Inoren alde egotekotan, Itziar Nogerasen alde

Niri ere huts egite larria iruditu zitzaidan Itziar Nogeras Donostia 2016 proiektuaren zuzendari ohiaren izendapena ilundu zuen e-mailarena (Elhuyarko lankideei, ustez behintzat, e-mail bat idatzi zien bere izendapenaren berri emanez, lehiaketa publiko baten ondoren izendatua izan baino lehen). Niri ere ez zitzaidan batere gustatu Itziar Nogerasek joan den asteartean bere dimisioaren berri nola eman zuen (14:00etan prentsaurrekoa deitu 18:00etarako, bere kabuz, zertarako zen esan gabe, gero hura bertan behera utzi…). Eta ni ere ados nago diotenekin Itziar Nogerasek kargua onartu zuenerako bazekiela, edo jakin behar zuela, liskar eta jukutria politikoen gertaleku basati batean sartzen ari zela.

Baina hala ere, inoren alde egotekotan, Itziar Nogerasen alde nago auzi honetan, benetako arazoa ez baita Itziar Nogerasek zer egin duen, Itziar Nogerasek bere dimisioaren arrazoiak ematean salatu duena baizik. Itziar Nogerasek aurretik ere jakin behar zuela diogun hori da benetako arazoa, denok begi bistakotzat jotzen dugun horixe; begi bistakotzat eta, hori da okerrena, erremediorik gabekotzat: politikariek, alderdikeriarik kaindarrenaren ajeak alde batera utzita, herritarren eta gizartearen alde indarrak batzeko duten ezintasun kroniko eta sendaezina.

Hutsa sikiera horrek Donostia 2016 proiektua bezalako kontuei baino eragingo ez balie. Benetan kezkatzen nauena da askoz ere funts handiagoko kontuak ere —osasuna, hezkuntza, ekonomiaren sustapena, kuturaren adierazpen egiturazkoago batzuk…— ezintasun horren mende dauden politikarien esku daudela egiaztatzea behin eta berriro.