Dokumentuaren balioa

Lasa eta Zabala (Sail Ofiziala, lehiatik kanpo)

Estreinatu dute Lasa eta Zabala pelikula, eta esan daiteke Pablo Malo pelikularen zuzendaria onik atera dela. Lanak badauka-eta balioa garai gatazkatsu, biolento eta ilun baten dokumentu gisa; GALek Espainiako Gobernuaren bultzada eta baimenarekin abiarazitako Gerra Zikina ondo esplikatzen duelako; eta kontaketak, sekuentzia jakin batzuek, batez ere, berea inpaktatzen dutelako. Joxean Lasa eta Joxi Zabalak jasan zituzten torturen eszenetan kontuan hartzeko lana egin dute Jon Anza eta Cristian Merchan aktoreek.

Filma osatzeko Lasa eta Zabalaren hilketa eta desagerpenari buruzko sumarioari tira egingo ziola agindu zuen Malok, eta horrek hezurmamitzen du narrazioa. Beraz, Iñigo Iruin abokatuak (Unax Ugaldek jokatu du haren rola) kasua argitzeko ahaleginean frogak biltzen eta epaiketan egindako lanak pisu handia dauka pelikulan. Vaquero, Dorado, Bayo, Galindo eta Migueliz guardia zibilek jokatutako paper beldugarria ere ondo esplikatzen du Malok.

Baionan ETAko errefuxiatuak 80ko hamarkadaren hasieran bizi zuten giroa azaltzen du lanak aurreneko sekuentzietan. Kontaketa kronologikoa egiten du gero, flashback-ak zentzuz erabiliz eta Joanes Urkixok idatzitako gidoiak tensioari uneoro eustea ahalbidetzen du. Bainaren bat jartzekotan, agian pertsonaia gehiagi azaltzen dira, eta horietako ia inoren erretratu psikologikorik egiten ez denez, ez da erraza haiekin erabat enpatizatzea.

Jim Sheridanek eta Ken Loachek Irlandako gatazkaz egin dituzten filmak hartu ditu erreferentzia moduan Malok filma osatzerakoan, baina, beharbada, emaitza zinematografikoa, hain bat arrazoi tarteko, ez da aipatutako zinemagileek egindako lanen mailara heltzen.

 

 

 

Leave a Comment.