PSOEk ere egin du ETAren jarduera armatuaren betiko bukaeraren 10. urteurreneko ekitaldia, gaur, Gernikako juntetxean. Honatx hiru apunte. 1: orain hamar urte Zapateroren gobernuak, PSOEk eta Lopezen Jaurlaritzak ez zuten agerraldi solemne bat egiteko aukerarik izan, ETAren jakinarazpenetik bi astera hasi baitzen Gorteetarako hauteskunde kanpaina, alderdi sozialista gainbeheran zela. Egigurenek maiz adierazi du ez zutela kapitalizatu ETAren amaiera —sozialistentzat, 2011ko hura izan zen amaiera, ez 2018koa, desegitea—. Gaur Mendiak bere hitzaldiaren hasieran esan du Zapatero dela “bakearen presidentea” eta Lopez “bakearen lehendakaria”. Ondoan zeuzkan biak. 2: Zapaterok bere hitzaldian dozena erdi bat aldiz begiratu dio Egigureni —ezkerretara zeukan, sei-zortzi metrora—. Estimu handitan du. PSEk eta PSOEk, ordea, urteetan ez dute ondo tratatu izan. Badirudi ari dela etxekoen erabateko aitortza jasotzen. 3: ezker independentistak espero zuen Zapaterok Gernikan zerbait esatea beraien atzoko adierazpenaz. Zapaterok hitzaldian ez du deus esan, baina bai gero hedabideak hartu dituenean. Arraro samar geratu da gobernuburu ohi batek halako agerraldi solemne baten ondoren kanutazoa delakoa egitea, baina ematen zuen berak bilatu duela Otegiren-eta adierazpenak “garrantzi handia” duela esateko.♦

[aurreko egunetako artikuluak, behean]

Aiete, 10 urte (V). Etorkizunera begirakoa ere bai (urriak 18)

(BERRIAko analisiaren laburpena). Adierazpen esanguratsua egin du ezker independentistak Aieten, Arnaldo Otegiren eta Arkaitz Rodriguezen bitartez. Aieteko konferentziaren eta ETAren jarduera armatuaren bukaeraren 10. urteurrena baliatu du atzera begirako bat egiteko, eta, ETAren biktimei “aipamen berezia” eginez eta “jasan duten sufrimenduagatik atsekabea eta mina adieraziz”, hori “inoiz ez zen gertatu behar”, adierazi du. “Bihotzez esan nahi diegu asko sentitzen dugula”. EH Bilduko eta Sortuko arduradun nagusien adierazpenak badu etorkizunerako proiekzioa ere, ezker independentistaren egitasmo politikoaren garapenerako baldintzak ereiten segitzeko asmoz. (…) Ez daude oso gertu presoen auziaren aterabidea eta sozialisten eta EH Bilduren arteko gobernu akordioak, baina gaurkoa norabide horretan egindako mugimendua izan da, ahaztu gabe euskal gizarteak ezker independentistari aspalditik exjitzen ziola ETAren biktimei buruzko azterketa sendoago edo zehatzago bat.♦

Aiete, 10 urte (IV). Mantarekin (urriak 16)

Futbolean bada teoria ezagun bat, Tim brasildar entrenatzaileak asmatu zuena: mantarena. “Manta txiki bat bezalakoa da futbola: burua estaltzen baduzu, agerian dauzkazu hankak, eta, hankak estaltzen badituzu, agerian burua”. Erran nahi baita: zeharo bazoaz erasora, defentsako arazoak izango dituzu, eta, arras defentsiboa bazara, problemak golak sartzeko. Aieteko konferentziaren 10. urteurreneko mahai inguruetan ezker abertzaleak berriz jaso ditu nazioarteko bitartekarien laudorioak “bakea” egiteagatik. Ordea, bakea egite hori, lehen bultzada haren ondotik, ez zaio aski bere proiektu politikorako, estrategikoa zaion arren, eta Aietekotik hamar urtera ere EH Bilduri gertatzen zaiona da, EAEn behintzat, gehiengo osoa ez duen instituzioetan gobernatzeko lagunak falta zaizkiola, salbuespenak salbuespen —EP eta zenbait herritar plataforma—. Gertakari berrien beharrean da. Hil hasieran Gorka Elejabarrieta Sortuko kide eta EH Bilduko senatariak, estatu independente baterako estrategiari buruz ari zela, “elkarrekin jorratu beharreko bi bide paraleloez” idatzi zuen Gara-ren Gaur8-n: “Bata subiranista eta independentisten artekoa, gure helburu nazionaletan aurrera egiteko. Bestea subiranista/independentista eta progresista/ezkerrekoen artekoa, gizartearen eta sistemaren demokratizazioan –autodeterminazioa barne– elkarrekin aurrerapausoak emateko”. Ondoren letorke mantarena: “Bide honek baditu arriskuak, esaterako, demokratizazio bide horretan gure izaera eta aldarrikapen nazionalak urtu daitezke”. Atzo Kursaaleko jardunaldietan Aiete garaiko eta osteko sormena eta berrikuntza nabarmendu zituzten. EH Bilduk saiatu beharko ditu hurrengo hamarraldian.♦

