Modianoren pasarte hautatu batzuk

Jokin Zaitegi beka eman ezinik geratu zen iaz AED, Kutxa Fundazioak horretarako ematen zion diru-laguntza bertan behera utzi eta gero. Beka horren bidez Nobel saria irabazi zuen idazlearen liburu baten euskarazko itzulpena sustatzen zen. Dena den, Modianoren kasuan, badira bi liburu eskarara itzulita (Udaberri alua, Pello Lizarraldek itzuli eta Igelak 2008an argitaratua; eta Villa Triste, Joseba Urteagak itzuli eta Igelak 2011n argitaratua). Hemen Modianoren hainbat liburutako pasarte hautatuak paratu ditut, euskaraz:

Livret de famille (1977)

“Besoetan neraman alabatxoa. Lo zegoen, bere burua nire sorbaldan atsedenduta, Deusek ez zion loa galarazten. Ez zuen, artean, memoriarik”. (Anjel Lertxundiren itzulpena, 2014-10-10eko Berria-n)

Vestiaire de l’enfance (1989)

“Bizirik irtendako pertsonen iraupenaren gaia da, iraganean galdutakoak egun batean berraurkitzeko itxaropenarena”.

“Urteekin hazten ari zen zama batez arintzeko erbesteratu naiz hona, eta nire liburuetan adierazten saiatzen nintzen erruduntasun batez. Zeren errudun? Bolada luze batean amets bera izan nuen askotan: gau batez, auto bat hondoratzen zen Marne ibaiaren uretan. Nik doi-doi lortua nuen onik irtetea, nirekin zegoen pertsona abandonatuta. Ibaiertzeko pontoi batean geldirik, auto hura poliki-poliki uretan nola murgiltzen zen begiratzen nuen, zirkinik egin gabe. Gaur egun ez dut ametsik egiten”.

Dimanches d’Août (1989)

“Gaua epela zen. Alsazia-Lorenako parkeraino paseatuz joan eta banku batean eseri nintzen, zabuen eta hondarrezko laukiaren atzean. Maite dut leku hau larizio-pinuengatik eta zeruaren aurka hain garbi ebakitzen diren eraikinengatik. Arratsalde batzuetan hona etortzen nintzen Sylviarekin esertzera. Seguru sentitzen ginen beren haur txikiei adi zeuden ama haien guztien artean. Inori ez zitzaion bururatuko gure bila parke hartara etortzerik. Eta jendea, gure inguruan, ez zen gutaz arduratzen. Guk ere, azken batean, izan genitzakeen txirristan behera labaintzen ari ziren haurrak, edo hareazko gazteluak egiten ari zirenak”.

“Uda hartan bero handia izan zen eta ziur ginen han ez gintuela inork aurkituko. Arratsaldean lubeta zeharkatu eta jendetzarik handiena biltzen zuen hondartza zatia bilatzen genuen. Orduan hondartzara jaisten ginen geure bainu oihalen gainean etzateko tarte libre bat aurkitu arte. Inoiz ez gara une haietan bezain zoriontsu izan, “Ambre Solaire” usaineko jendetza tartean galduak. Umeek, gure inguruan, beren hondarrezko gazteluak eraikitzen zituzten eta saltzaile ibiltariak gorputz etzanen gainean pasatzen ziren beren izozkiak eskainiz. Mundu guztia bezalakoak ginen, ezerk ez gintuen besteengandik bereizten, abuztuko igande haietan”.

Chien de printemps, 1993

“Jardin horretan desagertu behar nuen. Bazko asteleheneko jendetzaren artean. Memoria galtzen ari nintzen eta ez nuen jada oso ongi ulertzen frantsesa, nire ondoko emakume haien hitzak onomatopeiak baino ez baitziren nire belarrietan. Azken hogeita hamar urteetan egin nituen ahaleginak lanbide batean jarduteko, nire bizitzari koherentzia emateko, hizkuntza bat ahalik eta hobekien hitz egiteko eta idazteko nire nazionalitateaz erabat ziur egon nendin, tentsio hura guztia desegina zen bat-batean. Kito. Jada ez nintzen deus. Handik gutxira jardinetik aterako nintzen metro geltoki baterantz, eta hortik tren geltoki batera eta gero portu batera. Burdinazko hesiak itxitakoan, niretik nik neraman zira baino ez zen geratuko, bola bat eginik, jarleku baten gainean”. (Pello Lizarralderen itzulpena, Udaberri alua itzulpenean, Igela, 2008)

Dora Bruder (1997)

“Orduko Parisen eta gaurkoaren artean lotura bat ezartzen duen bakarra izateko irudipena daukat, xehetasun txiki hauetaz oroitzen den bakarra. Batzuetan lotura hori mehetu egiten da ia-ia eteteraino; baina zenbait gautan atzoko hiria isla isiletan agertzen zait gaurkoaren atzean”.

“Bat-batean ulertu nuen Okupazioaren garaiko ikusleen begiradek kutsatuta zegoela pelikula hura: klase guztietako ikusleak, gerratik bizirik irten ez zirenak haietako asko. Ezezagunerantz eraman zituzten arrastaka, menia bat baino izan ez zen larunbat gau batez filma ikusi eta gero. Gerra eta kanpoko mehatxua ahaztu egiten ziren emanaldiak irauten zuen bitartean. Elkarren aurka estutzen ziren aretoaren iluntasunean, pantailako irudien olatuari jarraituz, eta orduan ja ezin zen ezer gertatu. Eta begirada haiek guztiek, prozesu kimiko moduko baten bidez, pelikularen mamia bera eraldatua zuten, argia, aktoreen ahotsak. Horixe da Premier rendez-vous filmeko irudi itxuraz garrantzirik gabekoei begira, Dora Bruderrengan pentsatuz, sentitu nuena”.

“Badira betiko oharkabean geratuko diren kasualitate, topateka eta bateratzeak”.

Addenda. Elkarrizketa batetik

“Ez da Okupazio historikoa nire lehen hiru nobeletan deskribatzen dudana, nire jatorrien argi zalantzazkoa da. Dena kordokatzen deneko eta dena behera datorreneko giro hori”.