Europako amets zapuztua

Kristina Martin

Izenburua: El Rayo
Saila: Zuzendari Berriak

Hassan Marokoko etorkinaren istorioa kontatzen du filmak. Road movie itxura du, baina, autoa beharrean, traktore bat gidatzen du protagonistak. Hassanek 13 urte daramatza Espainian, han-hemenka eta mota guztietako uztak biltzen. Besteak bezala, patera batean zeharkatu zuen itsasartea Europako ametsaren bila, Marokon emaztea eta lau seme-alaba utzita. Ametsa, ostera, amezgaizto bihurtu eta, lanik gabe egoteko, behintzat etxean egotea erabaki du.

Hassan gizon langile eta ondradua da, eta etxerako buelta ez du esku hutsik egin nahi. Hori dela eta, Gaztela-Mantxan traktore bat erosi eta Marokora eraman nahi du bertan lurrak lantzeko. Traktorea mugara kamioi batean eramatea oso garestia denez, traktorearen gainean bigarren mailako errepideetatik ehunka kilometro egitea erabakitzen du. Hainbat oztopo aurkitzen ditu bidean, Poliziaren trabak, traktorearen matxura, muga pasatzeko paperik eza… baina umiltasunez eta bizirauteko beharrak ematen dion indarraz, banan-banan denak gainditzen ditu.

Elkarrizketa gutxi daude, baina ezin esanguratsuagoak dira. Etorkinen desilusioa, Espainiako egoera ekonomiko larria, batzuen arrazakeria, besteen elkartasuna… hori dena islatzen da hitz gutxitan. Espainiako krisialdi ekonomikoa etorkinengan duen eraginaren isla da.

Puntuazioa: 7,5

Nerabe baten lehen sexu izpiak

Kristina Martin

Izenburua: Club Sandwich
Saila: Ofiziala

Hector 15 urteko mutikoak maitasunarekin eta sexuarekin dituen lehenengo bizipenak kontatzen ditu Fernando Eimbcke zuzendari mexikarrak, baina amaren ikuspegitik. Oso pelikula zaindua eta leuna da, lehen plano ugariekin eta elkarrizketa gutxirekin. Soiltasun gehiegizkoa, nire iritziz.

Paloma eta bere seme Hector Mexikoko kostaldeko hotel batean oporraldia igarotzen ari dira, denboraldiz kanpo. Ea hutsik dago hotela eta beraien arteko harreman berezia eta sendoa agerian gelditzen da. Arazoa sortzen da Jazmin iristen denean hotelera. Hectorren eta Jazminen arteko sexu tentsioa sortzen da eta amak, bere mutikoa gizon bihurtzen ari dela ohartzean, egoneza sentitzen du. Pelikulak oso modu leun eta naturalean tratatzen du sexuarekiko hurbilketa hori. Ez dauka zerikusirik Estatu Batuetatik iristen zaizkigun ohiko nerabeen serie eta pelikulekin. Protagonistek ez dituzte gorputz perfektuak, eta ez dira ausartak eta esperientziadunak.

Paloma, hasieran, gertatu behar denari uko egiten saiatzen da, baina, azkenean, modu naturalean ere, bere semea heltzen ari dela onartzen du eta ez dio bidean aurrera egiteko oztoporik jartzen.

Zuzendariak, emanaldiaren ondorengo prentsaurrean azaldu duenez, giza-harremanetan jarri nahi izan du arreta osoa. Hala ere, Mexikoko kostaldean grabatua dela kontuan hartuta, bertako paisaia liluragarriak faltan izan ditut.

Puntuazioa: 7

Biolentzia irtenbidea denean

Igor Susaeta

Filma: Tian zhu ding (A Touch of Sin)
Saila: Perlak

Txina erraldoiko lau probintzia hartu, eta horietako bakoitzean elkarlotzen ez diren istorio bana kokatu du Jia Zhangke zuzendariak. Kontakizunetako protagonistek biolentoak bilakatuko dituzten egoerak jasan beharko dituzte. Dahan ‘abokatuak’ ohoreari eusteagatik erabiliko du indarkeria; San’errek dibertimenduz edo ondorioen jabe ez delako; Xiaoyuk bere burua eraso lazgarri batetik defendatzeko; eta Xiaohuik gehiago ezin duelako.

Argazki ederra, pertsonaia markatuak eta irudi jakin batzuen bortikeria baliatuta, Zhangkek Txinaren egunerokoa azaldu nahi izan du, Pekin eta Shangai arranditsuetatik urrun. Dekadentea da munduko herrialde jendetsuenaren barnealdea, landa eremua, eta, aldi berean, liluragarriak dira hangoen aurpegikerak, keinuak, Mendebaldekoekin zerikusirik ez dituzten kodeek zizelkatutakoak.

