Ustelkeria hezurretaraino barneratuta

Kristina Martin

Filma: Pozitia Copilului (Child’s Pose)
Saila: Perlak

Errumaniako gizarteak erabat barneratuta duen ustelkeria kultura islatu nahian dabil Calin Peter Netzer pelikula honekin. Burgesiaren familia bateko semeak, Barbuk, auto istripu batean hiltzen du 14 urteko mutiko bat. Abiadura mugatik gora zihoan eta, gainera, ez zen mutikoa laguntzeko gelditu.

Ezbeharraren berri izan bezain laster, Cornelia, Barburen ama kontrolatzailea, ikerketako arduradunen artean dituen harremanak baliatzen hasten da bere semea expetxera joan behar ez izateko. Pelikula osoan, Barburen familia ez da hildako nerabearen familiaren larruan jartzen. Barburen ekintza garbitzeko dirua eta kontaktuak dituzte eta, kontzientziako kargurik gabe, buru belarri jartzen dira denak. Gainera, hildako mutikoaren familia xumea da, eta, horregatik, hasiera-hasieratik segurutzat jotzen dute lortuko dutela arduradun guztiak manipulatzea eta justizia gainditzea. Okerrena da hala dela.

Bitartean, Barbuk, nortasunik gabeko gizonak, ama kontrolatzailearen ekimena kritikatzen du, baina ez du ere erabat arbuiatzen. “Utzi pakean, ez egin ezer”, esaten dio amari, baina, azken finean, badaki bere arduraz libratzeko modu bakarra dela Corneliari egiten uztea.

Burgesiako familia ahalguztidunaren berekoikeriak, biktimarekiko enpatiarik ezak, Poliziaren ikerketa, analisiak, lekukoak haien interesean baliatzeko duten segurtasun horrek nazka ematen dute. Errumaniako gizartearen isla baldin bada, zoritxarrekoak bertako herritar xumeak.

Puntuazioa: 7

Boteretsuen enpatia falta


Igor Susaeta

Filma: Pozitia Copilului / Child’s Pose
Saila: Perlak

Corneliari bost inporta zaio Barbu bere semeak zer pentsatzen duen, zer nahi duen. Ondoan eta salbu mantendu nahi du, kosta ahala kosta, Bucaresteko high society-aren enbor usteletan familiaren posizioa orbanik gabe mantentze aldera.

Kontua da Barbuk 14 urteko ume bat, Mihai, hil duela auto istripu batean. Baimendutako abiaduraz gaindi zihoan Barburen Audia martxoko gau ilun batean, baina Corneliak ez du semearen errua onartuko. Dauzkan kontaktuak baliatuta, edonor erosteko prest dago; baita Mihairen familia txiroa ere. Poliziak, gainera, ez dieproposamenei muzin egingo; ezta istripuaren leku harroak ere.

Barbuk bere iritzia eman nahi du, amaren atzaparrei ihes egin nahi die, baina bere ahotsa isilarazten du Corneliak, denon hobebeharrez ari dela argudiatuta, bestela damutuko dela esanda. Azkenean, behingoz, semearen jarrera kontuan hartuko du amak.

Nicolae Ceaucescuren erregimena 1989an erori eta gero Errumanian gailendutako kasta baten jokatzeko modua erakutsi du Calin Peter Netzer 38 urteko zuzendari errumaniarrak. Haien enpatizatzeko gabezia azaldu nahi izan du. Halere, pelikulak badauzka hutsuneak, balekoa den arren. Elkarrizketetako dezente luzeegiak eta gehiegizko edukirik gabekoak dira, kameraren etengabeko mugimenduek zorabiatu zaitzakete, eta Netzer ez da heltzen pertsonai nagusietan sakontzera, filmak horretarako bazka emanagatik. Pelikula onenaren Urrezko Hartza irabazi zuen, joan den otsailean, Berlingo zinema jaialdian.

Puntuazioa: 6

Ezinaren edertasuna

Igor Susaeta

Filma: La Dune
Saila: Zuzendari Berriak

Hanochen neska-laguna haurdun dago, baina bizikleta konpontzaileak abortatu dezala iradokiko dio. Ezin bat sentitzen du barrenean, eta tailerraren ondoan lagun batekin xakean jokatzen ematen ditu orduak, Israelgo herrixka batean. Harik eta, hondoratuta, eta aspaldiko argazki batzuk, duna batekoak, aldean dituela, alde egitea erabakiko duen arte.

Parisera helduko da, eta han, auskalo zergatik, Ruben polizia beteranoa ikusten ahaleginduko da. Hura ere triste antzean dabil aspaldian, eta argitu ezin izan duen kasu batek are gehiago deprimituko du, Paolo bikotekide adeitsuaren zoritxarrerako. Kasualitateak, Landa inguruetako herri batean topo egitera eramango ditu.

Istorio latza, gordina, kontatu du Yossi Aviram zinemagileak. Frantziaren eta Israelen arteko koprodukzioa izanik, Niels Arestrup (A Prophet) aktore ezaguna da protagonistetako bat, eta haren presentzia soilak pantaila betetzen du. Lior Ashkenazi aktoreak ere lan bikaina egin du Hanochen rolean.

Plano bat bera ere ez dago sobera, eta Frantziako herrixken bizimodu bukolikoaren, eta landa eremuen eta dunen irudi ederrak filmatu ditu zuzendariak. Misterio bat argitzeke dago, tentsioari eusten dio, gidoi landua dauka, eta aktoreen lana apartekoa da. Frantziako zinemagintza sasoiko dagoela erakusten duen beste pelikula bat. Oso gomendagarria.

Puntuazioa: 7,5