Bihotza dantzan

Kristina Martin

Izenburua: Prisoners
Emanaldi berezia

Hugh Jackmani Donostia Saria eman diotela aitzakia hartuta, bere pelikula berriaren emanaldi berezia egin dute Zinemaldian. Bi neskatilaren bahiketaren inguruko istorio honek bi ordu eta erdi irauten du. Ohiko thriller baten argumentua dirudi, eta asko gustatuko zitzaidanik ez nuen espero. Hala ere, jesarlekuan begiak zabal-zabalik egon gara Kursaaleko areto handia bete dugun ikusle gehienok. Minutuero tentsioari eustea lortzen du Denis Villeneuvek zuzendutako filmak. Gidoi bikainak, irudi eta hurbileko plano zainduek, musikak, pertsonaien interpretazio sinesgarriek eta eszenatokiek ederto lortzen dute ikusleak gertaera mingarri horretan murgiltzea.

Jackmanek interpretatzen duen pertsonaiaren larruan sartzen zara, bere lekuan jarri eta beren jarrera eta ekintza batzuk epaitu ere egiten dituzu. Ados egon ala ez, bere samina eta bere inpotentzia transmititzen bete-betean asmatzen du.

Gainera, detaile guztiak oso ondo lotzen ditu gidoiak eta gertaerek ezustean harrapatzen zaituzte askotan. Ez da, ez, erraza aurreikustea zer gertatuko den eta horrek egiten du interesgarri. Jake Gyllenhaalek ere bikain betetzen du Poliziaren rola. Gertaera distantziaz bizi duelaren irudia eman nahi du, baina onartzen duena baino gehiago eragiten dio. Gomendagarria.

Puntuazioa: 8

Butakara lotuta

Igor Susaeta

Filma: Prisoners
Emanaldi berezia

Gizon zeharo fededuna da Keller Dover (Hugh Hackman). Alkoholiko ohia, pick up auto baten jabea, arotza eta, aitaren agindu bati jarraiki, bere familiaren segurtasunarekin obsesionatuta dagoena. Azaroko laugarren osteguna da, Thanksgiving Day (Eskerrak emateko eguna) alegia, eta Ralph semearekin ehizan aritu eta gero, bizilagunengana joango da bazkaltzera, Grace emaztearekin, semearekin eta Anna sei urteko alabarekin.

Pozik, disfrutatzen, daude, baina halako batean Annak eta Joyk, bizilagunen zazpi urteko alabak, kalera joko dute. Ez dira itzuliko, ordea. Poliziaren eskuetan utziko dute kasua, eta lehen susmagarria desagerpenaren unean bizilagunen etxearen parean aparkatutako zegoen autokarabanako gidaria izango da.

Loki detektibeak (Jake Gyllenhaal) hartuko du kasua. Inoiz hutsik egin ez izanaren fama dauka. Ford Crown Victoria beltz batean mugitzen da, eta sarkastikoaren, are zinikoaren, itxura du. Autokarabanarebn gidaria, Alex 30 bat urteko pasatxoko gizarajoa, atxilotuko dute ihes egiteko ahalegina egiten duenean, baina galdekatu ondoren aske utziko dute.

Poliziaren jarrerak Dover sutuko du; are gehiago, aparkaleku batean Alex harrapatu eta hitz batzuk modu bortitzean aterako dizkionean. Autokarabanaren gidariak desagerketarekin zerikusia duela uste du ziur Doverrek, eta Lokirengan mesfidantza erakutsiz, bere kabuz ikertzea erabakiko du arotzak. Hortaz, bi ‘ikerketa’ abiaraziko dituzte. Bata Lokik, eta bestea erotzeko puntuan dagoen Doverrek, bere kabuz.

Thriller iluna osatu du Denis Villeneuvek. Aaron Guzikowskiren gidoia bikain josita dago eta ez dauka ageriko mezu moralistari. AEBetako herrixka horren (itxuraz, ekialdeko kostakoa) argazkiak beldurra ematen du, eman beharreko sustoak neurrian aukeratu dituzte, eta aktoreen lana txukun askoa da. Zinemagile kanadiarrak ez du ariketa artistiko berritzailerik egin, eta oso antzeko pelikulak egin izan diren arren, Seven (1995), Mystic River (2003) eta Zodiac– (2007) esaterako, ez da horregatik erakusten duena gutxietsi behar. Are gutxiago, ia bi ordu eta erdiz butakara lotzen zaituenean. Kirol epika lantzen duten ekoizpenek bezala, AEBetan egiten diren thrillerrek badaukate zerbait. Agian entretenimendu soila, baina bada zerbait.

Puntuazioa: 8

Zauriak

Mikel Lizarralde

Filma: La herida
Saila: Sail Ofiziala

Film gogorra da La herida, Fernando Franco espainiarren opera prima. FIlm gogorra kontatzen duenagatik eta baita kontatzeko moduagatik ere.

Istorio edo argumentu ohikorik apenas dauka. Baina abiapuntu bat bai: Ana anbulantzia gidaria da eta amarekin bizi da. Euren artean ia ez dago harremanik, Ana etxera iristean bere gelan sartzen baita krisketa itxita. Baina Anak badu beste arazo bat. Diagnostikatu gabeko muturreko nortasun nahasmendua du, eta horrek bere egunerokoan eragiten dio. Bere burua zauritzen du, zigarroarekin errez edo beso nahiz zangotan ebakiak eginez. Gainera Alex bere mutil-lagunarekin gauzak ez doaz ondo, bien arteko telefono deiek erakusten dutenez.

Francok Anari segitzen dio kamerarekin, haren aurpegian eta keinuetan jartzen du arreta, eta protagonistaren mina sentiarazten dio ikusleari. Marian Alvarezen interpretazio sentitu eta biluziak egiten du beste guztia.

Niretzat sorpresa ederra izan da La herida. Eta ez nintzateke harrituko sariren bat eramango balu. Are gutxiago saritua Marian Alvarez izango balitz.