Errespetuak gaztelaniaz hitz egiten du

Ertzaintzaren kontrol bat.

«Gabon». Ertzain bat, gaztea, ari zaigu hizketan. Gauerdia pasea da, Gipuzkoako herri batean gaude, errotonda baten erdian geldi, alkohola neurtzeko kontrol batean; ni noa gidari.

«¿De dónde vienen?». Ez dakigu zergatik pasatu den erdarara, baina erantzun diogu. Arazorik ez.

Argi ziriarekin autoa miatzen ari da kanpoaldetik, eta, errotondaren erdian gaudenez, galdetu diot, euskaraz, ea gelditu edo baztertu behar ote dugun. Itxoiteko erantzun digu, gaztelaniaz, begiratzen ari dela.

Berriro ere gaztelaniaz, galdetu digu autoaren azterketa teknikoa garaian egin ote genuen. Pegatina hortxe dauka, aurreko kristalean. «Bai», esan diot euskaraz, buruarekin pegatinara keinu eginez.

Ikustera doa.

Itzuli da.

«La próxima vez, caballero, me habla en castellano, por respeto. Y ahora, pueden continuar».

«Eskerrik asko» esanda agurtu nintzen, hain nengoen jota. «Eskerrik asko»? Bai: «Eskerrik asko». Euskaldunok errespetu handia diegu beste hizkuntzak hitz egiten dituztenei.

Lapidazioa Irunen

Irungo alardea

Lapidazio bat Sudanen (demagun) oso gauza ikaragarria da. Gizonezkoak, emakume baten bueltan jarrita, irainka, harrika, emakumea lehertzen. Lapidazio baten aurka, Sudanen bada (adibidez), hasiko dira sinadurak biltzen Interneten, eta nazioarteko diplomazia hariak mugitzen. Eraso fisikoak beti izaten dira ikusteko gogorragoak eta salatzeko errazagoak, eta etxetik urrun direnean gehiago; lapidazio sinbolikoak ere badaude ordea, eta ez dago Afrikara joan beharrik halakoak ikusteko. Demagun Irunen, adibidez Hondarribian, emakume eta gizon talde bat plaza publikoan iraintzea, mehatxatzea, jotzea… eta gero «festa handia» arazorik gabe eta «normal-normal» iragan dela esatea, lapidazio modu bat da. Zer eta, haizemaile batekin jendea agurtu beharrean, txistua jo edo eskopetarekin tiro egin nahi dutelako. Kanpoko behatzaile batek absurdotzat joko luke, iraingarritzat beharbada, baina errepikatzearen errepikatzez alarde mistoak mehatxatzea, iraintzea eta sinbolikoki lapidatzea «normaltasun» bihurtu da.

Hain normal bihurtu da, igandean pertsona talde bati eraso egin ziotela Irunen, eta inork ez duela salatu gertatutakoa. Inork ez. Lau egun behar izan dira, eta Landetxa konpainiak berak atera behar izan du prentsaren aurrera, argazkiekin. Erasoa jasan dutenak hain bakar agertzeak ere badu karga sinbolikoa: Sudanen (esaterako), lapidatutako andreak agertzen diren bezain bakar agertu dira prentsaren aurrera.

Emakumeen eskubideek eta osotasun fisiko-psikikoak baino puskaz gehiago balio dute botoek Hondarribian eta Irunen. Botokrazia dei zitekeen. Ez dio axola handirik alarde parekideak nahi dituzten herritarrei zer gertatzen zaien. Hainbeste urte joan dira alarde parekideak desfilatzen hasi zirenetik, eta denetik ikusi behar izan dute haietan dabiltzanek. Erasotzaileak, aldiz, ez dituzte inoiz zigortu. Alderdi politikoen eta administrazio publikoen erreakzioak, berriz, neurritsuegiak izan ohi dira; norbere lerroko boto-emaileak gehiegi ez aztoratzeko gisakoak. Baina gaur eta hemen onar al liteke lapidazio sinbolikoak gertatzea eta ia klase politiko guztiak beste aldera begiratzea, ezer gertatu ez balitz bezala?