Askatasun egarri baten atzetik

Bande de filles (Perlak)

Ibaiak itsasoa bezala bilatzen du Mariemek askatasuna, nahi duena egiteko aukera izatea inoren menpeko izan gabe. Badaki bide horretan sortuko zaizkion oztopoei aurre egiteak nahigabe eta arazo asko ekarriko dizkiola, baina prest dago aurrera egiteko. Ez daki, edo ez du adierazten behintzat, zer nahi duen benetan, zein den bere ametsa. Baina argi du zer ez duen nahi, ezingo lukeela jasan bere burua amarenaren gisako bizimodu apal eta menpekora kondenatuta dagoela jakitea.

Mariemeri jarraituz hainbat jende eta giro ezagutuko ditu ikusleak, arrotzak alderdi batzuetatik baina oso gertukoak, ia etxekoak, beste askotatik. Tonu nagusia tristea eta iluna bada ere, badira une alai eta distirantak ere, bandako lau neskak, dena emanda, Rihannaren Diamonds kantatzen eta dantzatzen dutenekoa, adibidez.

Eskertzen zaio Celine Sciamma zuzendariari Paris inguruko banlieu-etako alderdi basatian paseotxo bat egiteko aukera atsegin hau.

 

bande-de-filles-girlhood-22-10-2014-4-g.

Dokumentuaren balioa

Lasa eta Zabala (Sail Ofiziala, lehiatik kanpo)

Estreinatu dute Lasa eta Zabala pelikula, eta esan daiteke Pablo Malo pelikularen zuzendaria onik atera dela. Lanak badauka-eta balioa garai gatazkatsu, biolento eta ilun baten dokumentu gisa; GALek Espainiako Gobernuaren bultzada eta baimenarekin abiarazitako Gerra Zikina ondo esplikatzen duelako; eta kontaketak, sekuentzia jakin batzuek, batez ere, berea inpaktatzen dutelako. Joxean Lasa eta Joxi Zabalak jasan zituzten torturen eszenetan kontuan hartzeko lana egin dute Jon Anza eta Cristian Merchan aktoreek.

Filma osatzeko Lasa eta Zabalaren hilketa eta desagerpenari buruzko sumarioari tira egingo ziola agindu zuen Malok, eta horrek hezurmamitzen du narrazioa. Beraz, IƱigo Iruin abokatuak (Unax Ugaldek jokatu du haren rola) kasua argitzeko ahaleginean frogak biltzen eta epaiketan egindako lanak pisu handia dauka pelikulan. Vaquero, Dorado, Bayo, Galindo eta Migueliz guardia zibilek jokatutako paper beldugarria ere ondo esplikatzen du Malok.

Baionan ETAko errefuxiatuak 80ko hamarkadaren hasieran bizi zuten giroa azaltzen du lanak aurreneko sekuentzietan. Kontaketa kronologikoa egiten du gero, flashback-ak zentzuz erabiliz eta Joanes Urkixok idatzitako gidoiak tensioari uneoro eustea ahalbidetzen du. Bainaren bat jartzekotan, agian pertsonaia gehiagi azaltzen dira, eta horietako ia inoren erretratu psikologikorik egiten ez denez, ez da erraza haiekin erabat enpatizatzea.

Jim Sheridanek eta Ken Loachek Irlandako gatazkaz egin dituzten filmak hartu ditu erreferentzia moduan Malok filma osatzerakoan, baina, beharbada, emaitza zinematografikoa, hain bat arrazoi tarteko, ez da aipatutako zinemagileek egindako lanen mailara heltzen.