Elefante bat pasilloan

Durangoko Azokatik etxera ekarritako oroitzapenetan Bernardo Atxagari zor diodan bat nagusitzen da: elefante bat pasilloan.

Gogoetaren Plazako bere solasaldian, Atxagak esan zuen euskal kultura “gailendu” dela, baduela dagoeneko errealitate sozial sendo eta ukaezin bat, baina oraindik ere badirela “tentsioak”, eta badirela begien bistakoa dena ikusten ez dutenak edo ukatzen dutenak.

Euskal kultura, Atxagaren ikuspuntu horretatik begiratuta, “elefante bat pasilloan” da. Elefante  bat dago pasilloan, eta galdetzen duzu: “Ikusten duzu elefantea pasilloan?” Eta esaten dizute: “Ez”.

Ondo islatzen du horrek Durangoko Azokan murgildu ostean etxera itzultzean sentitzen dena. Irteten zara handik, esku muturrekin ukitu eta laztandu ahal izan duzun elefantearen ondo-ondotik, eta pixka bat urruntzea aski duzu jabetzeko zein ikusezina den zuri hain handia iruditu zaizun elefante hori.

Augusto Monterrosoren dinosauroa gogoan, ipuin hau idatz zitekeen atzo, edo idatz daiteke gaur: “Durangoko Azokako pasilloetatik irten zenean, ez zen elefanterik inondik ere ageri”.

Leave a Comment.