Kode horien baitan biolentzia barneratu dute arazoei irtenbidea emateko errekurtso gisa, eta zuzendariak zergatik gertatu den jakin nahi du. Pelikula osoa egin du Shijie (2004) edo Still Life (2006) filmeen egileak. A Touch of Sin-ek ez du inoiz goia jotzen, baina ez du erritmoa galtzen. Gidoia ondo harilkatu du zuzendariak, eta asmatu du atmosfera triste bat sortzen. Cannesko zinema jaialdian gidoi onenaren saria eman zioten.

Puntuazioa: 7

Mamuen armada

Mikel Lizarralde
Filma: The Railway Man
Saila: Sail Ofiziala

Eric Lomaxek (Colin Firth) II. Mundu Gerran borrokatu zuen eta japoniarrek atxilotua, tortura latzak jasan zituen Thailandiako preso kanpaleku batean. Hamarkadak pasatu dira, baina ezin du han jasandakoa ahaztu; oraindik ere, torturaren eta batik bat Nagase, berez itzultzaile izanda, torturatzaile izan zuenaren mamuak jazartzen du. Trenak eta trenbideak ditu orain bere mina arintzen duten elementu bakarrak. Patti (Nicole KIdman) ezagutuko du, maiteminduko da eta ezkondu egingo dira. Baina mamuek hor segitzen dute, eta mamuei aurre egin beharko die.

‘Based on a true story’ beldurgarri horietako batekin hasten zaigu filma, irudiek erakusten digutena benetan gertatu zela dioen abisuarekin. Eta hortik aurrera jakingo dugu zer nolako torturak jasan zituen Ericek, zer gaiztoak izan ziren japoniarrak eta zer nolako trauma bizi izan zuten handik bizirik atera ziren soldadu britaniarrek. Patti saiatuko da Eric laguntzen, eta azkenerako irtenbide bakarra egongo da: bere torturatzailea izan zenarekin aurrez aurre egotea

Filmak eman zezakeen istorio dramatiko eta epiko baterako, baina Jonathan Teplitzky zuzendariak dena izorratzen du. The Railway Man-en arazoa ez baita zer kontatzen duen, baizik eta nola kontatzen duen. Manikeismo izugarriarekin

Pertsonaiak, elkarrizketak eta irudiak

Zinemaldiko bosgarren egunean sartu garen honetan, ezin esan gure bizitzako pelikula ikusi dugunik. Baina ikusitakoen artean, pertsonaia batek liluratu gaitu: ‘Gloria’ filmekoak. Paulina Garcia aktore txiletarrak hezurmamitzen duen emakumeak askatasun haizeak bidali dizkigu garunera. Egunerokotasuneko gorabeherekin aurrera egiten du zintak, primeran funtzionatuz. Istorioak ez ditu mila jirabira beharrik, pertsonaia ikuslearen barneraino sartzeko.

Elkarrizketen artean, Bertrand Tavernierren ‘Quai d’Orsay’ filmekoak barrez lehertzeko modukoak dira. Ez genuen imaginatzen hainbeste barre egin behar genuenik zinema aretora sartu garenean. Frantziako atzerri ministroak bere ahotik botatzen dituenak ez dira ahuntzaren gauerdiko eztula. Zaila ikusten dut datozen egunetako filmetan hainbeste barre egitea, Sail Ofizialeko lan horretako bi orduetan bezala.

Eta irudi batzuekin gelditu behar badugu ‘Gravity’ filmekoekin gelditzen gara. 3D teknologiari esker, espazioan bidaiatzen egongo bagina bezala egon gara. Alfonso Cuaron zuzendariak prentsaurrekoan jaso zuen txalo zaparrada sekulakoa izan zen. Batzuk esan dezakete istorio ahula dela. Baina biziraupenaren ahalegin horretan berehala sartuz gero, zinema areto batean gutxitan izandako bizipenak eskaintzen ditu ‘Gravity’-k. Plano sekuentzia luzeak dira, aztertzeko modukoak. Eta soinuaren erabilerak ere ez du parekorik. Susmoa dut asko hitz egingo dela film honetaz etorkizunean. Sandra Bullock ere ez zitzaigun hain aktore txarra iruditu, pentsa.Urriaren 4an estreinatuko dute areto komertzialetan. Eta berriro ikustera joango naiz ziur aski, berriro espazioan bidaiatzera.

