Gogoa eta tripak nahastuta

Cain’s Children (Zuzendari Berriak)

Hungaria komunistako kartzela bortitzenari buruzko dokumentala da Bebukottak (1984). Han zentsuratuta egon zen Berlingo harresia erori bitartean (1989). Marcell Gerö zinemagileak duela hiruzpalau urte ikusi zuen, eta izututa geratu zen lan hark kontatzen zuenarekin. Filmean parte hartzen zuten 15 eta 18 urte arteko hiru neraberen testigantzek zur eta lur utzi zuten, eta haiek pairatutakoa entzuteko irrikaz haien bila jotzea erabaki zuen. Aurkitu zituen espetxean 10 eta 15 urte artean pasatu zituzten gazteak, elkarrizketatu, haien bizitza hondatu eta tristeetan sartu, eta hori erakutsi du Cain’s Children dokumental ezin lehor eta latzagoan. Tripak eta gogoak nahasten dituen film horietako bat da.

Zsoltek 13 urterekin hil zuen lagun bat, bere ama sexu harremanak edukitzera behartu nahi zuelako; Palik 14 urte zituenean hil zuen aita; eta Gabok, 15 urterekin, gazteentzako presondegi bateko irakaslea. Izugarrikeri horiek gertatu eta 30 urtero hori egiteko arrazoiez galdetuta, hiruetako inork ez du erantzun garbirik ematen. Ez dakite zerk eraman zituen modu horretan jokatzera.

Pali Hungariako landa eremu txiro batean bizi da amarekin. Seme bat ere badauka, baina oso noizean behin ikusten du. Ez dago ondo. Alkoholikoa da, eta lapurreta txikiak direla medio sarri espetxeratzen dute atzera. Gabor da hiruetan humanitate zantzuak erakusten dituen bakarra. Latak eta zigarrokina biltzetik bizi da hiri bateko aldirietan, eta emazte ohiaren etxe goibel eta penagarrian hartzen du ostatu. Ona da bien arteko harremana. Zsolt psikiatriko batean dago. Hainbat neska-lagun eduki ditu, eta demokraziaz, politikariez eta bestez mintzo da. Une batean zera esango du: “Nitaz trufatzeari utzi zioten, egin nuena egin nuenean. Pentsatzen zuten psikopata bat nintzela, baina behintzat ez ziren ausartuko berriro nitaz trufatzen”.

Hiru protagonisten familiako kideekin ere mintzatu da Gerö. Haietako ia inork ez du, ordea, kartzelan egon zirenekin enpatizatzen; ez dute samurtasunik adierazten. Are gehiago: barre ere egiten diete, eta baita erabateko erruduntzat jo. Gerören asmoa ez da, baina, inor epaitzea. Hungariako gaur egungo biztanle askoren miseria gorria, ezina eta tristura erakusteko intentziorik ere ez zuen, baina protagonistek, Bebukottak-en ikusi zuenak, horretara bultzatu dute ia nahigabe.

 

Noiz jaten da hemen?

The Salt of the Earth (Wim Wenders eta Juliano Ribeiro Salgado)

Nekez izan zitekeen kaxkarra Wim Wendersek Sebastião Salgadori buruz eta haren argazkien laguntzarekin egindako filma, eta The Salt of the Earth ez da film kaxkarra.

Sebastião Salgadoren bizitza eta ibilbide profesionala errepasatzen du pelikulak, Sebastião Salgado bera baino gehiago bere argazkiak erakutsiz, filmaren indarra haietan oinarrituz. Planteamenduak ez du huts egiten. Argazkiek pantaila bikain betetzen dute eta filmak primeran egiten du bere bidea.

Aretotik irtendakoan, ordea, galdera bat etorri zait burura, galdera guztien ama den galdera, Siniestro Total punk-rock talde galiziar gaztelaniadun mitikoak bere lehen diskoari izenburua emateko erabili zuen funtsezko galdera primigenioa: Noiz jaten da hemen? (“¿Cuándo se come aquí?”).

Miseriaren argazki erdiragarri horiek egin zituen egunetan, Sebastião Salgadok noiz eta zer jaten zuen jakiteko gogoz geratu bainaiz. Ez gai horren inguruan inolako susmo txarrik dudalako, jakin-minagatik baizik; neure burua antzeko egoera batean irudikatuz Sebastião Salgado hobeto ulertzeko.

Filmeko une batean, Sebastião Salgadok dio Ruandara egindako bidaietako batean gaixotu egin zela, “baina ez gorputzez arimaz baizik”. Ni, ordea, Sebastião Salgadoren gorputzak miseriaren aurrean nola erantzun zuen jakiteko gogoz geratu naiz. Non heukan burua, Wim, Sebastiãori horretaz galdetu behar hion unean? Seguru bazkaltzeko ordua iritsi zela justu orduan, eta, geroko utzita, bazkalondoan ahaztu egin zitzaiala.

The-Salt-of-the-Earth-3-e1400685371476