Justizia bila

‘The Equalizer’ (Sail Ofiziala)

 

Denzel Washingtoni Donostia Saria emango diotela-eta, haren azkeneko filmari, The Equalizer-i egokitu zaio aurtengo Sail Ofiziala irekitzea. Lehiaz kanpo hori bai.

Bob McCall beteranoak brikolaje enpresa handi batean lan egiten du, eta langile gaztetxoen txantxei lasaitasunez erantzuten dien bezala, Ralphieri segurata azterketa gainditzeko aholkuak ematen dizkio. Arrunta da bere bizitza, grisa hein handi batean, bakartia, eta errutinak ukitutakoa. Goizaldetan, kafetegi batera joan, mahaiko tresneria txukun-txukun alde batera utzi eta kamamila bat hartzen du liburu bat eskuetan duela. Emaztea zenak lortu ez zuena egin nahi du. Irakurri beharreko 100 eleberriak irakurtzea. Han ezagutuko du Alina, kantaria izan nahi duen prostituta, eta han jakingo du Alina mafia errusiarraren mende dagoela. Proxenetek Alina jipoitu eta ospitalera eramaten duenean agertuko da beste Bob.

Pelikula osoan esaten ez bada ere, badirudi McCall CIAko kidea izan zela urte batzuk lehenago, eta gero desagertu egin zela. Baina justizia senak hortxe dirau. Eta justizia banatzen hasten denean, ez da egongo geraraziko duenik. Hortik aurrera Bostongo mafiaren burua eta bere pistoleroak akabatuko ditu eta ondoren katuaren eta saguaren arteko borrokan hasiko da Moskuko buruak bidalitako gaixto gupidagabe batekin.

Filmaren planteamendua soila bada ere —Denzel Washington ezin lakonikoago batekin—, eta nahiz eta une batzuetan tempo lasaiko film baten aurrean gaudela ematen duen, aurrera egin ahala, eta Washington justizia bila hastearekin batera,  Fuqua ikusgarritasunari, indarkeria leherketei eta efektismoari lotzen zaio, eta poliki-poliki filma maldan behera erortzen hasten da.

 

 

 

Kariñoa bizitzaren gordinari gailentzen

Mommy (Perlak)

Pelikula hasi eta berehala, gauza batek deitzen du atentzioa. Irudiak ez dauka zinemaren ohiko forma panoramiko-horizontala, bertikala baizik. Horrek Xavier Dolan 25 urteko zuzendari kanadarraren bosgarren film luzearen protagonista, Steve, hartzen du estu, baina baita ikuslea eta egilea bera ere. Giro itogarri horretan garatzen da filmak kontatzen duen istorio triste eta gogorra. Hiru protagonisten arteko harremanaren zintzotasuna, haien arteko adiskidetasuna (sekulako sesio eskandalagarriak gorabahera), elkarri ematen diote kariñoa eta umorea, kontatzen denaren gordinari gailentzen zaizkio, eta pelikula indartsu eta emotibo bat eskaintzen du Kanadako zinemaren enfant terrible-ak.

Ia pelikula osoan, bost bat minutu eskasetan izan ezik, irudiak itxura bertikal hori du. Formatu panoramikoa hartzen du Steve 15 urteko gazteak arazo guztiak atzean utzi dituela pentsatzen duenean. Hori, ordea, ez da inoiz egiazki gertatzen.

Balizko Montreal bateko  gazteentzako atxilotze zentro batean dago Steve. Buru nahasmendua dauka eta hiperaktiboa da. Zerbait gertatuko da han dagoen bitartean, eta kaleratu egingo dute. Diane amak jasoko du eta etxera eraman. Hura ere kanporatu egingo dute, baina lanetik. Duela hiru urte galdu zuten aita-senarra, film osoan zehar azaltzen ez den arrazoiren batengatik.

