Gogoa eta tripak nahastuta

Cain’s Children (Zuzendari Berriak)

Hungaria komunistako kartzela bortitzenari buruzko dokumentala da Bebukottak (1984). Han zentsuratuta egon zen Berlingo harresia erori bitartean (1989). Marcell Gerö zinemagileak duela hiruzpalau urte ikusi zuen, eta izututa geratu zen lan hark kontatzen zuenarekin. Filmean parte hartzen zuten 15 eta 18 urte arteko hiru neraberen testigantzek zur eta lur utzi zuten, eta haiek pairatutakoa entzuteko irrikaz haien bila jotzea erabaki zuen. Aurkitu zituen espetxean 10 eta 15 urte artean pasatu zituzten gazteak, elkarrizketatu, haien bizitza hondatu eta tristeetan sartu, eta hori erakutsi du Cain’s Children dokumental ezin lehor eta latzagoan. Tripak eta gogoak nahasten dituen film horietako bat da.

Zsoltek 13 urterekin hil zuen lagun bat, bere ama sexu harremanak edukitzera behartu nahi zuelako; Palik 14 urte zituenean hil zuen aita; eta Gabok, 15 urterekin, gazteentzako presondegi bateko irakaslea. Izugarrikeri horiek gertatu eta 30 urtero hori egiteko arrazoiez galdetuta, hiruetako inork ez du erantzun garbirik ematen. Ez dakite zerk eraman zituen modu horretan jokatzera.

Pali Hungariako landa eremu txiro batean bizi da amarekin. Seme bat ere badauka, baina oso noizean behin ikusten du. Ez dago ondo. Alkoholikoa da, eta lapurreta txikiak direla medio sarri espetxeratzen dute atzera. Gabor da hiruetan humanitate zantzuak erakusten dituen bakarra. Latak eta zigarrokina biltzetik bizi da hiri bateko aldirietan, eta emazte ohiaren etxe goibel eta penagarrian hartzen du ostatu. Ona da bien arteko harremana. Zsolt psikiatriko batean dago. Hainbat neska-lagun eduki ditu, eta demokraziaz, politikariez eta bestez mintzo da. Une batean zera esango du: “Nitaz trufatzeari utzi zioten, egin nuena egin nuenean. Pentsatzen zuten psikopata bat nintzela, baina behintzat ez ziren ausartuko berriro nitaz trufatzen”.

Hiru protagonisten familiako kideekin ere mintzatu da Gerö. Haietako ia inork ez du, ordea, kartzelan egon zirenekin enpatizatzen; ez dute samurtasunik adierazten. Are gehiago: barre ere egiten diete, eta baita erabateko erruduntzat jo. Gerören asmoa ez da, baina, inor epaitzea. Hungariako gaur egungo biztanle askoren miseria gorria, ezina eta tristura erakusteko intentziorik ere ez zuen, baina protagonistek, Bebukottak-en ikusi zuenak, horretara bultzatu dute ia nahigabe.

 

Noiz jaten da hemen?

The Salt of the Earth (Wim Wenders eta Juliano Ribeiro Salgado)

Nekez izan zitekeen kaxkarra Wim Wendersek Sebastião Salgadori buruz eta haren argazkien laguntzarekin egindako filma, eta The Salt of the Earth ez da film kaxkarra.

Sebastião Salgadoren bizitza eta ibilbide profesionala errepasatzen du pelikulak, Sebastião Salgado bera baino gehiago bere argazkiak erakutsiz, filmaren indarra haietan oinarrituz. Planteamenduak ez du huts egiten. Argazkiek pantaila bikain betetzen dute eta filmak primeran egiten du bere bidea.

Aretotik irtendakoan, ordea, galdera bat etorri zait burura, galdera guztien ama den galdera, Siniestro Total punk-rock talde galiziar gaztelaniadun mitikoak bere lehen diskoari izenburua emateko erabili zuen funtsezko galdera primigenioa: Noiz jaten da hemen? (“¿Cuándo se come aquí?”).

Miseriaren argazki erdiragarri horiek egin zituen egunetan, Sebastião Salgadok noiz eta zer jaten zuen jakiteko gogoz geratu bainaiz. Ez gai horren inguruan inolako susmo txarrik dudalako, jakin-minagatik baizik; neure burua antzeko egoera batean irudikatuz Sebastião Salgado hobeto ulertzeko.