Urtzi Urkizu

Familiarekin deseroso

Igor Susaeta

Filma: Family Tour
Saila: Zabaltegi

Lilik 30 bat urte dauzka, zazpi-zortzi urte daramatza Mexikon zinemagintzan lanean, eta aste batzuk pasatzera etorriko da familiarengana, Vic (Katalunia) inguruko herrixka batera. Ia-ia behartuta, baina egongo da gurasoekin, ahizparekin, aiton-amonekin, lehengusuekin, osaba-izebekin… Eta baita lagun min musikariarekin ere. Ezin du, ordea, haietako ia inorekin bat egin, Lilik sentitzen baitu elkarrengandik oso urrun daudele. Espeziala denez, ez dutela ulertzen pentsatuko du, deseroso sentituko da eta deseroso sentiaraziko ditu ingurukoak. Pixkanaka, ordea, bizitzak, eguneroko gauza txiki baina esanahi handikoek, bere lekuan jarriko dute.

Bere bizitza kontatu du, finean, Liliana Torres (Sant Bartomeu del Grau, 1980) zinemagile kataluniarrak, ausardiaz jokatuz. Lilirena egiten duena da (Nuria Gago) pelikulako aktore bakarra, eta besteak bere familiako kideak eta bere lagunak dira bere gordinean.

Fikzionatutako dokumental baten modukoa osatu du zinemagile kataluniarrak, eta sinpletasunez, naturaltasunez, nabarmekeriarik gabe, ariketa estilistiko hutsal eta apaintzaileak alboratuz, lortzen du tentsio bat sortzea, deserosotasun hori transmititzea, eta ikusleak istorioarekin bat egitea.

Puntuazioa: 7

Ministroa eta bere segizioa

Mikel Lizarralde
Filma: Quai d’Orsay
Saila: Sail Ofiziala

In the electric mist AEBetan girotutako film beltzarekin pixka bat apaldua zegoela leporatu ziotenei emandako belarrondokoa ematen du Bertrand Tavernierren azkenak; Quai d’Orsay. Erritmo bizi-bizian filmatutako satira politiko irrigarria.

Arthur Frantziako Atzerri Ministerioan hasiko da lanean, eta hasieratik adieraziko diote zein den bere zeregina: hizkuntza. Alegia, Alexandre Taillard de Vormsen hitzaldiak idaztea. Arthurrek ministerioko barrunbeetan egosten dena ezagutuko du: korrika eta presaka pasiloetan gora eta berera korrika ari diren kontseilariak, ministroa bideratzen saiatuko diren gabinete buruak… eta koadrila horrekin guztiarekin batera, ministroa. Heraklitoren aipuak ahoan dituen tipo energiko bat, irakurri gabe ere hitzaldiak atzera botatzen dituena, Literaturako Nobel sariarekin elkartu eta hitz egiten ere uzten ez diona. Alexandre Taillard de Vorms ergel bat da, bere harrokerian irrigarri bilakatzen den ergel bat.

Istorioak ez du mami handirik. Gerrak pizten dira batean edo bestean, tentsioa dago Espainiarekin antxoa dela-eta, herrialde urrun batean arma nuklerrak egon daitezkeela uste dute…. Gertaerak badira, baina denak off-ean. Ministerio barruko kaosa erretratatzeko aitzakiak baino ez dira. Eta kaos hori errimo bizian filmatu du Tavernierrek. Hitzari, elkarrizketei, emanez, narrazioaren pisua. Baina eszenaratzea ahaztu gabe; kamera intentzioz mugituz.

Ustelkeria hezurretaraino barneratuta

Kristina Martin

Filma: Pozitia Copilului (Child’s Pose)
Saila: Perlak

Errumaniako gizarteak erabat barneratuta duen ustelkeria kultura islatu nahian dabil Calin Peter Netzer pelikula honekin. Burgesiaren familia bateko semeak, Barbuk, auto istripu batean hiltzen du 14 urteko mutiko bat. Abiadura mugatik gora zihoan eta, gainera, ez zen mutikoa laguntzeko gelditu.

Ezbeharraren berri izan bezain laster, Cornelia, Barburen ama kontrolatzailea, ikerketako arduradunen artean dituen harremanak baliatzen hasten da bere semea expetxera joan behar ez izateko. Pelikula osoan, Barburen familia ez da hildako nerabearen familiaren larruan jartzen. Barburen ekintza garbitzeko dirua eta kontaktuak dituzte eta, kontzientziako kargurik gabe, buru belarri jartzen dira denak. Gainera, hildako mutikoaren familia xumea da, eta, horregatik, hasiera-hasieratik segurutzat jotzen dute lortuko dutela arduradun guztiak manipulatzea eta justizia gainditzea. Okerrena da hala dela.

