Ukabilkada bat

Igor Susaeta

Filma: Uroki garmonii (Harmony Lessons)
Saila: Zabaltegi

Emir Baigazin 29 urteko zinemagile kazakhstandarraren aurreneko pelikulako ukabilkada baten modukoa da. Hotz-hotza. Bihotzik gabea, eta, hain zuzen, bihotzean bertan min ematen duena.

Aslan 13 urteko nerabearen istorioa kontatzen du. Kazakhstango estepa amaigabeetako herrixka baten aldirietan bizi da amonarekin batera, eta eskolatik etxera, eta etxe ezin soilago horretatik eskolara besterik ez du egiten. Tira, ardiak eta izoztutako ibaieko arrainak ere akabatu beharra dauzka elikatzeko.

Ikasle saiatu eta azkarra da, eta, beharbada horregatik, ikaskideek segada bat jarriko diote. Aslanek amua irentsiko du, eta ahulezia erakutsi izana nahikoa motibo izango da, harrigarria bada ere, lagunik gabe gelditzeko. Izan ere, Bolat estortsionatzaile maltzurraren aginduz, inork ezingo du aurrerantzean harekin hitz egin.

Berea egiten jarraituko du Aslanek: ikasten, animaliekin esperimentatzen, eskolara joaten, etxera itzultzen… Harik eta ikaskide bat, Mirsayani hiritarra, eskolara iritsiko den arte. Aslanen laguna egingo da, eta horrek Bolat mafioso itxurako txotxongile nerabea sutuko da. Mirsayani ez da, ordea, kikiltzen den horietakoa. Aslan eta bera, ordea, bakarrik daude munduaren aurrean. Aslanek, hortaz, plan bat diseinatuko du, esperimentazioa eta mendeku gosea uztartuko dituena.

Soila da Baigazinek erritmo geldoan narratzen duena, baina sakontasun handikoa. Kazakhstango gizartearen argazki krudel antzeko bat ere bada; eta a zer nolakoa argazkia. Planok askok, bai kanpokoek eta baita barrukoek ere, margolan itxura dute (Berlingo zinema jaialdian argazki onenaren saria eman zioten). Eta hotza, sekulako hotza transmitzen dute.

Puntuazioa: 7,5

61.Zinemaldia eta esker oneko hitz batzuk

Urtzi Urkizu

Iazkoa demasa izan zen. Bost Donostia sari, bost izar handi. Hollywood erdia Gipuzkoako hiriburura etorri zela ematen zuen. 60. Zinemaldiak sekulako oihartzuna izan zuen. Film onak ikusi ziren, eta ohi bezala, beste batzuk ez hain onak.

Eta iazkoaren ostean, bagenekien aurtengoak ezin zuela hura gainditu. Sos gutxiago izango zuela zuzendaritzak. Izar gutxiago etorriko zirela Donostiara. Zalantza zen filmen maila nolakoa izango zen. Esan dezagun, batez besteko maila ertaina izan da. Ez dira film txar txarrak ikusi, baina lilura handia sortu dutenak ere ez. Beste Zinemaldi bat gehiago izan da 61. hau.

Ezustekoak ez dira asko izan. Baina ausardia erakutsi dute zenbait zinemagilek. Esate baterako, ‘Asier ETA biok’ dokumentalak harrera beroa jaso du ikus-entzuleen artean. Aitor Merino izan da egunotako protagonistetako bat, eta ‘Zurriolako butaka’ saioan elkarrizketatu zuen Gorka Erostarbek irailaren 21ean: http://www.berria.eus/berriatb/1880/

Beste ezusteko eder bat ‘Zela Trovke’ film laburrarena izan da. Xumea bezain indartsua. Asier Altunak ‘Zurriolako butaka’-n esan zuen film laburrak direla zinemaren etorkizuna. Adi egon beharko dugu Altunaren iragarpenarekin. Altunaren elkarrizketa: http://www.berria.eus/berriatb/1875/

