Heriotzaz, bizitzatik eta samurtasunez

Stille hjerte / Silent Heart (Sail Ofiziala)

Ikusleak badaki denon patua hiltzea dela, eta litekeena dela egun batean bera –hots, ikuslea–, edo gertuko duen norbait, heriotzaren atarian egokitzea heriotzaren hurbiltasun beldurgarri horretaz guztiz kontziente, eta orduan erabaki behar izatea zer nahiago duen: amaiera arte sufritu edo ahalik eta modurik gozoenean esan adio gertukoei eta ezagutzen duen munduari. Denok dakigu hori eta gainera, normalean behintzat, ez zaigu horretaz gogoratzea eta hitz egitea gustatzen.

Gai hori planteatu du hala ere Bille Augustek pelikula honetan, eta, hara!, gustura ikusten den istorio bat kontatu du gainera, umore ederreko pasartez ere hornitua; familiaren bilera, Pako Aristik esango lukeen bezala, marihuanazko bufanda batek biltzen duenekoa, adibidez.

Manikeismorik gabe eta samurtasunez, itxuraz oso diferenteak diren pertsonaiak, azken batean, neurri bertsuetan maitagarri eta gorrotagarri, arduratsu eta ganorabako, zintzo eta maltzur izan daitezkeela erakusten du filmak ordu eta erdian. Bizitzari urteen poderioz ikasten joaten gatzaizkion horixe bera.

 

jpg

Harribitxi existentziala

Los tontos y estúpidos (Zuzendari Berriak)

Izan daiteke… Maitasuna gauza asko izan daiteke. Adiskidetasun zintzo bat eraikitzea; zure ezinen jabe izatea; egindako lan txukunagatik albokoari zure esker ona irribarre batekin edo besarkada batekin adieraztea; desira duzun horrengatik borrokatzea…

Los tontos y los estúpidos Roberto Castonen bigarren pelikula (Ander ondu zuen 2009an) maitasunari buruzko saiakera zinematografikoa da; Existentziari buruzko harribitxi bat, hobeto esanda. Saiakera, zinemaren barruan zinema egiten duelako zinemagile galiziarrak. Izan ere, Donostian estreinatu duen lanak bestelakoa izan behar zuen hasieran. Ez zuen hori gauzatzeko adina diru lortu, eta egoera berrira moldatu behar izan zuen. Emaitza, baina, harrigarri ona da.

Lehen sekuentzian ikusten da nola iristen den pertsona multzo bat industrialde bateko lokal batera. Gero, Roberto Alamoren gidaritzapean (Urtaini buruzko antzezlana interpretatu zuena), plato handi batean entseatzen hasten dira aktoreak; hasten dira Paula, Mario, Miguel eta Lourdes.

Alamok irakurtzen du gidoia, aurkezten du eszena, eta antzezleak rolak jokatzen hasten dira. Paulak (Cuca Escribano) 45 urte dauzka, eta etsita dago bere senarrak ez duelako desiratzen. Mario (Josean Bengoetxea) 51 urteko medikua da bere senarra. Gauza dezente ezkutatzen ditu gizonak… Bi alaba dauzkate, eta haien guztien bizitzetan Andre izeneko Erasmuseko ikaslea, Itziar alabaren ikaskidea, sartuko da. Miguel psikologoak (Mikel Losada) 35 urte dauzka. Besteen penak entzuten ditu, baina ez dauka nori kontatu bereak. Lourdes 27 urteko supermerkatuko kutxazainaren (Nausicaa Bonnin) amak minbizia dauka. Hori gutxi balitz, berak ez daki zer egin bere bizitzarekin.

Lauen bizitzak gurutzatuko dira pelikulako hiru aktotan, eta pixkanaka gordeta zituztenak, pairatutako minak, ezinak, frustrazioak, desirak eta beste, azaleratuko dituzte. Azken finean bakarrik ez egotea bilatzen dute; maitasunarekin bere forma anitzetako batean topatzea, eta hura besarkatzea. Besterik ez dute nahi.

Jarraitu dezala Castonek pelikulak egiten. Den-denok esketuko diogu.

PD. Paula eta Mariok eta baita bere alabek ere euskaraz, bizkaieraz hain zuzen, hitz egiten dute batzuetan.

Tonto

Fikzio dokumentalizatua

César Chávez (Perlak)

Borroka tinkotasuna eta irmotasuna da, ausardia eta jarraikortasuna, esperantza eta bizipoza, baina baita zalantza, noraeza eta galera ere. Hori erakusten du César Chávez filmak. Hortik aurrera ezer gutxi, informazio historiko espero dezagun ondo dokumentatutik aparte. Dokumentalak gero eta sortzaileago agertzen zaizkigun garaiotan, biopic batzuk gero eta informatiboagoak ez al dira, edo behintzat alderdi estetiko, dramatiko edo poetikotik topiko samarrak eta barne taupada ahulekoak? César Chávez, adibidez.

slide-pena-chavez-movie[1]

Ezer ez eta kezka

Zarautzen erosi zuen (Zabaltegi)

Larritasun handirik gabeko gertaera bat zer kezka eta obsesio sortzera iritsi daitekeen erakusten du, besteak beste, Aitor Arregiren Zarautzen erosi zuen film laburrak, horretarako oinarri eta baliabide nagusi, ondo harilkatutako muntaketa batez gain, aktoreen lan sendoa duela, Nagore Aranburu indartsu eta une oro guztiz sinesgarri batek egindakoa bereziki.

Gertaera dramatiko larri eta ikaragarririk gabe, tentsioa eta are itolarria sentitzen du ikusleak, oso ezaguna eta enpatia errazekoa egiten zaion egoera baten lekuko den bitartean. Elementu guztiak, aktoreen lana bezala, ondo neurtuta daude eta ezer ez dago soberan, ezer ez da debaldekoa.

.480366074_1280x720