten.

Urnietan, Bilduk esan zuen ez ziola uko egiten atez ateko bilketari, sistemarik egokiena iruditzen zaiolako, baina errespetatzen zuela udalaren gehiengoak hartutako erabakia. Elgetan, Oxel Erostarbe independentearen taldeak —jada ez da Aralarrekoa—, Bilduk eta EAJk itxi dute akordioa. Kaleko edukiontzi adimendunak jarriko dituzte —txipak izango dituzte, nork-noiz irekitzen dituen kontrolatzeko— lau hondakin frakziorentzat: organikoarentzat, plastikoentzat, errefusarentzat eta pixoihalentzat. Beste bost edukiontzi klase, berriz, irekita mantenduko dituzte: paperarena, beirarena, olioarena, pilena eta arropena. Helburua ere adostu dute: hondakinen %70-80 inguru birziklatzea. Eta galdeketa egingo dute, abenduan.

Zumaiako proposamena antzeko arrastotik doa: hondakin frakzio guztientzat txipekin funtzionatuko duten edukiontziak jartzea. Zumaian Zero Zabor taldeak egin du proposamena, hondakinei buruz eztabaidatzeko udalak antolatutako mahaian. Bilduk, EAJk, Aralarrek eta PSEk parte hartzen dute mahai horretan, baita atez atekoaren kontrako plataformak, Zumaian Zero Zabor taldeak, eta Zumaiako Natur Taldeak ere. Atzera-aurrera ibili ostean, badirudi jarrerak gerturatzen hasi direla. Sistema aztertu egin behar dela ñabartu du udalak; xehetasunak adostu behar direla, oposizioak. Ez dute ezer itxi, baina doinua berria da.

Zumaian eta Elgetan proposaturiko sistemak berriak dira, orain arte ez dituztelako jarri kaleko edukiontzi guztiak txipekin. Zer emaitza izango duten, ezin aurreratu, beraz. Baina txipak dituzten edukiontzi batzuk erabili izan dituzte lehenago ere; Lazkaon, adibidez, materia organikoaren edukiontziek txipak dituzte —hiri hondakin guztien %50 inguru bereizita biltzera iritsi dira modu horretan—. Bosgarren edukiontzi soila erabiltzen ari diren herrietan nekez iristen dira %40 bereizita jasotzera. Atez atekoarekin ari diren herrietan, berriz, %70etik gorakoa da bilketa selektiboa —Antzuolan eta Itsasondon %90etik gertu dabiltza—.

Paradoxa bat geratu da agerian: datu onenak eman dituen bilketa da aurkakotasun gehien eragiten dituena, publikoki eta mediatikoki bederen —atez atekoa duten herrietan ere istiluak izan ziren hasieran, baina baretuta daude aspaldian—. Orain, orpazurda ukituta, birziklatze tasa apalagoak eman ditzaketen bilketak probatzeko prest agertu da Bildu, tarteko bidetik. Baina ez dio uko egin errauste plantaren lanak bertan behera uzteko asmoari —atzo bi kontratu eten zituen hondakinen partzuergoak, irregulartasunak antzemanda—. Errauste planta gelditzekotan, ordea, birziklatze tasak handitzea lortu behar du Bilduk, ez dio tarteko bideak balio. Ikusteko dago txipak lagun edo traba izango dituen bide horretan.

Utzikeriaren apologia

Iñaki Azkuna, Bizkaiko TMB plantan. JON HERNAEZ (ARP)

Hondakinak kudeatzeko Gipuzkoako Diputazioak egin zuen lehen plan hark, 2002koak, argi utzi zituen hondakinen bilketa modua aldatzearen arriskuak: «Materia organikoa gaika biltzearen ezarpenak esfortzu bat eskatzen die herritarrei, gutxienez bost frakzio bereizi beharko lituzketelako. (…) Gizarteak birziklatze eskema berriarekiko atxikimendua galtzeko arriskua erreala da, eta ezin da gutxietsi». Hondakinen planak esaten zuen, beraz, herritarrak materia organikoa bereiztera behartzea arriskutsua izan zitekeela, aurka jar daitezkeelako. Hori jakinik, materia organikoaren bilketa sistema baten aurka egiteak arriskuak handitzen ditu; bistan dena. Oposizioa egiten bada, oposizioa indartzen da, eta sistemak huts egiteko aukerak handitzen: bosgarren edukiontziaren aurka kanpaina eginez gero, organiko gutxiago jasoko da; atez atekoaren aurka kanpaina eginez gero, hondakin gutxiago jasoko dira bereizita.

Arrisku horiez badakite erakunde publikoek, birziklatze tasak eskuetan dituztelako: birziklatzea politikoki zuzena izan liteke, baina etxeetako hondakinen %40 baino gehiago ez dira birziklatzen inon, salbu eta atez ateko bilketa duten herrietan. Herritarrek berez birziklatzeko joera masiborik ez dutela —eta behartuz gero aurka jar daitezkeela— jakinik, erakunde publikoek borondatearen esku utzi dute birziklatzea urte luzez, eta kanpainak egin izan dituzte, maiz antzean, hondakinak birziklatzearen alde. Politikoak ere politikoki zuzena denaren eremuan mintzatzen dira, herritarrak birziklatzera animatuz. Birziklatzea horixe baita, zer politikoki zuzen bat, euskara den bezala: egitera behartzen ez den bitartean, denak alde.

Berriki zuzentasunaren muga gainditu zuen Iñaki Azkuna Bilboko alkateak: «Hemen [Bizkaian], zabor poltsa edukiontzira bota besterik ez dugu egin behar, buruhausterik gabe». Politikoki zuzenaren marra kilometro batzuk harago eraman zuen, utzikeriaren apologia eginez nolabait. Hilabete joan da; inork ez ditu zuzendu Bilboko alkatearen hitzak. Birziklatzeko asmorik ez duenak laguntza gutxi behar badu, halako adierazpenekin nekez iritsiko dira birziklatze tasa handiagoak.

Aste honetan, atez ateko bilketaren kontrako erasoak gertatu dira Gipuzkoan, lehen aldiz. Hondakinen kudeaketa planak 2002an esaten zuena betetzeko bidea hartzen ari dela ematen du: «Gizarteak birziklatze eskema berriarekiko atxikimendua galtzeko arriskua erreala da». Alderdien artean sortu den ika-mikarekin, zail da esaten zeinek irabaziko dituen botoak, baina erraz da sumatzen zeri kalte egingo dion: birziklatze tasari. Eta utzikeriaren apologiak ez du lagunduko.