Itxuraz xaloa, barruan probokatzailea

Kristina Martin

Izenburua: Jeune et Jolie (Gaztea eta polita)
Saila: Perlak

Iazko Urrezko Maskorra irabazi ostean, Francois Ozonek proposamen berria ekarri du Zinemaldira, lehiaketaz kanpo bada ere. Izenburuak dioen bezala, benetan ederra da protagonista. Marine Vacth aktore frantziarrak bete-betean asmatzen du pertsonaiaren itxurazko xalotasuna eta benetako izaera probokatzailea uztartzen bere interpretazioan.

17 urteko neska polit eta lotsati bat azaltzen da pelikularen hasieran, sexuan esperientziarik gabea. Baina udan izandako lehen sexu-esperientziak kuriositatea pizten dio eta prostituitzen hasten da. Diru asko irabazten du, baina ez du diru beharrik. Gizon helduekin oheratzen da, batzuk atsegin tratatzen dute eta beste batzuk umilatu. Berari ez diola inporta dirudi. Engantxatuta dago. Ezin du gelditu, ohiko “bezero” bat larrutan dauden bitartean bihotzeko baten ondorioz hiltzen den arte. Orduan uzten du prostituzioa. Baina Poliziaren ikerketaren ondorioz, familiak jakiten du. Hala ere, ez du damurik agertzen.

Emakume baten ikuspegitik, kosta egiten da neskaren buruan sartzea, horretan zergaitik jarraitu nahi duen eta umiliazio horiekin zergatik gozatzen duen ulertzea. Pelikulan aipatzen dute neska unibertsitarioen artean ez dela hain ezohikoa “luxuzko” prostituziora jotzea. Kezkagarria da emakumeak aurrerapauso hain gutxi eman izana. Oraindik ere dirua lortzeko biderik azkarrena prostituzioa dela jakitea.

Puntuazioa: 7

Isiltasun kodea

Kristina Martin

Izenburua: For those who can tell no tales
Saila: Ofiziala

Bosnia-Hertzegovinan izandako gerra krimenez hitz egiten du Jasmila Zbanic zuzendariak, baina ez ditu biktimen ikuspegia islatzen, bertara turismo egitera doan australiar emakume batena baizik. Ez zait oso sinesgarria iruditu turista baten bizitza erabat aztoratu dezakeela bisitatu duen herrialdean bortxaketak eta hilketak gertatu direla jakiteak.

Inozoegia da, are gutxiago 90eko hamarkadan Bosnian gertatutako sarraskia aski ezaguna dela aintzat hartuta. Ez da Afrikako edota Kaukasoko errepubliketako gatazka ahaztu horietako bat, inori axola ez diona. Balkaneetan NATOk parte hartu zuen, eta horrek nazioarteko prentsaren ikusmiran jarri zuen gerra. Handik iristen zitzaizkigun informazioa eta interpretazioa eztabaidagarriak diren arren, krimenen berri eman ziguten.

Pelikulak, ordea, oso ondo islatzen du Bosniako gizarteak, oro har, sarraski haien inguruan duen “isiltasun kodea”, zuzendariaren hitzetan. Protagonista, Kym Vercoe, Visagrad herrira doa, eta zubi zaharra monumentu ederra eta hotel erromantiko bat bisitatzen ditu, besteak beste. Inon ez dago han gertatutakoaren oroigarririk. Gero jakiten dugu zubi horretatik ehunka pertsona jaurti eta hil zituztela eta hotel hartan dozenaka emakume bortxatu eta hil zituztela.

Bidaia-liburuetan ere krimenen aipamenik ez. Dena ahaztuta. Gerra gertatu ez balitz bezala. Eta bertako herritarrei han gertatu zenari buruzko aipamena egiten dienean, urduritasuna nagusitzen da, galderek lurperatutako mamuak esnaraziko balitu bezala.

Beharbada, gehiago espero nuen film honetaz, gatazka sakonago jorratuko zuela, hango jendearen ikuspegia islatuko zuela, baina ikuspegi ezohiko horrek ere berezi egiten du.

Puntuazioa: 6

Haurrak salba lezake dena

Igor Susaeta

Filma: Mother of George
Saila: Zuzendaria Berriak

Aspalditik bizi dira Brooklynen (New York) Adenike eta Ayodele nigeriarrak. Pozik eta maiteminduta, elkarrekin ezkonduko dira Yoruba etniaren erritu guztiak goitik behera jarraituz, eta Adenike senarrari seme bat emateko prestatuko dute. Baina hilabeteak iragango dira eta emakumezkoak ezin izango du haurdun geratu. Amaginarrebaren presioa jasan beharra dauka, gainera, eta hainbat bide erabiliko ditu haurdun geratzeko ahaleginean. Edabe ‘magikoak’, sorginkeriak… Ezin, ordea.