Euskarazko fikziozko film bakarra ‘Amaren eskuak’ izan da, Karmele Jaioren liburu ederrean oinarritutakoa. Euskal Zinemaren Galan aurkeztu zuten. Aurrez ikusteko aukera izan genuen, baina Zinemaldiaren zuzendaritzari kritikatxoa egin nahiko genioke, ez zutelako prentsarako emanaldirik egin. Mireia Gabilondo zuzendaria eta Ainara Gurrutxaga aktore protagonista Gorka Erostarberekin izan ziren solasean estreinaldiaren egunean: http://www.berria.eus/berriatb/1887/

Dokumental interesgarriak ikusi ahal izan ditugu Zinemaldian, ondo egindakoak, gainera: bat Zumetari buruzkoa (http://www.berria.eus/berriatb/1882/), beste bat naziak Euskal Herrian izan ziren garaiari buruzkoa (http://www.berria.eus/berriatb/1885/), alardeari buruzkoa beste bat (http://www.berria.eus/berriatb/1893/) eta existitzen ez diren zaratak entzuten diren pertsonei buruzkoa azkena (http://www.berria.eus/berriatb/1901/).

Pozez hartu dugun beste gertakari bat izan da Juanba Berasategi euskarazko animazioaren aitzindariak Zinemira saria jasotzea. Zurriolako butakara etorri zen, saria jaso ostean gaua luzatu eta hurrengo goizean: http://www.berria.eus/berriatb/1890/

Euskal Herritik kanpoko filmekin ere difrutatu dugu une jakin batzuekin. Barre tajuz egin genuen, adibidez, Bertrand Tavernierren ‘Quai d’Orsay’ filmarekin. Denis Villeneuven ‘Enemy’ filmak tentsioan mantendu gintuen une oro. Bidaia ederra egin genuen espazioan Alfonso Cuaronen ‘Gravity’-rekin. Beste bidaia futurista bat izan zen Terry Gilliamen ‘The Zero Theorem’-ena, bizarroagoa. Sebastian Lelioren ‘Gloria’ film txiletarraren emakumearen askatasun nahiari esker pozik irten ginen aretotik. Eta oharkabe samar pasa den Animatopia saileko ‘Metropia’ animaziozko filmak zer pentsatua eman zigun. Baina denak ez du sakona izan behar, eta irribarre tuntunak egin genituen Albert Dupontelen ‘9 mois ferme’ txolinari esker.

Izan dira Zinemaldi hobeak aurtengoa baino, film askoz hobeekin. Baina aitortu behar dugu plazer bat izan dela egunotan Donostian lan egitea ‘Zurriolako butaka’ saioa prestatzen eta ‘Basquewood’ zutabetxoa idazten.

Bi lankiderentzat aipamentxo bat ere egin nahi dut, amaitzeko: Lara Madinabeitia eta Mikel Lizarralde. Berria Telebistako saioa egitea ezinezkoa izango litzateke Madinabeitiaren lana gabe. Berriaren paperezko edizioa, berriz, aurrera atera da Lizarralderen pazientziari esker. Eskerrak ere eman nahi dizkiet ‘Zurriolako butaka’ saioan parte hartzeko prest azaldu diren zinema kritikari eta gonbidatu guztiei. Gaizki eginak barkatu, eta hurrengora arte! Gora zinema!

Bihotza dantzan

Kristina Martin

Izenburua: Prisoners
Emanaldi berezia

Hugh Jackmani Donostia Saria eman diotela aitzakia hartuta, bere pelikula berriaren emanaldi berezia egin dute Zinemaldian. Bi neskatilaren bahiketaren inguruko istorio honek bi ordu eta erdi irauten du. Ohiko thriller baten argumentua dirudi, eta asko gustatuko zitzaidanik ez nuen espero. Hala ere, jesarlekuan begiak zabal-zabalik egon gara Kursaaleko areto handia bete dugun ikusle gehienok. Minutuero tentsioari eustea lortzen du Denis Villeneuvek zuzendutako filmak. Gidoi bikainak, irudi eta hurbileko plano zainduek, musikak, pertsonaien interpretazio sinesgarriek eta eszenatokiek ederto lortzen dute ikusleak gertaera mingarri horretan murgiltzea.

