Loreak besterik ez, baina…

Loreak (Sail Ofiziala)

Anek (Nagore Aranburu) ia pelikula osoan daukan aurpegikerak ikusle alaiena ere tristetzen du. 40 bat urte dauzka, eraikuntza enpresa bateko bulego mugikorrean lan egiten du, eta Ander senarrak ez dio kasu gehiegi egiten. Abailduta bizi da, baina norbaitek, auskalo nork, loreak bidaltzen dizkio etxera, ostegunero. Autobusean ezezagunekin ere fantasatzean du, igorlea haietako bat dela irudikatuz. Egia esan, hori du bere eguneroko hitsaren ihesbide bakar.

Beñat da (Josean Bengoetxea) eraikuntza enpresa horretako garabilarietako bat. Pertsona atsegina eta lorezalea da . Bada, ordea, zapuzten duen zerbait: Tere haren amak (Itziar Aizpuru) ez du Lourdesekin (Itziar Ituño) daukan harremana onartzen. Gertakari zoritxarreko baten ondorioz, baina, hiru emakumezkoen bizitzak gurutzatuko dira, eta hain ezinak are gehiago azaleratuko dira.

Inkomunikazioari, minari, eta memoriari buruzko drama hunkigarria osatu dute Jon Garaño eta Jose Mari Goenagak (egin dutena “suspentsezko drama” bat dela esan izan dute biek, umorez). Gidoiaren harilketa ezin egokiagoari esker tentsioari eusten dio kontakizunak, eta ez dago plano bat bera ere sobera. Pascal Gaigneren musikak, gainera, istorioak eragiten duen ezinegon, tristura eta malenkonia hori areagotzen du.

Pelikulako une batean, toki batean plastikozko loreak utzi dituztela-eta, kexu da protagonistetako bat. Ondotik erantzuten diote: “Eta?Loreak besterik ez dira-eta…”. Baina, baina a zer nolako sentipenak eragiten dituzten Garaño eta Goenagaren fikziozko bigarren film luzean…

lo

 

Ez duk erraza, comemierda

Retour à Ithaque (Perlak)

Habanako terraza batetik begiratuz gero ageri den paisaiaz gain, Laurent Canteten Retour à Ithaque filmak erakusten du oso laburra izan daitekeela atxikimendutik traiziorako bidea, adiskidetasunetik etsaigorakoa. Eta Iraultza bere burua jaten amaitzen duen munstro bat bilaka daitekeela. Hemen ere, geure artean, bestelako egoera batzuetan bada ere, ikusi, bizi eta egiaztatu izan dugun fenomeno bat; ez atmosferikoa, humanoa baizik, bete-betean humanoa.

Ez da hori guztia. Horrez gain, filmean ikusten da askoz ere zentzugabeagoa, eta batez ere askoz ere antzuagoa, dela inor epaitzea, inor erruduntzat jotzea, inori traizioa leporatzea, haren benetako arrazoiak ulertzera iristeko ahalegin zintzoa egitea baino.

Film hau ez da, nire ustez, ez Iraultzaren aldeko eta ez Kubaren aurkako, ez Iraultzaren aurkako eta ez Kubaren aldeko aldarri bat, zinezko Itaka batera iristeko zailtasunei aurrez aurre begiratzeko saioa baizik.

retour-a-ithaque