Filmeko une batean, Sebastião Salgadok dio Ruandara egindako bidaietako batean gaixotu egin zela, “baina ez gorputzez arimaz baizik”. Ni, ordea, Sebastião Salgadoren gorputzak miseriaren aurrean nola erantzun zuen jakiteko gogoz geratu naiz. Non heukan burua, Wim, Sebastiãori horretaz galdetu behar hion unean? Seguru bazkaltzeko ordua iritsi zela justu orduan, eta, geroko utzita, bazkalondoan ahaztu egin zitzaiala.

The-Salt-of-the-Earth-3-e1400685371476

Loreak besterik ez, baina…

Loreak (Sail Ofiziala)

Anek (Nagore Aranburu) ia pelikula osoan daukan aurpegikerak ikusle alaiena ere tristetzen du. 40 bat urte dauzka, eraikuntza enpresa bateko bulego mugikorrean lan egiten du, eta Ander senarrak ez dio kasu gehiegi egiten. Abailduta bizi da, baina norbaitek, auskalo nork, loreak bidaltzen dizkio etxera, ostegunero. Autobusean ezezagunekin ere fantasatzean du, igorlea haietako bat dela irudikatuz. Egia esan, hori du bere eguneroko hitsaren ihesbide bakar.

Beñat da (Josean Bengoetxea) eraikuntza enpresa horretako garabilarietako bat. Pertsona atsegina eta lorezalea da . Bada, ordea, zapuzten duen zerbait: Tere haren amak (Itziar Aizpuru) ez du Lourdesekin (Itziar Ituño) daukan harremana onartzen. Gertakari zoritxarreko baten ondorioz, baina, hiru emakumezkoen bizitzak gurutzatuko dira, eta hain ezinak are gehiago azaleratuko dira.

Inkomunikazioari, minari, eta memoriari buruzko drama hunkigarria osatu dute Jon Garaño eta Jose Mari Goenagak (egin dutena “suspentsezko drama” bat dela esan izan dute biek, umorez). Gidoiaren harilketa ezin egokiagoari esker tentsioari eusten dio kontakizunak, eta ez dago plano bat bera ere sobera. Pascal Gaigneren musikak, gainera, istorioak eragiten duen ezinegon, tristura eta malenkonia hori areagotzen du.

Pelikulako une batean, toki batean plastikozko loreak utzi dituztela-eta, kexu da protagonistetako bat. Ondotik erantzuten diote: “Eta?Loreak besterik ez dira-eta…”. Baina, baina a zer nolako sentipenak eragiten dituzten Garaño eta Goenagaren fikziozko bigarren film luzean…

lo

 

Ez duk erraza, comemierda

Retour à Ithaque (Perlak)

Habanako terraza batetik begiratuz gero ageri den paisaiaz gain, Laurent Canteten Retour à Ithaque filmak erakusten du oso laburra izan daitekeela atxikimendutik traiziorako bidea, adiskidetasunetik etsaigorakoa. Eta Iraultza bere burua jaten amaitzen duen munstro bat bilaka daitekeela. Hemen ere, geure artean, bestelako egoera batzuetan bada ere, ikusi, bizi eta egiaztatu izan dugun fenomeno bat; ez atmosferikoa, humanoa baizik, bete-betean humanoa.

Ez da hori guztia. Horrez gain, filmean ikusten da askoz ere zentzugabeagoa, eta batez ere askoz ere antzuagoa, dela inor epaitzea, inor erruduntzat jotzea, inori traizioa leporatzea, haren benetako arrazoiak ulertzera iristeko ahalegin zintzoa egitea baino.

Film hau ez da, nire ustez, ez Iraultzaren aldeko eta ez Kubaren aurkako, ez Iraultzaren aurkako eta ez Kubaren aldeko aldarri bat, zinezko Itaka batera iristeko zailtasunei aurrez aurre begiratzeko saioa baizik.

retour-a-ithaque

Negociador (Zabaltegi)

Jokin eta Manu Aranguren nazioarteko begiralearekin eta haren itzultzailearekin daude eserita Frantziako hotel bateko bilera gela aseptiko batean. Ez dira ados jartzen, ordea, terminologiari dagokionean. Jokin ETAkideak “negoziazioa” hitza erabili nahi du, eta Manu PSEkoak, aldiz, “elkarrizketa”. Elkarrekiko sentitzen duten mesfidantza dela-eta izango dituzte gisa horretako eztabaida gehiago. Halere, negozioazio edo elkarrizketa mahaiean gertatzen den horretatik haratagokoak erakutsi ditu Borja Kobeaga zinemagile donostiarrak Negociador komedian.