Jackmanek interpretatzen duen pertsonaiaren larruan sartzen zara, bere lekuan jarri eta beren jarrera eta ekintza batzuk epaitu ere egiten dituzu. Ados egon ala ez, bere samina eta bere inpotentzia transmititzen bete-betean asmatzen du.

Gainera, detaile guztiak oso ondo lotzen ditu gidoiak eta gertaerek ezustean harrapatzen zaituzte askotan. Ez da, ez, erraza aurreikustea zer gertatuko den eta horrek egiten du interesgarri. Jake Gyllenhaalek ere bikain betetzen du Poliziaren rola. Gertaera distantziaz bizi duelaren irudia eman nahi du, baina onartzen duena baino gehiago eragiten dio. Gomendagarria.

Puntuazioa: 8

Butakara lotuta

Igor Susaeta

Filma: Prisoners
Emanaldi berezia

Gizon zeharo fededuna da Keller Dover (Hugh Hackman). Alkoholiko ohia, pick up auto baten jabea, arotza eta, aitaren agindu bati jarraiki, bere familiaren segurtasunarekin obsesionatuta dagoena. Azaroko laugarren osteguna da, Thanksgiving Day (Eskerrak emateko eguna) alegia, eta Ralph semearekin ehizan aritu eta gero, bizilagunengana joango da bazkaltzera, Grace emaztearekin, semearekin eta Anna sei urteko alabarekin.

Pozik, disfrutatzen, daude, baina halako batean Annak eta Joyk, bizilagunen zazpi urteko alabak, kalera joko dute. Ez dira itzuliko, ordea. Poliziaren eskuetan utziko dute kasua, eta lehen susmagarria desagerpenaren unean bizilagunen etxearen parean aparkatutako zegoen autokarabanako gidaria izango da.

Loki detektibeak (Jake Gyllenhaal) hartuko du kasua. Inoiz hutsik egin ez izanaren fama dauka. Ford Crown Victoria beltz batean mugitzen da, eta sarkastikoaren, are zinikoaren, itxura du. Autokarabanarebn gidaria, Alex 30 bat urteko pasatxoko gizarajoa, atxilotuko dute ihes egiteko ahalegina egiten duenean, baina galdekatu ondoren aske utziko dute.

Poliziaren jarrerak Dover sutuko du; are gehiago, aparkaleku batean Alex harrapatu eta hitz batzuk modu bortitzean aterako dizkionean. Autokarabanaren gidariak desagerketarekin zerikusia duela uste du ziur Doverrek, eta Lokirengan mesfidantza erakutsiz, bere kabuz ikertzea erabakiko du arotzak. Hortaz, bi ‘ikerketa’ abiaraziko dituzte. Bata Lokik, eta bestea erotzeko puntuan dagoen Doverrek, bere kabuz.

Thriller iluna osatu du Denis Villeneuvek. Aaron Guzikowskiren gidoia bikain josita dago eta ez dauka ageriko mezu moralistari. AEBetako herrixka horren (itxuraz, ekialdeko kostakoa) argazkiak beldurra ematen du, eman beharreko sustoak neurrian aukeratu dituzte, eta aktoreen lana txukun askoa da. Zinemagile kanadiarrak ez du ariketa artistiko berritzailerik egin, eta oso antzeko pelikulak egin izan diren arren, Seven (1995), Mystic River (2003) eta Zodiac– (2007) esaterako, ez da horregatik erakusten duena gutxietsi behar. Are gutxiago, ia bi ordu eta erdiz butakara lotzen zaituenean. Kirol epika lantzen duten ekoizpenek bezala, AEBetan egiten diren thrillerrek badaukate zerbait. Agian entretenimendu soila, baina bada zerbait.

Puntuazioa: 8

Zauriak

Mikel Lizarralde

Filma: La herida
Saila: Sail Ofiziala

Film gogorra da La herida, Fernando Franco espainiarren opera prima. FIlm gogorra kontatzen duenagatik eta baita kontatzeko moduagatik ere.

