Bihar Parisen Bake Konferentzia. Asko aipatzen dira ETAren desarme kontuak. Jesus Egigurenek iaz Azpeitiko hitzaldi batean desarmeaz:

“Nik gaur egun ez dut ETAren arazoa ikusten; presoen arazoa ikusten dut nik. ETA ez da behin ere desegingo; gainera, nola desegiten da? Pertsona horiek hor daude, eta hor segituko dute bizirik diren bitartean. Francorekin bazen talde bat Aieteko 40ak izenekoa. Donostian biltzen ziren uda guztietan; ez ziren ministro, ez ziren ezer, baina ziren Francorekin aurren-aurrenetik ibili zirenak, eta ez ziren behin ere desegin. ETA ere ez da behin ere desegingo. Esango du egunean batean ‘desegin gara’, baina ez da desegingo. ETAren armagabetzea ez da arazoa. Jendeak armagabetze keinuak eskatzen ditu, baina keinua egiten den momentuan esaten da ‘horrek ez du balio, txorakeria bat da. Etor daitezela Espainiara eta sar ditzatela kartzelara’. Arazo horrek ez dauka bukaerarik. Eta desarmeaz ari garela, [aurreko bake prozesuan] ideia ez zen desarmea. Nik laguna nuen Alec Reid; lekuko izan zen IRAren desarmean, eta erdi barrez azaldu zidan ekarri zutela zaku bat balaz beteta, pisatu zutela eta hainbeste bala; gero ekarri zituztela beste zaku batzuk, baina inork ez zuela begiratu zaku haietan zer zegoen. Baina Erresuma Batuari komeni zitzaion desarmatu zirela esatea eta ontzat hartu zuen. Eta desegin ere IRA ez da desegin. Hemen, aldiz, presoen arazoak badauka bukaera bat; egutegi bat jarri behar da. Sakabanaketa dela-eta garai batean egin ziren egutegiak; geuk egin genituen”.♦