Ukabilkada bat

Igor Susaeta

Filma: Uroki garmonii (Harmony Lessons)
Saila: Zabaltegi

Emir Baigazin 29 urteko zinemagile kazakhstandarraren aurreneko pelikulako ukabilkada baten modukoa da. Hotz-hotza. Bihotzik gabea, eta, hain zuzen, bihotzean bertan min ematen duena.

Aslan 13 urteko nerabearen istorioa kontatzen du. Kazakhstango estepa amaigabeetako herrixka baten aldirietan bizi da amonarekin batera, eta eskolatik etxera, eta etxe ezin soilago horretatik eskolara besterik ez du egiten. Tira, ardiak eta izoztutako ibaieko arrainak ere akabatu beharra dauzka elikatzeko.

Ikasle saiatu eta azkarra da, eta, beharbada horregatik, ikaskideek segada bat jarriko diote. Aslanek amua irentsiko du, eta ahulezia erakutsi izana nahikoa motibo izango da, harrigarria bada ere, lagunik gabe gelditzeko. Izan ere, Bolat estortsionatzaile maltzurraren aginduz, inork ezingo du aurrerantzean harekin hitz egin.

Berea egiten jarraituko du Aslanek: ikasten, animaliekin esperimentatzen, eskolara joaten, etxera itzultzen… Harik eta ikaskide bat, Mirsayani hiritarra, eskolara iritsiko den arte. Aslanen laguna egingo da, eta horrek Bolat mafioso itxurako txotxongile nerabea sutuko da. Mirsayani ez da, ordea, kikiltzen den horietakoa. Aslan eta bera, ordea, bakarrik daude munduaren aurrean. Aslanek, hortaz, plan bat diseinatuko du, esperimentazioa eta mendeku gosea uztartuko dituena.

Soila da Baigazinek erritmo geldoan narratzen duena, baina sakontasun handikoa. Kazakhstango gizartearen argazki krudel antzeko bat ere bada; eta a zer nolakoa argazkia. Planok askok, bai kanpokoek eta baita barrukoek ere, margolan itxura dute (Berlingo zinema jaialdian argazki onenaren saria eman zioten). Eta hotza, sekulako hotza transmitzen dute.

Puntuazioa: 7,5

61.Zinemaldia eta esker oneko hitz batzuk

Urtzi Urkizu

Iazkoa demasa izan zen. Bost Donostia sari, bost izar handi. Hollywood erdia Gipuzkoako hiriburura etorri zela ematen zuen. 60. Zinemaldiak sekulako oihartzuna izan zuen. Film onak ikusi ziren, eta ohi bezala, beste batzuk ez hain onak.

Eta iazkoaren ostean, bagenekien aurtengoak ezin zuela hura gainditu. Sos gutxiago izango zuela zuzendaritzak. Izar gutxiago etorriko zirela Donostiara. Zalantza zen filmen maila nolakoa izango zen. Esan dezagun, batez besteko maila ertaina izan da. Ez dira film txar txarrak ikusi, baina lilura handia sortu dutenak ere ez. Beste Zinemaldi bat gehiago izan da 61. hau.

Ezustekoak ez dira asko izan. Baina ausardia erakutsi dute zenbait zinemagilek. Esate baterako, ‘Asier ETA biok’ dokumentalak harrera beroa jaso du ikus-entzuleen artean. Aitor Merino izan da egunotako protagonistetako bat, eta ‘Zurriolako butaka’ saioan elkarrizketatu zuen Gorka Erostarbek irailaren 21ean: http://www.berria.eus/berriatb/1880/

Beste ezusteko eder bat ‘Zela Trovke’ film laburrarena izan da. Xumea bezain indartsua. Asier Altunak ‘Zurriolako butaka’-n esan zuen film laburrak direla zinemaren etorkizuna. Adi egon beharko dugu Altunaren iragarpenarekin. Altunaren elkarrizketa: http://www.berria.eus/berriatb/1875/

Euskarazko fikziozko film bakarra ‘Amaren eskuak’ izan da, Karmele Jaioren liburu ederrean oinarritutakoa. Euskal Zinemaren Galan aurkeztu zuten. Aurrez ikusteko aukera izan genuen, baina Zinemaldiaren zuzendaritzari kritikatxoa egin nahiko genioke, ez zutelako prentsarako emanaldirik egin. Mireia Gabilondo zuzendaria eta Ainara Gurrutxaga aktore protagonista Gorka Erostarberekin izan ziren solasean estreinaldiaren egunean: http://www.berria.eus/berriatb/1887/

Dokumental interesgarriak ikusi ahal izan ditugu Zinemaldian, ondo egindakoak, gainera: bat Zumetari buruzkoa (http://www.berria.eus/berriatb/1882/), beste bat naziak Euskal Herrian izan ziren garaiari buruzkoa (http://www.berria.eus/berriatb/1885/), alardeari buruzkoa beste bat (http://www.berria.eus/berriatb/1893/) eta existitzen ez diren zaratak entzuten diren pertsonei buruzkoa azkena (http://www.berria.eus/berriatb/1901/).

Pozez hartu dugun beste gertakari bat izan da Juanba Berasategi euskarazko animazioaren aitzindariak Zinemira saria jasotzea. Zurriolako butakara etorri zen, saria jaso ostean gaua luzatu eta hurrengo goizean: http://www.berria.eus/berriatb/1890/

Euskal Herritik kanpoko filmekin ere difrutatu dugu une jakin batzuekin. Barre tajuz egin genuen, adibidez, Bertrand Tavernierren ‘Quai d’Orsay’ filmarekin. Denis Villeneuven ‘Enemy’ filmak tentsioan mantendu gintuen une oro. Bidaia ederra egin genuen espazioan Alfonso Cuaronen ‘Gravity’-rekin. Beste bidaia futurista bat izan zen Terry Gilliamen ‘The Zero Theorem’-ena, bizarroagoa. Sebastian Lelioren ‘Gloria’ film txiletarraren emakumearen askatasun nahiari esker pozik irten ginen aretotik. Eta oharkabe samar pasa den Animatopia saileko ‘Metropia’ animaziozko filmak zer pentsatua eman zigun. Baina denak ez du sakona izan behar, eta irribarre tuntunak egin genituen Albert Dupontelen ‘9 mois ferme’ txolinari esker.

Izan dira Zinemaldi hobeak aurtengoa baino, film askoz hobeekin. Baina aitortu behar dugu plazer bat izan dela egunotan Donostian lan egitea ‘Zurriolako butaka’ saioa prestatzen eta ‘Basquewood’ zutabetxoa idazten.

Bi lankiderentzat aipamentxo bat ere egin nahi dut, amaitzeko: Lara Madinabeitia eta Mikel Lizarralde. Berria Telebistako saioa egitea ezinezkoa izango litzateke Madinabeitiaren lana gabe. Berriaren paperezko edizioa, berriz, aurrera atera da Lizarralderen pazientziari esker. Eskerrak ere eman nahi dizkiet ‘Zurriolako butaka’ saioan parte hartzeko prest azaldu diren zinema kritikari eta gonbidatu guztiei. Gaizki eginak barkatu, eta hurrengora arte! Gora zinema!