Istorio edo argumentu ohikorik apenas dauka. Baina abiapuntu bat bai: Ana anbulantzia gidaria da eta amarekin bizi da. Euren artean ia ez dago harremanik, Ana etxera iristean bere gelan sartzen baita krisketa itxita. Baina Anak badu beste arazo bat. Diagnostikatu gabeko muturreko nortasun nahasmendua du, eta horrek bere egunerokoan eragiten dio. Bere burua zauritzen du, zigarroarekin errez edo beso nahiz zangotan ebakiak eginez. Gainera Alex bere mutil-lagunarekin gauzak ez doaz ondo, bien arteko telefono deiek erakusten dutenez.

Francok Anari segitzen dio kamerarekin, haren aurpegian eta keinuetan jartzen du arreta, eta protagonistaren mina sentiarazten dio ikusleari. Marian Alvarezen interpretazio sentitu eta biluziak egiten du beste guztia.

Niretzat sorpresa ederra izan da La herida. Eta ez nintzateke harrituko sariren bat eramango balu. Are gutxiago saritua Marian Alvarez izango balitz.

Itxuraz xaloa, barruan probokatzailea

Kristina Martin

Izenburua: Jeune et Jolie (Gaztea eta polita)
Saila: Perlak

Iazko Urrezko Maskorra irabazi ostean, Francois Ozonek proposamen berria ekarri du Zinemaldira, lehiaketaz kanpo bada ere. Izenburuak dioen bezala, benetan ederra da protagonista. Marine Vacth aktore frantziarrak bete-betean asmatzen du pertsonaiaren itxurazko xalotasuna eta benetako izaera probokatzailea uztartzen bere interpretazioan.

17 urteko neska polit eta lotsati bat azaltzen da pelikularen hasieran, sexuan esperientziarik gabea. Baina udan izandako lehen sexu-esperientziak kuriositatea pizten dio eta prostituitzen hasten da. Diru asko irabazten du, baina ez du diru beharrik. Gizon helduekin oheratzen da, batzuk atsegin tratatzen dute eta beste batzuk umilatu. Berari ez diola inporta dirudi. Engantxatuta dago. Ezin du gelditu, ohiko “bezero” bat larrutan dauden bitartean bihotzeko baten ondorioz hiltzen den arte. Orduan uzten du prostituzioa. Baina Poliziaren ikerketaren ondorioz, familiak jakiten du. Hala ere, ez du damurik agertzen.

Emakume baten ikuspegitik, kosta egiten da neskaren buruan sartzea, horretan zergaitik jarraitu nahi duen eta umiliazio horiekin zergatik gozatzen duen ulertzea. Pelikulan aipatzen dute neska unibertsitarioen artean ez dela hain ezohikoa “luxuzko” prostituziora jotzea. Kezkagarria da emakumeak aurrerapauso hain gutxi eman izana. Oraindik ere dirua lortzeko biderik azkarrena prostituzioa dela jakitea.

Puntuazioa: 7

Isiltasun kodea

Kristina Martin

Izenburua: For those who can tell no tales
Saila: Ofiziala

Bosnia-Hertzegovinan izandako gerra krimenez hitz egiten du Jasmila Zbanic zuzendariak, baina ez ditu biktimen ikuspegia islatzen, bertara turismo egitera doan australiar emakume batena baizik. Ez zait oso sinesgarria iruditu turista baten bizitza erabat aztoratu dezakeela bisitatu duen herrialdean bortxaketak eta hilketak gertatu direla jakiteak.

Inozoegia da, are gutxiago 90eko hamarkadan Bosnian gertatutako sarraskia aski ezaguna dela aintzat hartuta. Ez da Afrikako edota Kaukasoko errepubliketako gatazka ahaztu horietako bat, inori axola ez diona. Balkaneetan NATOk parte hartu zuen, eta horrek nazioarteko prentsaren ikusmiran jarri zuen gerra. Handik iristen zitzaizkigun informazioa eta interpretazioa eztabaidagarriak diren arren, krimenen berri eman ziguten.

Pelikulak, ordea, oso ondo islatzen du Bosniako gizarteak, oro har, sarraski haien inguruan duen “isiltasun kodea”, zuzendariaren hitzetan. Protagonista, Kym Vercoe, Visagrad herrira doa, eta zubi zaharra monumentu ederra eta hotel erromantiko bat bisitatzen ditu, besteak beste. Inon ez dago han gertatutakoaren oroigarririk. Gero jakiten dugu zubi horretatik ehunka pertsona jaurti eta hil zituztela eta hotel hartan dozenaka emakume bortxatu eta hil zituztela.

