Koronabirusaren krisiaren eta jada bertan den krisi ekonomiko eta sozialaren aurrean, Espainiako Estatua “berreraikitzeko” itun baten beharra aldarrikatu du Pedro Sanchezek, eta batzar batera deitu ditu alderdiak, sindikatuak, patronala, erkidegoetako presidenteak eta alor batzuetako ordezkariak. Espainiako Estatuan bederen, haren baitan dauzkaten nazioen aspirazioen onerako ez da estatu itun bat. Atzeneko diktaduraz geroztik, 1978an egin zuten halako I. ituna, Espainiako Konstituzioa onartuta: askatasun eta eskubide asko aitortu bai, nazionalismo periferikoak integratzearren autonomia puska bat bai —1982an, ordea, LOAPA—, baina nazio eta autodeterminazio eskubidearen aitortzarik ez eta frankismoa erauzi ez. 2000an, II. estatu ituna, Lizarra-Garazik sortutako kakalarriaren ostean: Askatasunaren aldeko eta Terrorismoaren aurkako Ituna —ondorioz, 2002an, Alderdien Legea, eta: ezker abertzalearen ilegalizazioa, Juan Jose Ibarretxeren aurkako auzia…—. III. estatu ituna, nahiz eta izenpetze agerraldirik ez izan, Kataluniako prozesu independentista gora eta gora zihoala; eta halaxe, 2017an, estatuaren kolpea 155arekin. IV. estatu itunak Madrilen birzentralizazioa areagotzea lekarke; gero eta aginte bakarrago bihurtzea. Sanchezek Moncloako itunerako ezinbesteko bazkide ez ditu nazionalismo periferikoak. Beraz, Euskal Herriaren askatasuna nahi duenak zer espero dezake Espainiaren berreraikuntzatik? Baina euskal nazio izaera edo aspirazioak dituztenak ez al dira ari Espainiako Estatua eraikitzen, egunerokoan markotzat hura hartuta edota estatu eredua proposatuta?♦