Erakargarria bai, bete-betea ez

La isla mínima (Sail Ofiziala)

Argazkilaritzaren eta girotzearen aldetik ondo dago filma, ikusgarria da, gozamen bat. Ideologikoki talka egiten duten bi polizien arteko tentsioarena ideia ona da, eta jokoa ematen du film osoan, hasieratik amaiera arte. Baina berez aski sinplea eta igartzen erraza den tramak nekez ulertzen diren errebuelta arraroak hartzen ditu gero, ikuslea noraezean eta aspertzeko zorian uzteko aproposak. Hor galtzen du indarra hasieran oso erakargarria egiten den film honek, ireki eta gero tapoiarekin behar bezala estali ez den gaseosaren antzera.

.IM1

Heriotzaz, bizitzatik eta samurtasunez

Stille hjerte / Silent Heart (Sail Ofiziala)

Ikusleak badaki denon patua hiltzea dela, eta litekeena dela egun batean bera –hots, ikuslea–, edo gertuko duen norbait, heriotzaren atarian egokitzea heriotzaren hurbiltasun beldurgarri horretaz guztiz kontziente, eta orduan erabaki behar izatea zer nahiago duen: amaiera arte sufritu edo ahalik eta modurik gozoenean esan adio gertukoei eta ezagutzen duen munduari. Denok dakigu hori eta gainera, normalean behintzat, ez zaigu horretaz gogoratzea eta hitz egitea gustatzen.

Gai hori planteatu du hala ere Bille Augustek pelikula honetan, eta, hara!, gustura ikusten den istorio bat kontatu du gainera, umore ederreko pasartez ere hornitua; familiaren bilera, Pako Aristik esango lukeen bezala, marihuanazko bufanda batek biltzen duenekoa, adibidez.

Manikeismorik gabe eta samurtasunez, itxuraz oso diferenteak diren pertsonaiak, azken batean, neurri bertsuetan maitagarri eta gorrotagarri, arduratsu eta ganorabako, zintzo eta maltzur izan daitezkeela erakusten du filmak ordu eta erdian. Bizitzari urteen poderioz ikasten joaten gatzaizkion horixe bera.

 

jpg

Justizia bila

‘The Equalizer’ (Sail Ofiziala)

 

Denzel Washingtoni Donostia Saria emango diotela-eta, haren azkeneko filmari, The Equalizer-i egokitu zaio aurtengo Sail Ofiziala irekitzea. Lehiaz kanpo hori bai.

Bob McCall beteranoak brikolaje enpresa handi batean lan egiten du, eta langile gaztetxoen txantxei lasaitasunez erantzuten dien bezala, Ralphieri segurata azterketa gainditzeko aholkuak ematen dizkio. Arrunta da bere bizitza, grisa hein handi batean, bakartia, eta errutinak ukitutakoa. Goizaldetan, kafetegi batera joan, mahaiko tresneria txukun-txukun alde batera utzi eta kamamila bat hartzen du liburu bat eskuetan duela. Emaztea zenak lortu ez zuena egin nahi du. Irakurri beharreko 100 eleberriak irakurtzea. Han ezagutuko du Alina, kantaria izan nahi duen prostituta, eta han jakingo du Alina mafia errusiarraren mende dagoela. Proxenetek Alina jipoitu eta ospitalera eramaten duenean agertuko da beste Bob.

Pelikula osoan esaten ez bada ere, badirudi McCall CIAko kidea izan zela urte batzuk lehenago, eta gero desagertu egin zela. Baina justizia senak hortxe dirau. Eta justizia banatzen hasten denean, ez da egongo geraraziko duenik. Hortik aurrera Bostongo mafiaren burua eta bere pistoleroak akabatuko ditu eta ondoren katuaren eta saguaren arteko borrokan hasiko da Moskuko buruak bidalitako gaixto gupidagabe batekin.

Filmaren planteamendua soila bada ere —Denzel Washington ezin lakonikoago batekin—, eta nahiz eta une batzuetan tempo lasaiko film baten aurrean gaudela ematen duen, aurrera egin ahala, eta Washington justizia bila hastearekin batera,  Fuqua ikusgarritasunari, indarkeria leherketei eta efektismoari lotzen zaio, eta poliki-poliki filma maldan behera erortzen hasten da.