Jesus Egiguren PSEko presidentea zenak bakea lortzeko ahaleginean ETAko kideekin 2005ean eta 2006an izan zituen elkarrizketak ditu oinarrian pelikulak, baina hasi baino lehenago, eta ohar baten bidez, argi uzten zaio ikusleari gertatutakoaren rekreazioa askea egin duela egileak.

Izan ere, negoziazio edo elkarrizketen mamiarekin beharrean, kasulitateekin, gaizki-ulertuekin eta bestelako egoera tragikomiko eta umoretsuekin osatu du kontakizuna Kobeagak, horretarako. Footing egitera ateratzen dira; kebab-ak jaten dituzte; hoteleko jangelan topo egiten dute; taberna batera joaten dira garagardoak edatera…

Ramon Bareak egin du Egigurenena, eta Josean Bengoetxeak Josu Urrutikoetxearena. Bikain biak. Haien artean, desadostasunak desadostasun eta aferaren larritasuna eta garrantzia gorabehera, iritsiko dira elkarrekin barre egitera ere. Xabier Lopez Peña Thierry zenaren (Carlos Areces) aldartea, aldiz, bestelakoa zen Urrutikoetxearenarekin alderatuta, edo hala aurkeztu du, behintzat, Kobeagak.

Kobeagaren hirugarren film luzea ez da maisulan bat (Pagafantas estreinatu zuen 2009an eta No controles 2010ean), eta ez dauka, gainera, hori izateko intentziorik. Lan duina da, ordea.

 

Nego

 

Kontatzearen gustua

Hubert Le Blonen azken hegaldia (Zabaltegi)

Konta zitekeen beste modu batean Hubert Le Blonen bizitza, eta baita Donostian egin zuen azken hegaldian aurkitu zuen heriotza ere, baina Koldo Almandozek berea bilatu du, ondo hautatutako laguntzaileengana joz horretarako: Isabel Hergueraren ilustrazioak, Kristiane Etxaluzen offeko ahotsa, Mamma Milk!-en musika, Laurent Dufrecheren muntaketa, Marian Fernandez Pascalen ekoizpen lan konplizea…

Konta zitekeen beste modu batean Hubert Le Blonen bizitza, eta baita Donostian egin zuen azken hegaldian aurkitu zuen heriotza ere, baina Koldo Almandozek bere laguntzaileekin batera taxutu duena gozo sartzen da ikuslearengana, dokumentalaren berezko balioei sormen artistiko librearen erakarmena gehitzen asmatzen duelako.

1posterraLB

Erakargarria bai, bete-betea ez

La isla mínima (Sail Ofiziala)

Argazkilaritzaren eta girotzearen aldetik ondo dago filma, ikusgarria da, gozamen bat. Ideologikoki talka egiten duten bi polizien arteko tentsioarena ideia ona da, eta jokoa ematen du film osoan, hasieratik amaiera arte. Baina berez aski sinplea eta igartzen erraza den tramak nekez ulertzen diren errebuelta arraroak hartzen ditu gero, ikuslea noraezean eta aspertzeko zorian uzteko aproposak. Hor galtzen du indarra hasieran oso erakargarria egiten den film honek, ireki eta gero tapoiarekin behar bezala estali ez den gaseosaren antzera.

.IM1

Poesia eraldatua

Soroa (Zabaltegi)

Fikzioko filmtzat har daiteke Asier Altunaren Soroa, baina ez du ez pertsonaiarik eta ez elkarrizketarik. Trama, argumentu edo istorio minimo bat besterik ez, eta aktoreak… bai, baina haien gorputz atal baino ez dute erakusten kameraren aurrean, normalean arretarik bereganatzen ez duen atal txikitxo bat.

Fikzioko filmtzat har daiteke Soroa, baina poesia film bihurtzeko saio ezinbestean poetikoa da azken batean. Poesia film bihurtzeko ez du gainera poema bat hartzen, gutxiago baizik: poema bateko esaldi bat.

