Argentinako txinatarrak eta untxiak

Igor Susaeta

Filma: Mujer Conejo
Saila: Zabaltegi

Ondoko elementuak sartu ditu Veronica Chenek kokteleran: untxi mutanteak, Buenos Airesko mafia txinatarra, jatorri txinatarreko emakumezko inspektore erakargarri eta zorrotza, arrazakeria, ustelkeria, marrazki bizidun odoltsuak, ezinezko amodio istorio bat, Panpako cowboy-ak, Sam Peckinpahren Straw Dogs-eko tiroketa… Eta beste. Osagai gehiegi, beharbada, 80 minutu pasatxotan digestioa behar bezala eta haizerik gabe egiteko. Mujer conejo thriller bat da, baina esango nuke nekez lortuko duela ikuslea eserlekura lotzea.

Eta badauka eskarmentua zinemagile argentinarrak. Vagon fumador (2001) eta Agua (2006) filmak, esaterako, munduaren luze zabaleko jaialdietan erakutsi zituen; eta arrakastaz, gainera.

Donostian aurkeztu duen filmari falta zaio zerbait; edo gauza askotxo, agian. Kontatzen du Ana Yang Buenos Airesko udaleko inspektorearen bizitza. Jatorri txinatarra dauka eta bera arduratzen da hazten ari den auzo txinatarrean ikuskapenak egiteaz. Ez du, ordea, txineraz egiten, eta txinatarrek errezeloz begiratzen diote. Are gehiago, eraikin bateko irregulartasunak salatu eta jabeari, Wang jaunari, baimena ukatuko dionean. Orduan aldatuko da Ana Yangen bizitza.

Ustelkeriari eta Alonsoren ezinezko amodioari ihes egiteko, Panpara alde egingo du, etxola zahar batera. Han, untxi mutanteak ikusita, konturatuko da Wang jaunak toki guztietako hariak mugitu ditzakela.

Post data: Panpako pertsonaietako bi euskaldunak dira eta bizkaieraz egiten dute.

Puntuazioa: 5,5

Irakaslea (eta aktorea)

Filma: ‘Enemy’
Saila: Sail Ofiziala
Mikel Lizarralde

Adam historia irakaslea da unibertsitatean, eta bere bizitza errutinari lotua azaltzen da. Eskolak eman, sexu harreman gatazkatsuak izan bikotekidearekin, eta ezer gutxi gehiago… Egun bat eta bestea berdinak dira beretzat. Antzematen zaio ez duela ilusiorik, bizitza bera pisutsua egiten zaiola. Halako batean unibertsitateko lankide batek film bat alokatzeko gomendatuko dion arte. Oharkabean ikusiko du filma, baina gauean, ametsetan esnatuko da, filmean bere berdin-berdina den aktore bat ikusi duelakoan. Berriro jarriko da pantaila aurrean, eta han azalduko da bere doblea. Hortik aurrera haren bila hasiko da, eta ezagutu ezagutuko du. Baita haren emaztea ere, haurdun dagoena.

Denis Villeneuvek ez du azalpenik ematen. Nor da aktorea? Pertsona bera dira biak? Zer nahi du Anthonyk (aktoreak)?. Tentsio graduatu batekin, eta isilune luzeekin, Adamen bilaketa prozesua erakusten du zuzendariak. Zeinen bila ari da? Villeneuvek ez du erantzunik ematen. Pista batzuk barreiatzen ditu, baina ikusleari esfortzu bat eskatzen dio pantailan ikusten ari dena asimilatzeko. David Lynchen eta David Cronenbergen eremuetara hurbiltzen da haien lan batzuen hermetismorik gabe -Isabella Rosellini agertzea ere keinu gisa uler liteke?-, eta galdera uzten du airean? Zer gertatu da? Zer esan nahi du amaieran azaltzen den horrek (Spoilerrik ez…).

Dagoeneko badago #61zinemaldia-ko parrokia banatu duen filma. Handinahi eta hutsa izango da askorentzat. Ni tentsioan izan nau denbora guztian. Gustatu zait.

Eta gainera Donnie Darko azaltzen da.