Loreak besterik ez, baina…

Loreak (Sail Ofiziala)

Anek (Nagore Aranburu) ia pelikula osoan daukan aurpegikerak ikusle alaiena ere tristetzen du. 40 bat urte dauzka, eraikuntza enpresa bateko bulego mugikorrean lan egiten du, eta Ander senarrak ez dio kasu gehiegi egiten. Abailduta bizi da, baina norbaitek, auskalo nork, loreak bidaltzen dizkio etxera, ostegunero. Autobusean ezezagunekin ere fantasatzean du, igorlea haietako bat dela irudikatuz. Egia esan, hori du bere eguneroko hitsaren ihesbide bakar.

Beñat da (Josean Bengoetxea) eraikuntza enpresa horretako garabilarietako bat. Pertsona atsegina eta lorezalea da . Bada, ordea, zapuzten duen zerbait: Tere haren amak (Itziar Aizpuru) ez du Lourdesekin (Itziar Ituño) daukan harremana onartzen. Gertakari zoritxarreko baten ondorioz, baina, hiru emakumezkoen bizitzak gurutzatuko dira, eta hain ezinak are gehiago azaleratuko dira.

Inkomunikazioari, minari, eta memoriari buruzko drama hunkigarria osatu dute Jon Garaño eta Jose Mari Goenagak (egin dutena “suspentsezko drama” bat dela esan izan dute biek, umorez). Gidoiaren harilketa ezin egokiagoari esker tentsioari eusten dio kontakizunak, eta ez dago plano bat bera ere sobera. Pascal Gaigneren musikak, gainera, istorioak eragiten duen ezinegon, tristura eta malenkonia hori areagotzen du.

Pelikulako une batean, toki batean plastikozko loreak utzi dituztela-eta, kexu da protagonistetako bat. Ondotik erantzuten diote: “Eta?Loreak besterik ez dira-eta…”. Baina, baina a zer nolako sentipenak eragiten dituzten Garaño eta Goenagaren fikziozko bigarren film luzean…

lo

 

Leave a Comment.