Haurrak salba lezake dena

Igor Susaeta

Filma: Mother of George
Saila: Zuzendaria Berriak

Aspalditik bizi dira Brooklynen (New York) Adenike eta Ayodele nigeriarrak. Pozik eta maiteminduta, elkarrekin ezkonduko dira Yoruba etniaren erritu guztiak goitik behera jarraituz, eta Adenike senarrari seme bat emateko prestatuko dute. Baina hilabeteak iragango dira eta emakumezkoak ezin izango du haurdun geratu. Amaginarrebaren presioa jasan beharra dauka, gainera, eta hainbat bide erabiliko ditu haurdun geratzeko ahaleginean. Edabe ‘magikoak’, sorginkeriak… Ezin, ordea.

Ayodelek egun osoa pasatzen du bere jatetxean lanean Biyi anaiarekin batera, eta zapuztuta sentitzen da etxera iristen den bakoitzean, gauero. Adenikek, gainera, sos batzuk irabaziko ditu garbitzaile gisa, mediku batek proposatutako ugaltzeko tratamendu bati ekin nahi diolako. Ayodelerentzat, baina, sumingarria da hori, bere maskulinitatea kolokan jartzen duelako emazteak. Batetik, etxetik kanpo lan egiten duelako; eta bestetik, ‘errua’ berea izan daitekeela iradokitzen diolako.

Eta amaginarrebak ekin eta ekin jarraitzen du. Une batean, beste metodo bat planteatuko dio errainari. Adenikek ezin du siniste amaginarrebak proposatzen diona, baina kasu egingo dio, beste irtenbiderik ez duela sentitzen duelako. Erabaki horrek, baina, den-dena irauli dezake.

Restless City (2011) Harlemgo kaleetan filmatu ostean, bigarren pelikula du Mother of George Andrew Dosunmu zuzendariak. Egoera deseroso baten erretratu gordina egin du, eta bai gidoiak eta baita aktoreen lanak ere berea lagundu diote pelikula on bat osatzerako orduan. Erraz ikusten da, eta harrapatu egiten zaitu, bukaera prebisiblea izan daitekeen arren.

Moda argazkilari bezala lan egin du urtetan Dosunmuk, eta hori nabari da filmean. Errekurtso artistiko gehiegi (difuminatutako irudiak, kamera geldoa, planotik ateratako elkarrizketak…) erabili ditu, beharbada, baina horrek ez du pelikulak transmititzen duen indarra ahuldu. Sundanceko jaialdian (Utah, AEB) argazki onenaren saria eman zioten aurten.

Puntuazioa: 7

Leave a Comment.