Zaila da bien arteko harremana. Onean, Steve mutil maitagarria, talentuduna eta karismatikoa da; txarrean, aldiz, Hermano Mayor telebista saiorako profila ematen du zehatz-mehatz: lotsagabea, jeloskorra, txera minimoena ere adierazteko gaitasunik gabea… Hiriaren aldirietan bizi dira, eta pareko etxean emakumezko misteriotsu bat bizi. Kaylak bizitza aspergarria darama senar lanpetuarekin eta alaba txikiarekin. Behar du pizgarri bat, eta ahaleginduko da Steve hezten, hari eskolak ematen. Horri esker Dianek etxetik kanpo lan egin ahal izango du.

Iraganak, ordea, ez ditu bakean utziko. Sistema, XXI. mendean Mendebaldean gizartea eta gizakiaren zereginak antolatzeko nagusitutako sistema deshumanizatuak kinka larrian jarriko du Stevek, Dianek eta Kaylak haien artean sortutakoa. Hain zuzen, horri kritika egiten dio Dolanek.

Istorio lineala bezain oparoa narratu du, nahiz eta horretarako, agian, eta ustezko epikotasun baten mesedetan, gehiegizko baliabide narratibo-estilistikoak (Lana del Rey, Oasis, Dido eta Daft Punken abestiekin nahastuta, esaterako) erabiltzen dituen.

Maiatzean Cannesko Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatu zen, eta epaimahaiaren saria irabazi.

Mommy

 

Miseriekin dibertituz

P’tit Quinquin (Zabaltegi)

09:00etan ematen dute pelikula, eta badakizu 200 minutu irauten duela. “Kontatuko du zerbait… edukiko du zerbait…”, pentsatzen duzu, zeure artean, filmaren lehen planoak ikustean, Quinquin nerabezaroaren ateetan dagoen mutil ilehori bihurriari eta Eve haren laztanari erreparatzean. Susmo hori daukazu, edo eduki nahi duzu; horretan ahalegintzen zara, behintzat.

Eta kontatzen ditu gauzak Bruno Dumonten azkeneko lanak. Lau kapitulu dauzkan telesail bat da, baina bai aurtengo Cannesko Zinemaldiko Zuzendarien Hamabostaldia sailean eta baita Zabaltegi Donostiakoan ere, osorik, jarraian, proiektatu dute (atzo emititu zuten lehen kapitulua Arte katean, Frantzian, eta datorren ostegunean azkena).

Udako hilabeteak heldu dira Frantzia iparraldeko kostaldeko herri txiki batera, eta Quinquinek bihurrikerietan jarraitzeko intentzioa dauka. Pare bat hilketa estrainio gertatuko dira, ordea. Gizakien arrastoak agertuko dira behin batzuen barnean… Horiek ikertzen hasiko dira Van der Weyden komandantea eta Carpentier  tenientea. Baina hilketak argituko dituzten hari muturrak lotzen beharrean, eztabaida filosofiko antzuetan igarotzen du denbora bikote parodikoak. Hain zuzen, ukitu absurdu bikaina ematen diote bi pertsonaia horiek pelikulari.

Hilketa gehiago gertatuko dira herrian. Horretarako zioak pasionalak direla dirudi. Auskalo… Fatalitateaz mintzo da Van der Weyden jakintsua  Bien bitartean, uztailaren 14ko festa ospatuko dute; psikiatrikotik ateratako Quinquinen aitaren anaia agertuko da; abeslari hasiberrientzako lehiaketa patetiko eta dekandente bat egingo da, eta, agian, lozorroan zegoen xenofobia zantzuak eta inbidia azaleratuko da  ezer gertatzen ez den tokian, eguraldi onerakin Ingalaterrako kostaldea bera ikus daitekeen herrixka anodinoan.

Erdi aztoratuta daude herritarrak… Quinquinek zer gertatzen den badakiela dirudi, ordea; baita haren aita hitz gutxikoak ere, zaldien lehiaketetara joaten denak.

Tragikomedia zirikatzaile eta dibertigarria osatu du Dumontek, eta 200 minutuak, etengabeko postura aldaketak gorabehera, ez dira astunak egiten.

 

tit.jpeg