Abuztu beroa, udazken goria

Bidegi

Akusazioa larria da. Izango du azalpenen bat agian, baina ez da erraz esplikatzekoa zergatik ordaindu behar dion administrazio publikoak enpresa pribatu bati gastuak baino %7,7 gehiago urtero. Akusazioa larria, eta erabakia, salomonikoa: AP8aren kudeaketa kontratua aurten bertan bukatzen zitzaion Bidelani. Kontratua amaitu aurretik auzitegira jotzeak erakusten du bi aldeen artean gaiztotua dagoela giroa.

Ez da oraingo kontua. 2011ko hauteskundeak egin eta gero, diputazioa aldatuta, jakinarazi zuten Bidegik 900 milioi euroko zorra zuela eta hauteskunde bezperan sinatu zutela zor horren ia erdia bankuekin (400 milioi euro). Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, gerora, ohartarazi izan du diputazioak 2009an eta 2010ean errepideetan egin zituen obretan gainkostu larriak zeudela, hasierako aurrekontuak %38 eta %65 artean garestitu zirela errepide batzuetan. Bidegin ustez galdutako eta gero agertutako fakturen auzia etorri zen gero —langile batzuei ordainketa irregularrak egin zizkietela eta 42 laguni 6.200 euroko otordu bat pagatu zietela esan du aldundiak—. Norbaitek Bidegiko agiri batzuk ordenagailuetatik «ezabatu» zituela ere salatu izan du diputazioak.

Giro horretan, Bidegiren eskumenak aldatzeko prozedura hasi zuen aldundiak. Martxoan. Orain ikusi da errepideen kudeaketa administrazio publikoaren kontrolpean jartzeko asmoa duela. Pentsatzekoa da: enpresek ez dute gogo onez hartuko. Eraikuntza eta zerbitzu enpresek Gipuzkoan zituzten kontratu handienak airean utzi baititu aldundiak. Izan ere, gizarte gaietarako gastua kenduta —mendekotasun eta larrialdi laguntzak, pentsioen osagarriak…—, errepideak eta errauste planta ziren Gipuzkoako Diputazioak azpiegituretan egin behar zituen gastu handienak. Errauste plantako obrak uztailean geldituta —ikusteko dago epaitegiek eta EAEko fiskal nagusiak zer egingo duten; errauste planta finantzatzeko swap-en gaia ere auzitegian da—, orain Bidelanen kontratua eramango du epailearen aurrera. Itxura du urte politikoa hasi dela Gipuzkoan, eta auzitegietan berotuko dela.

Kontrol publikoa, lurrunduta

Zubietako errauste plantaren plataforma

Arrazoi batengatik edo bestearengatik, sozietate publikoak eratzea interesgarria izan liteke administrazio publikoentzat. Arrazoiak egon litezke. Eta praktika egokiak badira. Baina sozietate publikoek, aldi berean, itzalak hedatzen dituzte jardun publikoan.

Esaterako: sozietate anonimo unipertsonal gisa eratu zuten GHK. Horrek ekarri zuen, besteak beste, langile guztiak hatzarekin kontratatzea. Sozietate anonimo unipertsonalek, publikoak izan arren, eta erabiliko duten dirutza guztia ere publikoa izan arren, ez dute lehiaketa publikoen baldintzak bete beharrik langileak kontratatzeko. Legezkoa da. Langile horien soldatak ere kontrol publikotik kanpo geratzen dira; PPk salatu izan du kargudun publiko batzuek baino gehiago ere kobratzen dutela sozietate publiko batzuetako zuzendariek eta langileek.

Baina ez soldatetan eta kontratazioetan bakarrik. Fiskalizatzeko ere gaitzago bihurtzen dira sozietate anonimo publikoak. Praktikan, administrazio publikoak egin beharko lituzkeen lanak egiten dituzte, baina lan horien inguruko bileren aktak, adibidez, ez dira normalean herritarren esku egoten. Kontuak eskatzea ere zailago da horrela. Sozietate horiek egiten duten gastuaren kontrola ere nekezagoa da.

Zubietako errauste planta eraikitzeko ehunka milioi gastatzeko asmoa zuten Gipuzkoako Diputazioak eta erakunde publikoek duela bi urte arte. Dirutza hori kudeatu behar zuen enpresa publikoa zertan aritu den, zer bilera egin dituen, akta horiek non dauden, dirua nola gastatu den… jakitea, ordea, izugarri gaitza da.

EAEko fiskal nagusiak uda honetan jakinarazi du ikertu egingo duela GHK, errauste plantaren obrak gelditzeak «desfase ekonomiko handia» ekar dezakeelakoan, eta dirua oker erabili delakoan. Erronkari eusten badio, izango du zer ikertua.