Bitartean, Barbuk, nortasunik gabeko gizonak, ama kontrolatzailearen ekimena kritikatzen du, baina ez du ere erabat arbuiatzen. “Utzi pakean, ez egin ezer”, esaten dio amari, baina, azken finean, badaki bere arduraz libratzeko modu bakarra dela Corneliari egiten uztea.

Burgesiako familia ahalguztidunaren berekoikeriak, biktimarekiko enpatiarik ezak, Poliziaren ikerketa, analisiak, lekukoak haien interesean baliatzeko duten segurtasun horrek nazka ematen dute. Errumaniako gizartearen isla baldin bada, zoritxarrekoak bertako herritar xumeak.

Puntuazioa: 7

Boteretsuen enpatia falta


Igor Susaeta

Filma: Pozitia Copilului / Child’s Pose
Saila: Perlak

Corneliari bost inporta zaio Barbu bere semeak zer pentsatzen duen, zer nahi duen. Ondoan eta salbu mantendu nahi du, kosta ahala kosta, Bucaresteko high society-aren enbor usteletan familiaren posizioa orbanik gabe mantentze aldera.

Kontua da Barbuk 14 urteko ume bat, Mihai, hil duela auto istripu batean. Baimendutako abiaduraz gaindi zihoan Barburen Audia martxoko gau ilun batean, baina Corneliak ez du semearen errua onartuko. Dauzkan kontaktuak baliatuta, edonor erosteko prest dago; baita Mihairen familia txiroa ere. Poliziak, gainera, ez dieproposamenei muzin egingo; ezta istripuaren leku harroak ere.

Barbuk bere iritzia eman nahi du, amaren atzaparrei ihes egin nahi die, baina bere ahotsa isilarazten du Corneliak, denon hobebeharrez ari dela argudiatuta, bestela damutuko dela esanda. Azkenean, behingoz, semearen jarrera kontuan hartuko du amak.

Nicolae Ceaucescuren erregimena 1989an erori eta gero Errumanian gailendutako kasta baten jokatzeko modua erakutsi du Calin Peter Netzer 38 urteko zuzendari errumaniarrak. Haien enpatizatzeko gabezia azaldu nahi izan du. Halere, pelikulak badauzka hutsuneak, balekoa den arren. Elkarrizketetako dezente luzeegiak eta gehiegizko edukirik gabekoak dira, kameraren etengabeko mugimenduek zorabiatu zaitzakete, eta Netzer ez da heltzen pertsonai nagusietan sakontzera, filmak horretarako bazka emanagatik. Pelikula onenaren Urrezko Hartza irabazi zuen, joan den otsailean, Berlingo zinema jaialdian.

Puntuazioa: 6

Ezinaren edertasuna

Igor Susaeta

Filma: La Dune
Saila: Zuzendari Berriak

Hanochen neska-laguna haurdun dago, baina bizikleta konpontzaileak abortatu dezala iradokiko dio. Ezin bat sentitzen du barrenean, eta tailerraren ondoan lagun batekin xakean jokatzen ematen ditu orduak, Israelgo herrixka batean. Harik eta, hondoratuta, eta aspaldiko argazki batzuk, duna batekoak, aldean dituela, alde egitea erabakiko duen arte.

Parisera helduko da, eta han, auskalo zergatik, Ruben polizia beteranoa ikusten ahaleginduko da. Hura ere triste antzean dabil aspaldian, eta argitu ezin izan duen kasu batek are gehiago deprimituko du, Paolo bikotekide adeitsuaren zoritxarrerako. Kasualitateak, Landa inguruetako herri batean topo egitera eramango ditu.

Istorio latza, gordina, kontatu du Yossi Aviram zinemagileak. Frantziaren eta Israelen arteko koprodukzioa izanik, Niels Arestrup (A Prophet) aktore ezaguna da protagonistetako bat, eta haren presentzia soilak pantaila betetzen du. Lior Ashkenazi aktoreak ere lan bikaina egin du Hanochen rolean.

Plano bat bera ere ez dago sobera, eta Frantziako herrixken bizimodu bukolikoaren, eta landa eremuen eta dunen irudi ederrak filmatu ditu zuzendariak. Misterio bat argitzeke dago, tentsioari eusten dio, gidoi landua dauka, eta aktoreen lana apartekoa da. Frantziako zinemagintza sasoiko dagoela erakusten duen beste pelikula bat. Oso gomendagarria.

Puntuazioa: 7,5