Kanonaren harkaitza

Euskaraz idazten du, inoiz ez beste hizkuntza batean; ez euskalkian, batuan baizik; eta abertzaletasunaren ingurukoa da ideologikoki. Horrelatsu definitu zuen euskal idazlearen gaur egungo kanona, ez hitz horiekin zehazki baina bai gutxi gorabehera, Luis Haranburu Altunak atzo, ETB1ean, Xabier Usabiagak gidatutako euskal kulturari eta Durangoko Azokari buruzko debatean. Gero beste hiru ezaugarri gehitu zizkion kanonari Laura Mintegik, eta Luis Haranburu Altunak esker onez hartu zituen: gizonezkoa da; erdigunekoa da, ez periferiakoa; eta ez dago politikoki markatuta.

“Ez dakit kanona, baina Cano bai ondo definitu dutela”, pentsatu nuen neure artean.

Argi dago, ordea, Harkaitz Cano ez dela kanonikoa soilik ezaugarri horiek betetzeagatik, eta nik uste dut (hau eztabaidagarriagoa den arren) kanonikoak direla ezaugarri horiek betetzen dituzten idazle batzuk, idazle asko. Egin liteke azterketa bat, antologiak, sari nagusiak eta Etxepare Euskal Institutuak antolatutako bidaietako idazleen zerrendak errepasatuz, eta aztertuz haietako zenbatek huts egiten duten Haranburu Altunak eta Mintegik aipatutako ezaugarrietan, eta zenbat bider bakoitzak. Baina orain ez dut astirik horretarako.

Bien bitartean, aitorturik ere litekeena dela ezaugarri horiek guztiak, bakoitza bere neurrian, lagungarriak izan daitezkeela (eta ez luketela izan behar), nik ez dut hain itxia ikusten euskal literaturaren kanona, ez zait hain harkaitz gotorra iruditzen.

Hasi da festa

Hau baldin bada 49.a, zer izango ote da 50.a? Jendez beteta daude dagoeneko Landakoko barne-kaleak. Gaztetxoak dira nagusi, eta interes gehiago dute diskoetan liburuetan baino. Antolatzaileak urduri, baina gustura ikusten dira, dena ondo hasi delako, edo behintzat espero zen bezala, nahigabeko ezustekorik gabe. “Zein izango dira aurten salduenak?”, galdetu dit lagun batek, hemen topo egitean. Galdera zaila, ondo erantzun nahi bada, edo erraza halamoduz erantzuteko aukera izanez gero. Bigarren aukerari eutsiz, liburuetan behintzat, nik uste dut Toti Martinez de Lezea izango dela nagusi, eta seguru asko gaztelaniazko bertsioan. Hortik aurrera, ez dakit ba… Dolores Redondo akaso? Eta gero bai, gero euskaraz idazten dutenak: Atxaga, Elorriaga, Urretabizkaia, Rozas, Aristi, Sarrionandia, Otamendi… Diskoetan, berriz, seguru nago Ordorikarena hona etorriko diren gehienen zerrendetan izango dela. Dena den, ez dugu datu zehatzik izango, eta denoi ere berdin izango zaigu, hau ez baita lehiaketa bat, azoka bat baizik, eta azokaren inguruan festa bat, bakoitzak bere moduan bizi duena.