Enekoitz Esnaola

Hilabetea: apirila 2015 (Page 2 of 3)

Gascok zergatik jakin behar du euskara?

Ernesto Gasco PSE-EEren Donostiako alkategaia azkeneko hogei urtean da hirian zinegotzi, 2009-2011 aldian salbu. Baina ez da euskaraz egiteko gai. Udalak bere webean ditu datuok: azken 30 urteotan ia bikoiztu egin da Donostiako euskaldunen kopurua: %40,5 dira (1981ean, %21,1); ia euskaldunak (euskara ulertzen dute) %28,6 dira; erdaldunak, %30,8. Adin maila jaitsiz gero, egun 30 urtetik beherakoak %73,4 dira euskaldun.

Gaur eguerdian Donostian, Deustuko Unibertsitatean, Juan Karlos Izagirre (EH Bildu), Eneko Goia (EAJ), Miren Albistur (PP) eta Gasco alkategaien solasaldia izan da. Gasco ez bezala, beste hirurak euskal hiztunak dira. Entzuleen artean ehun lagun pasa zeuden; ia denak, 25 urtetik beherakoak, ikasleak. Felix Arrieta aurkezle eta gai-jartzaileak alkategaiei esan die nahi duten hizkuntzan egiteko. Izagirre eta Goia %80tik gora espainolez aritu dira. Albistur, espainolez baino ez. Galderak, hamarretik zazpi-edo espainolez izan dira.

Euskararen Donostia honetan, Gascok zergatik jakin behar du euskara, halako solasaldi publikoetan ez bada behartuta sentitzen jakitera?
Continue reading

Iñaki Esnaolak, 1992an

Ezker abertzalearen bilakaerari buruzko erreportajean hau ere joan zitekeen (+ Iñaki Ruiz de Pinedok kontatutako pasadizoa). 2009ko urtarrilean Arnaldo Otegik hitzaldi garrantzitsu bat eman zuen Donostiako Kursaalean, Gara-k antolatutako saio batean: “Orain [Espainiako] estatua da ‘erresistitzea irabaztea da’ pentsatzen duena, statu quo-arekin jarraitzeko. Ezker abertzaleak egoera horren irakurketa bat egin beharra du, eta estrategia bat diseinatu, ekimen politikoa berreskuratzeko. Gu indartsuagoak garen eta estatua ahulagoa den eremuan izan behar da harekin konfrontazioa: agurdio politikoen eremuan. Negoziazio prozesuetan frogatu ahal izan dugu hori, nazioarteko begiraleen aurrean. Estatuak argudio eskasak zeuzkan, eta gureak arrazoizko bezala hartzen ziren”.

Joan den honetan —apirilaren 16an— bete dira 23 urte Iñaki Esnaola HBko Mahai Nazionaleko kide ohiak antzeko terminoak erabili zituela Egunkaria-n idatzitako iritzi artikulu batean. “Garai bakoitzak ahal dena egitea eskatzen du. (…) Gure arerio politikoari minik handiena ideien eremuan egiten diogu, euskal nazioari buruzko gure planteamenduak eguneroko errealitate politiko guztietara eramanez, maskara ken dezaten behartuz eta, beharrezko balitz, beraien jarrerak berritu ditzaten”.

Hemen Iñaki Esnaolaren artikulu hura:

iesnaola

PSOE: 1978an errepublika ez, autodeterminazioa bai

Ezker abertzalearen bilakaerari buruzko BERRIAko erreportajean, Iñaki Ruiz de Pinedok frankismo osteko garaiaz aipatutako pasadizo hau ez nuen sartu artikuluan, leku faltagatik:

“Kontuan hartu 1978ko Aberri Egunean PSOEk Euskal Herriaren autodeterminazioa ere eskatu zuela. PCEk ere defenditzen zuen. 1978ko Aberri Egunean pankartan nire ondoan Javier Rojo Arabako PSOEko kidea zegoen; errepublikaren pin bat zeukan, eta alderdiko Arabako buru Alberto Agiriano joan zitzaion eta esan zion kentzeko ikur hura. Garai haietan PSOErentzat onargarriagoa zen autodeterminazio eskubidea, errepublika baino”. 

