Harribitxi existentziala

Los tontos y estúpidos (Zuzendari Berriak)

Izan daiteke… Maitasuna gauza asko izan daiteke. Adiskidetasun zintzo bat eraikitzea; zure ezinen jabe izatea; egindako lan txukunagatik albokoari zure esker ona irribarre batekin edo besarkada batekin adieraztea; desira duzun horrengatik borrokatzea…

Los tontos y los estúpidos Roberto Castonen bigarren pelikula (Ander ondu zuen 2009an) maitasunari buruzko saiakera zinematografikoa da; Existentziari buruzko harribitxi bat, hobeto esanda. Saiakera, zinemaren barruan zinema egiten duelako zinemagile galiziarrak. Izan ere, Donostian estreinatu duen lanak bestelakoa izan behar zuen hasieran. Ez zuen hori gauzatzeko adina diru lortu, eta egoera berrira moldatu behar izan zuen. Emaitza, baina, harrigarri ona da.

Lehen sekuentzian ikusten da nola iristen den pertsona multzo bat industrialde bateko lokal batera. Gero, Roberto Alamoren gidaritzapean (Urtaini buruzko antzezlana interpretatu zuena), plato handi batean entseatzen hasten dira aktoreak; hasten dira Paula, Mario, Miguel eta Lourdes.

Alamok irakurtzen du gidoia, aurkezten du eszena, eta antzezleak rolak jokatzen hasten dira. Paulak (Cuca Escribano) 45 urte dauzka, eta etsita dago bere senarrak ez duelako desiratzen. Mario (Josean Bengoetxea) 51 urteko medikua da bere senarra. Gauza dezente ezkutatzen ditu gizonak… Bi alaba dauzkate, eta haien guztien bizitzetan Andre izeneko Erasmuseko ikaslea, Itziar alabaren ikaskidea, sartuko da. Miguel psikologoak (Mikel Losada) 35 urte dauzka. Besteen penak entzuten ditu, baina ez dauka nori kontatu bereak. Lourdes 27 urteko supermerkatuko kutxazainaren (Nausicaa Bonnin) amak minbizia dauka. Hori gutxi balitz, berak ez daki zer egin bere bizitzarekin.

Lauen bizitzak gurutzatuko dira pelikulako hiru aktotan, eta pixkanaka gordeta zituztenak, pairatutako minak, ezinak, frustrazioak, desirak eta beste, azaleratuko dituzte. Azken finean bakarrik ez egotea bilatzen dute; maitasunarekin bere forma anitzetako batean topatzea, eta hura besarkatzea. Besterik ez dute nahi.

Jarraitu dezala Castonek pelikulak egiten. Den-denok esketuko diogu.

PD. Paula eta Mariok eta baita bere alabek ere euskaraz, bizkaieraz hain zuzen, hitz egiten dute batzuetan.

Tonto

Leave a Comment.