Ayodelek egun osoa pasatzen du bere jatetxean lanean Biyi anaiarekin batera, eta zapuztuta sentitzen da etxera iristen den bakoitzean, gauero. Adenikek, gainera, sos batzuk irabaziko ditu garbitzaile gisa, mediku batek proposatutako ugaltzeko tratamendu bati ekin nahi diolako. Ayodelerentzat, baina, sumingarria da hori, bere maskulinitatea kolokan jartzen duelako emazteak. Batetik, etxetik kanpo lan egiten duelako; eta bestetik, ‘errua’ berea izan daitekeela iradokitzen diolako.

Eta amaginarrebak ekin eta ekin jarraitzen du. Une batean, beste metodo bat planteatuko dio errainari. Adenikek ezin du siniste amaginarrebak proposatzen diona, baina kasu egingo dio, beste irtenbiderik ez duela sentitzen duelako. Erabaki horrek, baina, den-dena irauli dezake.

Restless City (2011) Harlemgo kaleetan filmatu ostean, bigarren pelikula du Mother of George Andrew Dosunmu zuzendariak. Egoera deseroso baten erretratu gordina egin du, eta bai gidoiak eta baita aktoreen lanak ere berea lagundu diote pelikula on bat osatzerako orduan. Erraz ikusten da, eta harrapatu egiten zaitu, bukaera prebisiblea izan daitekeen arren.

Moda argazkilari bezala lan egin du urtetan Dosunmuk, eta hori nabari da filmean. Errekurtso artistiko gehiegi (difuminatutako irudiak, kamera geldoa, planotik ateratako elkarrizketak…) erabili ditu, beharbada, baina horrek ez du pelikulak transmititzen duen indarra ahuldu. Sundanceko jaialdian (Utah, AEB) argazki onenaren saria eman zioten aurten.

Puntuazioa: 7

Turista-aktibistaren ajeak

Igor Susaeta

Filma: For Those Who Can Tell No Tales
Saila: Sail Ofiziala

Kym dantzari australiarrak Bosniara bidaiatuko du uda batean, turista motxiladun gisa. Dena ondo prestatu du (gida-liburuak, hiztegiak, kamerak…) Hasieran liluratuta dago Sarajevoren magiarekin, Visegradeko zubiaren edertasunarekin edo hango jendearen jarrerarekin, ia denek kanguruez baino hitz egiten ez dioten arren. Ostatu bukoliko batean pasatuko du gau bat, baina ezin izango du loak hartu eta gaizki sentituko da.

Hilabete pasata Sydneyra itzultzean, jakingo du Bosniako gerran (1992-1995) 200 emakumezko bosniar-musulman bortxatu eta eraili zituztela soldadu serbiarrek ostatu hartan, eta zubi eder hura exekuzio gune bat izan zela. Aztoratuta, hiper sentsibilizatuta, bekozkoa belztuta, eta lau hilabete eskasen buruan bosniera ikasita, Visegradera bueltatuko da.

Bosniako gerraren izugarrikeriak salatu ditu berriro Jasmila Zbanic zinemagile bosniarrak, Grbavica (2006) filmean egin bezala. Orduan kontatu zuen, errealismo handiarekin, soldadu serbiarrek bortxatu zituzten emakumezko bosniar-musulmanen gerraren ondorengo bizimodua. Film hark bazuen indarra, eta ondo erakusten zuen emakumezko haiek bizitako (eta bizitzen ari ziren) kalbarioa.

Oraingoan, baina, protagonista, Kym turista-aktibista, ez da sinesgarria, eta amorragarria ere egiten da une batzuetan haren jarrera; haren jakinduria, haren epaitzeko grina. Serbiarrak ikusi ere ezin ditu egin, eta haren hiper sentikortasunak kartoizkoa dirudi.

Bestalde, dokumental bat izan zitekeen filmari falta zaizkio pertsonaia gehiago. Tira, badago bat, Sarajevoko kaleetan modu eroan dantza egiten duen gizona. Auskalo zer adierazi nahi duen pertsonaia horrekin Zbanicek.

70 minutu pasatxoko iraupena dauka, eta erraz ikusten da, baina esango nuke protagonistak berak iluntzen duela pelikula.

Puntuazioa: 5,5