Bidaia-liburuetan ere krimenen aipamenik ez. Dena ahaztuta. Gerra gertatu ez balitz bezala. Eta bertako herritarrei han gertatu zenari buruzko aipamena egiten dienean, urduritasuna nagusitzen da, galderek lurperatutako mamuak esnaraziko balitu bezala.

Beharbada, gehiago espero nuen film honetaz, gatazka sakonago jorratuko zuela, hango jendearen ikuspegia islatuko zuela, baina ikuspegi ezohiko horrek ere berezi egiten du.

Puntuazioa: 6

Haurrak salba lezake dena

Igor Susaeta

Filma: Mother of George
Saila: Zuzendaria Berriak

Aspalditik bizi dira Brooklynen (New York) Adenike eta Ayodele nigeriarrak. Pozik eta maiteminduta, elkarrekin ezkonduko dira Yoruba etniaren erritu guztiak goitik behera jarraituz, eta Adenike senarrari seme bat emateko prestatuko dute. Baina hilabeteak iragango dira eta emakumezkoak ezin izango du haurdun geratu. Amaginarrebaren presioa jasan beharra dauka, gainera, eta hainbat bide erabiliko ditu haurdun geratzeko ahaleginean. Edabe ‘magikoak’, sorginkeriak… Ezin, ordea.

Ayodelek egun osoa pasatzen du bere jatetxean lanean Biyi anaiarekin batera, eta zapuztuta sentitzen da etxera iristen den bakoitzean, gauero. Adenikek, gainera, sos batzuk irabaziko ditu garbitzaile gisa, mediku batek proposatutako ugaltzeko tratamendu bati ekin nahi diolako. Ayodelerentzat, baina, sumingarria da hori, bere maskulinitatea kolokan jartzen duelako emazteak. Batetik, etxetik kanpo lan egiten duelako; eta bestetik, ‘errua’ berea izan daitekeela iradokitzen diolako.

Eta amaginarrebak ekin eta ekin jarraitzen du. Une batean, beste metodo bat planteatuko dio errainari. Adenikek ezin du siniste amaginarrebak proposatzen diona, baina kasu egingo dio, beste irtenbiderik ez duela sentitzen duelako. Erabaki horrek, baina, den-dena irauli dezake.

Restless City (2011) Harlemgo kaleetan filmatu ostean, bigarren pelikula du Mother of George Andrew Dosunmu zuzendariak. Egoera deseroso baten erretratu gordina egin du, eta bai gidoiak eta baita aktoreen lanak ere berea lagundu diote pelikula on bat osatzerako orduan. Erraz ikusten da, eta harrapatu egiten zaitu, bukaera prebisiblea izan daitekeen arren.

Moda argazkilari bezala lan egin du urtetan Dosunmuk, eta hori nabari da filmean. Errekurtso artistiko gehiegi (difuminatutako irudiak, kamera geldoa, planotik ateratako elkarrizketak…) erabili ditu, beharbada, baina horrek ez du pelikulak transmititzen duen indarra ahuldu. Sundanceko jaialdian (Utah, AEB) argazki onenaren saria eman zioten aurten.

Puntuazioa: 7

Turista-aktibistaren ajeak

Igor Susaeta

Filma: For Those Who Can Tell No Tales
Saila: Sail Ofiziala

Kym dantzari australiarrak Bosniara bidaiatuko du uda batean, turista motxiladun gisa. Dena ondo prestatu du (gida-liburuak, hiztegiak, kamerak…) Hasieran liluratuta dago Sarajevoren magiarekin, Visegradeko zubiaren edertasunarekin edo hango jendearen jarrerarekin, ia denek kanguruez baino hitz egiten ez dioten arren. Ostatu bukoliko batean pasatuko du gau bat, baina ezin izango du loak hartu eta gaizki sentituko da.