Kasu honetan behintzat, poesia, film bihurtzean, ez da galtzen, eraldatzen baizik. Eta hori da film honen lorpena, Asier Altunaren meritua.

img_19190

Heriotzaz, bizitzatik eta samurtasunez

Stille hjerte / Silent Heart (Sail Ofiziala)

Ikusleak badaki denon patua hiltzea dela, eta litekeena dela egun batean bera –hots, ikuslea–, edo gertuko duen norbait, heriotzaren atarian egokitzea heriotzaren hurbiltasun beldurgarri horretaz guztiz kontziente, eta orduan erabaki behar izatea zer nahiago duen: amaiera arte sufritu edo ahalik eta modurik gozoenean esan adio gertukoei eta ezagutzen duen munduari. Denok dakigu hori eta gainera, normalean behintzat, ez zaigu horretaz gogoratzea eta hitz egitea gustatzen.

Gai hori planteatu du hala ere Bille Augustek pelikula honetan, eta, hara!, gustura ikusten den istorio bat kontatu du gainera, umore ederreko pasartez ere hornitua; familiaren bilera, Pako Aristik esango lukeen bezala, marihuanazko bufanda batek biltzen duenekoa, adibidez.

Manikeismorik gabe eta samurtasunez, itxuraz oso diferenteak diren pertsonaiak, azken batean, neurri bertsuetan maitagarri eta gorrotagarri, arduratsu eta ganorabako, zintzo eta maltzur izan daitezkeela erakusten du filmak ordu eta erdian. Bizitzari urteen poderioz ikasten joaten gatzaizkion horixe bera.

 

jpg

Harribitxi existentziala

Los tontos y estúpidos (Zuzendari Berriak)

Izan daiteke… Maitasuna gauza asko izan daiteke. Adiskidetasun zintzo bat eraikitzea; zure ezinen jabe izatea; egindako lan txukunagatik albokoari zure esker ona irribarre batekin edo besarkada batekin adieraztea; desira duzun horrengatik borrokatzea…

Los tontos y los estúpidos Roberto Castonen bigarren pelikula (Ander ondu zuen 2009an) maitasunari buruzko saiakera zinematografikoa da; Existentziari buruzko harribitxi bat, hobeto esanda. Saiakera, zinemaren barruan zinema egiten duelako zinemagile galiziarrak. Izan ere, Donostian estreinatu duen lanak bestelakoa izan behar zuen hasieran. Ez zuen hori gauzatzeko adina diru lortu, eta egoera berrira moldatu behar izan zuen. Emaitza, baina, harrigarri ona da.

Lehen sekuentzian ikusten da nola iristen den pertsona multzo bat industrialde bateko lokal batera. Gero, Roberto Alamoren gidaritzapean (Urtaini buruzko antzezlana interpretatu zuena), plato handi batean entseatzen hasten dira aktoreak; hasten dira Paula, Mario, Miguel eta Lourdes.

Alamok irakurtzen du gidoia, aurkezten du eszena, eta antzezleak rolak jokatzen hasten dira. Paulak (Cuca Escribano) 45 urte dauzka, eta etsita dago bere senarrak ez duelako desiratzen. Mario (Josean Bengoetxea) 51 urteko medikua da bere senarra. Gauza dezente ezkutatzen ditu gizonak… Bi alaba dauzkate, eta haien guztien bizitzetan Andre izeneko Erasmuseko ikaslea, Itziar alabaren ikaskidea, sartuko da. Miguel psikologoak (Mikel Losada) 35 urte dauzka. Besteen penak entzuten ditu, baina ez dauka nori kontatu bereak. Lourdes 27 urteko supermerkatuko kutxazainaren (Nausicaa Bonnin) amak minbizia dauka. Hori gutxi balitz, berak ez daki zer egin bere bizitzarekin.

Lauen bizitzak gurutzatuko dira pelikulako hiru aktotan, eta pixkanaka gordeta zituztenak, pairatutako minak, ezinak, frustrazioak, desirak eta beste, azaleratuko dituzte. Azken finean bakarrik ez egotea bilatzen dute; maitasunarekin bere forma anitzetako batean topatzea, eta hura besarkatzea. Besterik ez dute nahi.

Jarraitu dezala Castonek pelikulak egiten. Den-denok esketuko diogu.

PD. Paula eta Mariok eta baita bere alabek ere euskaraz, bizkaieraz hain zuzen, hitz egiten dute batzuetan.

Tonto