Zintzoak eta gaiztoak

1980eko erdialdea da, eta Nick (Josh Hutcherson) surflari happy kanadiarra Kolonbiako kostaldeko herrixka paradisiako batera helduko da, han janari eta edari salmenta negozio txiki bat dauka-eta Dylan anaiak. Nick gaztea Mariaz (Claudia Traisac) maiteminduko da, eta laster ikusiko du neskaren osaba mitinero bat dela; herri txiroari itxaropena promesten dion gizona populista dela; Pablo Escobar (Benicio del Toro) Medellingo droga kartel boteretsuaren (Kolonbia) buru ahalguztiduna dela.

Pablo Escobar existitu zen; munduko trafikatzailerik ospetsuena izan zen; baina istorioa fikzionatua da. Andrea Di Stefano filmaren egileak (bere estreinako lana da) adierazi du Escobarrez eta garai hartaz ezagutza handia zuen konfiantzazko iturri batek kontatukoen arabera osatu duela fikzioa.

Hasieran nahiko ondo moldatzen da Nick Escobarren rantxoan. Capo-a ongi portatzen da harekin, eta gainera lana ematen dio piszina garbitzaile gisa. Familiakoak ere maitasunez tratatzen ditu narkoak. Pixkanak gauza arraroak ikusten eta entzuten hasiko da, ordea, eta bere maitearen osaba parte onekoa ez dela iritzita, rantxotik alde egitea iradokiko dio Mariari. Hala gertatuko da.

Handik urte batzuetara, jada Escobar politikaria denean (baina ez dio trafikatzailea izateari utzi) , mesede bat eskatuko dio Nicki. Behartuta lagunduko dio surflari ohiak; Escobarrek, baina, edonon ikusten ditu mamuak… Eta horietako bat da Nick. Dylan anaiak, gainera, Kolonbian jarraitzen du…

Suspentsezko trama bat osatu du Di Stefanok, baina pertsonaiak zintzoen eta gaiztoen artean banatu ditu, eta horrek entitatatea kentzen dio azken emaitzari. Del Toro, betiko moduan, maila onean.

 

 

Iñigo Iruinen argibideak ‘Lasa eta Zabala’-ren estreinaldiaren ondoren

Pablo Maloren Lasa eta Zabala-ren estreinaldiaren ondoren, Iñigo Iruin abokatuari filmari buruzko iritzia emateko eskatu genion atzo, politikaren eta kulturaren munduko beste hainbat pertsona ezaguni bezala. Espazio faltaz, oso laburtuta argitaratu ditugu paperean Iruinen hitzak. Hona hemen, hitz horien transkripzio zabalago bat:

Filmaz:

“Egin behar zen pelikula bat da, historiako pasarte garrantzitsu bat, pantailara derrigorrez eraman behar zena. Pelikula gogorra da, baina ondo adierazten du gertatutakoa. Gertaera gogorra izan zen eta krudeltasun hori agertzen da, eta horrez gain oso modu egokian azaltzen du klabeetako bat: Lasa eta Zabalari gertatutakoa estatu terrorismoa dela. Ez zen soilik mertzenarioen terrorismoa. Estatua inplikatuta zegoen. Estatu terrorismoa zer den eta noraino iritsi zen erakusten du filmak”.

Benetan gertatu ez zirenez:

“Batetik, ez da egia bonba-pakete batek nire laguntzailea hil zuenik. Egia da bonba-pakete bat bidali zutela ni hiltzeko asmotan, baina zorionez ez zuen eztanda egin. Guardia zibilek, damututa, paketea neutralizatu zuten destinora heldu aurretik, garai berean bidalitako beste pakete batek postari bat hil eta gero. Hori gainera beste une batean gertatu zen, 1989an, eta ez, filmean bezala, 1995ean.

”Bestetik, nik ez nion zerbitzari bati gogoratzen ez zuen zerbait gogoratzen zuela esateko eskatu. Egia da Costa Vasca hotelean afaldu zutela Rafael Verak, Enrique Rodriguez Galindok eta Julen Elorriagak, eta bitartekari baten bidez bi zerbitzarien lekukotasuna jasotzen saiatu nintzela. Baina hasieratik esan zuten ez zutela deklaraziorik egin nahi. Arriskutsua iruditzen zitzaien, hotelaren jabea eta Vera lagunak zirelako. Nik ez nuen harreman zuzenik izan zerbitzari haiekin. Hortik tiraka gidoiaren egitura dramatikoaren mesedetan asmatu dute gainerako guztia.

”Egia esan, ez dira parte horiek gehien gustatzen zaizkidanak, ez dira gozoki bat niretzako, baina onartzen dut fikzioaren beharrei erantzun dietela hori horrela eginda. Orokorrean txalotu egin behar da Pablo Malok, Unax Ugaldek eta gainerako aktoreek eta talde osoak egindako lana. Gertutik jarraitu dut filmaketa, pasarte batzuk nire bulegotik gertu filmatu direlako, eta badakit aktore batzuei ere oso gogorra egin zaiela pelikulak kontatzen duena”.