Hilabete pasata Sydneyra itzultzean, jakingo du Bosniako gerran (1992-1995) 200 emakumezko bosniar-musulman bortxatu eta eraili zituztela soldadu serbiarrek ostatu hartan, eta zubi eder hura exekuzio gune bat izan zela. Aztoratuta, hiper sentsibilizatuta, bekozkoa belztuta, eta lau hilabete eskasen buruan bosniera ikasita, Visegradera bueltatuko da.

Bosniako gerraren izugarrikeriak salatu ditu berriro Jasmila Zbanic zinemagile bosniarrak, Grbavica (2006) filmean egin bezala. Orduan kontatu zuen, errealismo handiarekin, soldadu serbiarrek bortxatu zituzten emakumezko bosniar-musulmanen gerraren ondorengo bizimodua. Film hark bazuen indarra, eta ondo erakusten zuen emakumezko haiek bizitako (eta bizitzen ari ziren) kalbarioa.

Oraingoan, baina, protagonista, Kym turista-aktibista, ez da sinesgarria, eta amorragarria ere egiten da une batzuetan haren jarrera; haren jakinduria, haren epaitzeko grina. Serbiarrak ikusi ere ezin ditu egin, eta haren hiper sentikortasunak kartoizkoa dirudi.

Bestalde, dokumental bat izan zitekeen filmari falta zaizkio pertsonaia gehiago. Tira, badago bat, Sarajevoko kaleetan modu eroan dantza egiten duen gizona. Auskalo zer adierazi nahi duen pertsonaia horrekin Zbanicek.

70 minutu pasatxoko iraupena dauka, eta erraz ikusten da, baina esango nuke protagonistak berak iluntzen duela pelikula.

Puntuazioa: 5,5

Barrunbeetarako bidaia

Manex Munduate

Filma: The Railway Man
Saila: Sail Ofiziala

The Railway Man izen bereko Eric Lomaxen autobiografian oinarritutako filma da, gaztelerara Un viaje muy largo izenburuarekin itzuli dutena. Bidaia luze eta bikoitza irudikatzen du filmak, kanpokoa nahiz barnekoa.

Lomax Bigarren Mundu Gerran soldadu japoniarrek harrapatu eta lan esparru batera eraman zuten ofizial britainiarra da. Han, baldintza gogorretan bizitzeaz gain, torturak jasaten ditu. Handik urte batzuetara, Patricia ezagutu eta hartaz maitemindu ostean ezkondu egingo dira. Ingalaterrako iparraldean bizi dira, Eric jada erretiratuta dago, eta bizitza lasaia eraman zezaketen, baina ez. Iraganeko mamuak gainetik kendu ezinik darama bizitza osoa. Gerrako adiskide batek torturen lekuko izan zen soldadu japoniar bat bizirik dagoela esaten dionean jada ez dagoela zer eginik erantzuten dio. Handik gutxira lagunak bere buruaz beste egingo du, eta Loxman barnean preso dituen mamuei aurre egin beharrean aurkituko da.

Egiazko ekintzetan oinarritutako film guztietan gertatu ez arren, hau oso egiantzekoa suertatu zait. Karga sentimental dezentea izanagatik orekatua da: ez sinpleegia, ezta exageratuegia ere. Tenpusari dagokionez, denboran zeharreko jauziak egonagatik ez dago eten garbirik. Ekintzak erritmo egokian gertatzen dira gauzak bere bidean doaz, eta modu egokian uztartzen dira emozioen adierazpenekin. Bi ordutik gora irauten badu ere, ez zait astuna iruditu. Aktoreen papera ere, Colin Faith eta Nicole Kidman izen hutsei erreparatu gabe, nabarmentzekoa da, ongi asmatu dute emozioak islatzen. Niri, behinik behin, iritsi zaizkit.

Noski gertakarien ikuspegietako bat dela, are gehiago Lomaxen liburuan oinarrituta dagoela, eta filmeko lan taldeak bikotea harreman estua izateraino ezagutu duela jakinda. Hala ere, gurean baliagarriak izan daitezkeen ideiak islatzen dituelakoan nago: bai torturaren gaiari dagokionean eta baita bizikidetzari erreparatuz ere. Lomaxen autobiografia irakurtzeko gogoz utzi nau. Lan duina.

8?