Aiete, 10 urte (III). Normalizazioaz (urriak 14)

Oraintxe dela urtebete El Pais-ek elkarrizketa batean Jose Luis Abalos Espainiako ministro eta PSOEko Antolakuntza idazkariari galdetu zion ea Espainiako gizartea prestatuta al zegoen Bildu “normalizatzeko”. Ministroak eta PSOEko arduradunak Kongresuan jendaurrean EH Bilduko diputatuekin biltzen hasiak ziren jada, baita adosten ere. Abalosen erantzuna: “Eman ezazue buelta bat Euskal Herrian. Ikusiko duzue nola bizi den. [Madrilgo] Salamanca auzora bazoazte, beste era batera bizi da. Askotarikoa baita Espainia. Arazoa da azterketa politikoak gero eta gehiago direla hiriburukoak”. Gaur bertan Jesus Egigurenek Efen, ETAren jardun armatuaren bukaeraren 10. urteurrena dela-eta egin dioten elkarrizketan, esan du “oso erraza” dela Euskal Herriaz “Madrildik analisiak egitea”. Kontrara ere gertatzen da: Hego Euskal Herrian arazoa da azterketa politikoak eta beste gero eta gehiago direla Madrili begira, burua han dela, eta hori normalizatu dela, natural bihurtu. Ez da baliatu Euskal Herrian duela hamar urte ireki zen agertokia. Prozesu autozentratu bat egin beharrean, Espainia marko bezala indartu da, eguneroko praxiaren bidez euskal alderdietan edota euskal hedabideetan, eta jendearen mentalitatean. Xabier Barandiaran jeltzale eta soziologoak esan du aurten: “Ez desnazionalizatzeko erronka dugu”.♦

Aiete, 10 urte (II). Azkena, baldin eta… (urriak 13)

Datorren igandean, hamar urte ja Aieteko Nazioarteko Konferentzia izan zela. Handik hiru egunera gauzatu zen adierazpeneko 1. puntua: ETAren jakinarazpena bere jarduera armatuaren bukaeraz. Efemeride aldetik aukera aproposa da 10. urteurrena berriro batzeko, baina, konferentzia oso lotuta egon denez gatazkaren ondorioekin, tankerako azkenekoa izango da, hain segur. Hurrengo urtean egongo da beste urtemuga bat: ETAren armagabetzearen 5.a, eta Baiona aldean igual gogoratuko dute ekitaldi batean, gizarte zibilaren lana oroitzeaz gain —Luhusoko hiru ekintzaile hil dira desarmatzeaz geroztik: Mixel Bergouignan 2017an, eta aurten Mixel Berhokoirigoin eta Michel Tubiana—. Dena dela, ezin ahantzi hor dela adierazpeneko 4. puntua ere —”eragile ez-bortxatzaileei eta ordezkari politikoei gai politikoez” aritzeko eskaera. Herri kontsulta—, eta, Euskal Herriaren burujabetzaz prozesurik bada, Aietekoak biharko egunean ere eman lezake jokorik, era batera edo bestera. Donostiako 2011ko konferentzian Kofi Annan zenak jauregiko hitzaldian esan zuen “bake iraunkorra lortzeko, ezinbestekoa” dela “gatazkaren azpian dauden arrazoiak aztertzea eta horiei aurre egitea”. Parte politikoari eusteko modurik ez da izan, baina nazioartekotzearen ate hori hor da. Katalunian prozesu subiranistak sekulako barne indarra izan du, baina falta izan zaie nazioarteko komunitateko eragileen lana eta sostengua. Euskal Herriak baditu lagun klase horiek gehiengoaren erabaki politiko eta baketsuen errespetua defendatzeko. Lehenago, etxeko lanak.♦

Aiete, 10 urte (I). Hara iristeko bide luzea (urriak 10)

Euskal gatazkan mugarri izan zen Aieteko Nazioarteko Konferentzia, orain hamar urte. ETAk hiru egunera eman zuen bukatutzat jarduera armatua, urriaren 20an, prozesu baten ostean. Hori da Aieteko Adierazpenetik erabat bete den puntu bakarra. BERRIAko artikuluko hamar gakoak: 1: estrategiaz aurretik zetozen gogoetak ezker abertzalean. 2: 2007ko hausturaren ondoren, estrategia eta negoziazio eredua, agortutzat jo. 3: nazioartekoekin haria eten gabe. 4: Zutik Euskal Herria: erabakigarria. 5: isilpeko etetea ETAk. 6: Bruselako Adierazpena: babesa ezker abertzaleari eta eskaera zehatza ETAri. 7: su-etenaren ostean, ETA Madrilekin hizketan, zeharka. 8: Zapaterok bozak aurreratu; zer egin? 9: Aietera bidean. Eta 10: adierazpena.♦
+Aieteko Adierazpeneko bost puntuen garapena.