Bideak helmuga baterako

BERRIAn 2015-04-19an ezker abertzalearen bilakaeraz argitaratutako erreportajeko artikulu nagusia. Sarrera: Urte hasieran, Euskal Bidea aurkeztu zuten EH Bilduk eta EH Baik. Justu hogei urte dira ETAk Alternatiba Demokratikoa plazaratu zuela, bi hamarkada lehenagoko KAS Alternatiba eguneratzeko asmoz. Bada bilakaera bat. Eskaintza nagusiak 

Osagaiak: Analisia / Aznarren aurkako atentatua / Jose Felix Azurmendiren iritzia / Imanol Murua Uriaren iritzia.

BERRIAko erreportajeko lehen lau orrialdeen irudiak.

ezkerabertzalea1
ezkerabertzalea2

Iraganaren analisia

BERRIAko analisiaren (2015-4-19) laburpena: Urkulluk segitzen du ezker abertzaleari iraganari buruzko analisia mugatua eta partziala eskatzen. Inork ez du ukatzen ezker abertzaleak, orokorrean hartuta, erantzukizun berezi bat duela euskal gatazkan, frankismoaz geroztik ere urteetan estrategia politiko-militarra izan baitzuen. Urkulluk “denen” autokritikaren beharra aipatu duen honetan, EAJk eta haren Jaurlaritzak ere badute zerrenda propio bat. Norbera bere iraganaren analisi kritikoaz geldirik egon eta bestearen borondatea aldatu nahi izateak onurarik ez lekarke. Bakebidean EAJk eta Sortuk elkar hartu eta aurrerabiderako konpromiso batzuk baleuzkate, iraganari so egin eta autokritikan sakontzeko baldintza hobeak leudeke. 

Hasieran ‘kendu’, gero ‘murriztu’

Gurutze Izagirre Berria-ko kazetariak hau idatzi du gaurkoan: “Ertzaintzak erabilitako gomazko pilotak galarazteko eztabaidan onartu den behin betiko ebazpen ofizialak ez du gauza bera esaten euskaraz eta gaztelaniaz. Euskarazko ebazpenak dio gomazko pilotak berehala ‘kentzeko’ [‘ken ditzala’] eskatzen diola Eusko Legebiltzarrak Segurtasun Sailari. Gaztelaniazkoan berehala murrizteko — ‘restricción’ — eskatzen dio”. Hala agertzen zen legebiltzarraren dokumentuan (ikus beheko lehen irudia). Ba dokumentu berean aldaketa bat dator, orain euskarazkoan “murriztu” jartzen baitu (ikus beheko bigarren irudia). EH Bilduren eskaerak gomazko pilotak “galarazteko” eskatzen zuen.

1

2

“Zein hotz agurtu dituzun haurrak!”

Joan Mari Torrealdaik Baionan larunbatean egindako tortura aitortzatik, honek hotzikara sortzen du: “2003ko otsailaren 20ko gaueko ordu bat eta erdietan orroka sartu ziren etxean. Espantuaren espantuz ohetik jaiki nahian lurrera erori nintzen. Ez dakit zenbat ziren. Asko. Guardia zibilak ziren, nahiz eta gehienak paisanoz jantzi. Emaztea eta bi haurrak egongelan apartatu zituzten. Ni inkomunikatuta nengoen, eta mugitu ezinda nindukaten. Bukatu zutenean, emaztea eta haurrak agurtzea eskatu nuen. Ozta-ozta agurtu ahal izan nituen. Guztiz blokeatua nengoen, eta haiek ez gutxiago. Honela gertatu zen: unetxo batez besarkatu ahal izan nuen familia. Segidan eskuak lotu eta gaizkile gisa gau ilun eta hotzean atera ninduten etxetik. Ataria gurutzatu berritan, agente batek zera bota zidan: ‘Zein hotz agurtu dituzun haurrak!’. Eta kotxe polizialean sartzeko gaudela, beste hau: ‘Aitaren zein irudi izango dute orain haurrek?'”. Torrealdairen ‘Egunkaria kasua: torturaren markak’ testigantza, osorik. 

« Older posts Newer posts »

© 2024 Lerro batzuk

Theme by Anders NorenUp ↑