Kontatzearen gustua

Hubert Le Blonen azken hegaldia (Zabaltegi)

Konta zitekeen beste modu batean Hubert Le Blonen bizitza, eta baita Donostian egin zuen azken hegaldian aurkitu zuen heriotza ere, baina Koldo Almandozek berea bilatu du, ondo hautatutako laguntzaileengana joz horretarako: Isabel Hergueraren ilustrazioak, Kristiane Etxaluzen offeko ahotsa, Mamma Milk!-en musika, Laurent Dufrecheren muntaketa, Marian Fernandez Pascalen ekoizpen lan konplizea…

Konta zitekeen beste modu batean Hubert Le Blonen bizitza, eta baita Donostian egin zuen azken hegaldian aurkitu zuen heriotza ere, baina Koldo Almandozek bere laguntzaileekin batera taxutu duena gozo sartzen da ikuslearengana, dokumentalaren berezko balioei sormen artistiko librearen erakarmena gehitzen asmatzen duelako.

1posterraLB

Erakargarria bai, bete-betea ez

La isla mínima (Sail Ofiziala)

Argazkilaritzaren eta girotzearen aldetik ondo dago filma, ikusgarria da, gozamen bat. Ideologikoki talka egiten duten bi polizien arteko tentsioarena ideia ona da, eta jokoa ematen du film osoan, hasieratik amaiera arte. Baina berez aski sinplea eta igartzen erraza den tramak nekez ulertzen diren errebuelta arraroak hartzen ditu gero, ikuslea noraezean eta aspertzeko zorian uzteko aproposak. Hor galtzen du indarra hasieran oso erakargarria egiten den film honek, ireki eta gero tapoiarekin behar bezala estali ez den gaseosaren antzera.

.IM1

Poesia eraldatua

Soroa (Zabaltegi)

Fikzioko filmtzat har daiteke Asier Altunaren Soroa, baina ez du ez pertsonaiarik eta ez elkarrizketarik. Trama, argumentu edo istorio minimo bat besterik ez, eta aktoreak… bai, baina haien gorputz atal baino ez dute erakusten kameraren aurrean, normalean arretarik bereganatzen ez duen atal txikitxo bat.

Fikzioko filmtzat har daiteke Soroa, baina poesia film bihurtzeko saio ezinbestean poetikoa da azken batean. Poesia film bihurtzeko ez du gainera poema bat hartzen, gutxiago baizik: poema bateko esaldi bat.

Kasu honetan behintzat, poesia, film bihurtzean, ez da galtzen, eraldatzen baizik. Eta hori da film honen lorpena, Asier Altunaren meritua.

img_19190