Enekoitz Esnaola

Hilabetea: urria 2015 (Page 2 of 2)

Pompeu Fabra: 2004, 2015

CUPek Kataluniaren independentziarako baldintzak Pompeu Fabra Bartzelonako unibertsitatean aurkeztu dituela jakitearekin batera etorri zait hango oroitzapena. Herri informazioari buruzko kongresu ttiki bat egon zen Pompeu Fabran 2004ko uztailean, eta bertan nintzen. Neure burua aurkeztea tokatu zitzaidanean, bota nuen lehen Egunkaria-n egiten nuela lan eta estatuak itxi egin zuela urtetebe lehenago. Atsedenean katalan kongresukideak behintzat etorri zitzaizkidan, auziarekiko interesa eta Egunkaria-rekiko babesa agertuz; adibidez, artean preso zeukaten Iñaki Uria. Katalunia Euskal Herrira begira zebilen garaia zen. Aldatu da egoera, aldatu denez.♦

Momentu politikoa

BERRIAko analisiaren (2015-10-11) laburpena: EAJren arabera, hurrengo belaunaldi batentzako EAEko estatutu berria izatekotan Espainiako Gobernuarekin negoziatuta izango da, betiere hausturaren aukera baztertuta. “[Espainiarekiko] Borondatezko bat egiteaz ari naiz”, dio Urkulluk. Emantzipaziorik ez. EAJ dagoen bezala egonda eta EH Bilduk EAEko instituzioetan oraindik lagun berririk ez duela, EH Bildurentzat arriskurik izan dezake estatutua berritzeko lanetan buru-belarri hasteak, gerora begira barne. Bitartean aterako da Otegi kartzelatik; euskal lurraldeen lankidetza sustatzeko aukera berriak sortu ahal dira; alde batetik behintzat, gatazkaren ondorioak ixteko unea iritsi ahal da; Nafarroan aldaketa sendotuz joan daiteke —EH Bilduk ere 2019ko bozak ikusmiran izanik—… Presazko agerraldirik eskatzen ez duen momentu politikoa da. Eta, Kataluniakoaren aldean, prozesuak beherago dauka abiapuntua.♦

Egoitz Urrutikoetxea, bere izenarekin

Gaur El Confidencial Digital-ek argitaratu du Egoitz Urrutikoetxeak, bere izenean, Parisko Diderot Paris 7 unibertsitatean lan bat aurkeztu zuela iaz. Lan hura erakutsi du hedabideak, PDF batean. PDFaren loturaren helbidean ikusten denez, txostena elconfidencialdigital.com-en agiritegian dago; eta hedabideko albistea, berriz, ez dago sinatua. Hariari tiraka hasi sarean, eta badago Egoitz Urrutikoetxearen lan hori; hark sinatutua dago, eta, behean ikusten den bezala, Diderot unibertsitatearen helbidea ageri da link luze baten erdian (baina unibertsitatearen webgune publikoan ez da ageri txosten hori; guk, behintzat, ez dugu aurkitu).

Diderot

Helbide horretan sartu, eta Urrutikoetxearen izena duen lanaren Office artxibo bat ateratzen da. Dokumentuaren tripetan arakatu, eta ikusi dugu Office hori iazko azaroan sortutako artxibo bat dela. El Confidencial Digital-ek dio Urrutikoetxeak lana iazko abenduan aurkeztu zuela unibertsitatean.

Esan ahal da bizitza publikoa egiten zebilela Egoitz Urrutikoetxea; gutxienez, ia urtebetean bai, bere izenpean (unibertsitatean, behintzat), atxilotzeko agindua izanda horrek zekarren arriskuarekin.

ETArekin lotuta, Poliziak asteartean atxilotu zuen, Paris inguruan, Saint Denisen. Gaur sartu dute kartzelan, baina kargurik leporatu gabe. Aurretik bere aurka zeuden hiru atxilotze aginduengatik espetxeratu dute.♦ 

 

NBE, EB, FIFA

Ibarretxek Beasaingo hitzaldian, power point-eko irudi, mapa, datu eta guzti, NBE Nazio Batuen Erakundea eta EB Europako Batasuna aipatu ditu, azpimarratuz gero eta “herri” gehiago direla haietako kide: NBE 1945ean sortu zen, 51 herrialderekin, eta orain 193 daude; eta Europan 1949an 26 estatu zeuden eta orain EBn 47. “Zergatik ez 2030ean NBE barruan Basque Country?”.  Estatu izan behar da NBEko eta EBko partaide izateko (NBEk bere izenean ‘Nazio’ duen arren). Egia da Ibarretxek ez duela zehazki Euskal Herriaren independentzia aldarrikatzen eta ez duela euskal estatu independentea aipatzen (Espainiako Estatuarekiko harreman berri baterako elkartasun askeko estatusa zerabilen EAEko 2004ko Estatutu Politikoan , eta ez elkartasun askeko estatua, maiz esaten den bezala), baina gaur egun pistak ematen ditu. EBB lausoagoa da. Iaz Ortuzarrek euskal irrati kate batean “Euskadi nazioa Europan” bota zuenean (EAJk eusten dio horri), elkarrizketatzaileak “nazioa edo estatua?”, galdetu zion. Ortuzarrek: “Estatua esan nahi izan banu, estatua esango nukeen”. Ematen du FIFA antzeko bat nahiago duela EBBk: estaturik gabeko nazioa, nazioarteko gorengo instantzia politiko-instituzionaletan. Nola egiten da hori?♦

Newer posts »

© 2024 Lerro batzuk

Theme by Anders NorenUp ↑