Istorio hunkigarria eta garbia

Kristina Martin
Filma: Futbolin
Saila: Sail Ofiziala

Jose Luis Campanellaren pelikula berriak Zinemaldiko Sail Ofiziala zabaldu du, lehiaketaz kanpo dagoen arren. Animaziozkoa eta futbolari buruzkoa da. Istorio hunkigarri horretako pertsonaiek balore positiboak islatzen dituzte: laguntasuna, elkartasuna, taldearen garrantzia, ausardia, ohorea, itxaropena… Eta elkarrizketek umore puntu politak dauzkate. Argentinarrek euren buruei buruz barre egiteko duten gaitasuna agerian uzten du Campanellak.

Emakumeari buruz islatzen duen irudia, ostera, ez da oso egokia. Lauraren papera, Amadeo protagonistaren gustuko neska ederra, “apaingarria” da. Amadeo kitzikatu eta mugiarazten duena da, baina, momentu garrantsitzuenetan, bigarren mailan gelditzen da. Herritarren balentrian ikuslea da, eta futbol partidan parte hartzen duen emakume bakarrak gizonezkoen itxura du, bibotea eta guzti. Ez da printzesen pelikuletako irudi hutsal bera, baina pauso bat gehiago eman zezakeen, nire ustez.

Bestela, oso pelikula egokia da umeekin batera ikusteko, futbolzaleak baldin badira, askoz hobeto. Sentimendu eta helburu garbiak nagusi ateratzen dira pelikula honetan. Dirua, inbidia, maltzurkeria eta berekoikeria, galtzaile. Ez da bizitzan maiz gertatzen, baina amets egitea doakoa da eta, zergatik ez, osasungarria.

Puntuazioa: 7

Hil usaina du Ciudad Juarezek

Igor Susaeta
Filma: Narco Cultura
Saila: Perlak

Mexikarren, eta, bide batez, pertsonen arteko kontrasteak kontatu ditu Shaul Schwarz Israelgo argazkilari-erreportariak dokumental honetan.

Alde batetik, Ciudad Juarezeko auzitegiko medikuaren ibileren berri ematen du. 2006an drogaren gerra deiturikoa lehertu zenetik, nabarmenn gora egin du hildako kopuruak hirian, eta lanez lepo dabil Richi. 2011an 3.600 pertsonatik gora eraili zituzten, Mexiko eta AEBetan mugan dagoen hirian. Narkoek haien artean eta agintariekin daukaten gerrak herritar xumeak ere eraman ditu aurrean.

Beste aldetik, narko-korrido talde baten kantariaren bizitza erakusten du. Los Angelesen bizi da eta liluratuta dago narkoen bizimoduarekin. Pistolak, drogak, erailketa odoltsuak, mendekuak… Horri kantatzen diote Los Buknas de Culiacan taldekoek, eta sekulako arrakasta daukate AEBetako mexikarren artean, izan nahiko luketeena ordezkatzen baitute narkoek. Ez dira, ordea, inoiz Mexikon bizi izan…

Richi, aldiz, liluratuta dago AEBekin. El Paso (Texas) hiriarekin muga egiten du Ciudad Juarezek, eta hara joan nahi du bizitzera. Bost erailketa baino ez dira egoten urtean… Baina badaki zeregin bat daukala, eta tokiz aldatzea pentsatzen duen bakoitzean, herriminak esnatzen du ametsetik. Kantariak ez dauka hainbeste hausnartzeko denborarik, ez daki-eta Ciudad Juarezen zer gertatzen den.

Hangoek bai, ordea. Negar egiten diete hildako semeei, haurrei, familiako kideei… Eta justizia eskatzen dute. Baina ez daukate konfiantzarik agintariengan, eta egoerak noiz arte iraungo duen galdetzen diote elkarri.

Dokumental txukuna osatu du Schawarzek. Onaren eta txarraren artean egiten duen bereizketa nabarmenegia da, beharbada, eta ordu eta erdira iritsiko ez balitz ere nahikoa izango zukeen. Halere, irudiei eta testigantzei esker transmititzen du zer bizi duten egunero Ciudad Juarezen. Jorge lagunak zera esaten zuen: “Munduko hiririk arriskutsuena da”. Bazekien zer esaten ari zen, han jaio eta bizitakoa baitzen.

Puntuazioa: 6,5.