Turista-aktibistaren ajeak

Igor Susaeta

Filma: For Those Who Can Tell No Tales
Saila: Sail Ofiziala

Kym dantzari australiarrak Bosniara bidaiatuko du uda batean, turista motxiladun gisa. Dena ondo prestatu du (gida-liburuak, hiztegiak, kamerak…) Hasieran liluratuta dago Sarajevoren magiarekin, Visegradeko zubiaren edertasunarekin edo hango jendearen jarrerarekin, ia denek kanguruez baino hitz egiten ez dioten arren. Ostatu bukoliko batean pasatuko du gau bat, baina ezin izango du loak hartu eta gaizki sentituko da.

Hilabete pasata Sydneyra itzultzean, jakingo du Bosniako gerran (1992-1995) 200 emakumezko bosniar-musulman bortxatu eta eraili zituztela soldadu serbiarrek ostatu hartan, eta zubi eder hura exekuzio gune bat izan zela. Aztoratuta, hiper sentsibilizatuta, bekozkoa belztuta, eta lau hilabete eskasen buruan bosniera ikasita, Visegradera bueltatuko da.

Bosniako gerraren izugarrikeriak salatu ditu berriro Jasmila Zbanic zinemagile bosniarrak, Grbavica (2006) filmean egin bezala. Orduan kontatu zuen, errealismo handiarekin, soldadu serbiarrek bortxatu zituzten emakumezko bosniar-musulmanen gerraren ondorengo bizimodua. Film hark bazuen indarra, eta ondo erakusten zuen emakumezko haiek bizitako (eta bizitzen ari ziren) kalbarioa.

Oraingoan, baina, protagonista, Kym turista-aktibista, ez da sinesgarria, eta amorragarria ere egiten da une batzuetan haren jarrera; haren jakinduria, haren epaitzeko grina. Serbiarrak ikusi ere ezin ditu egin, eta haren hiper sentikortasunak kartoizkoa dirudi.

Bestalde, dokumental bat izan zitekeen filmari falta zaizkio pertsonaia gehiago. Tira, badago bat, Sarajevoko kaleetan modu eroan dantza egiten duen gizona. Auskalo zer adierazi nahi duen pertsonaia horrekin Zbanicek.

70 minutu pasatxoko iraupena dauka, eta erraz ikusten da, baina esango nuke protagonistak berak iluntzen duela pelikula.

Puntuazioa: 5,5

Leave a Comment.