Enekoitz Esnaola

Egilea: Enekoitz Esnaola (Page 2 of 47)

Parametroak

BERRIAko analisiaren (2020-5-14) laburpena: Osasuna oinarritzat hartuz, «normaltasun berri baterako trantsizio ordenatu bat» nahi du Jaurlaritzak. Trantsizio batean sartu behar al dira hauteskundeak? Urkulluk uztailean nahi baldin baditu, aipatutako neurri horiekin guztiekin-eta justifikatu nahi edo behar al du osasun larrialdiaren desaktibazioa? Hori guztia, apirilaren 5erako hauteskundeen deialditik kutsatuta bezala dator, lehendakariaren otsailaren 10eko agerralditik. Igarle rolean mintzatzeaz gain, bazirudien gehiago ari zela hizketan alderdi baten lehendakarigai moduan. (…) 2012ko abendutik da lehendakari Urkullu, eta haren Jaurlaritzak legebiltzarrean sekula ez du izan gehiengo osoa. Ikusiko zuen EAJ-PSEk datozen hauteskundeetan gehiengo osoa lortzeko aukera, eta bozetara deitu zuen otsailean, nahiz eta, legealdi osoa beteta, irailean edo urrian egitea tokatu. (…) Gaur izango dute bilera Urkulluk eta taldeek hauteskundeez. Jarduneko lehendakariak «entzun» egingo die, martxoaren 16ko ohar bateratuko hirugarren eta azkeneko puntuak zioen bezala. Gauza asko pasatu da martxotik. Berriki ,Jose Antonio Zarzalejos kazetariak idatzi du EAJ, «alderdi enpresariala» eta «ideologia aldetik» Arzalluz eta Ibarretxeren garaikoa baino «neutroagoa» izateaz gain, «errealista» dela «mugimenduak egiteko orduan», eta «arrakastazko kontakizun baten protagonista». Ez dirudi EAJ parametro horiek denak betetzen dabilenik.♦

Rubalcabarena, anekdota

“Neuk eskatu nion behin Rubalcabari zergatik ez zuen egiten kalkulu bat zenbat jende pasatu den kartzelatik, zenbat jendek salatu dituen torturak…; hau da, guk ezagutzen ez genuen beste mundu horretan zer pasatu den ikusteko. Txosten handi bat ekarri zidan geroago, eta esan zidan: ‘Eta oraindik diote ez dagoela gatazkarik…'”. Jesus Egigurenen hitzak dira, 2014ko martxokoak, Azpeitiko solasaldi batean esandakoak. Gaur urtebete hil zen Alfredo Perez Rubalcaba, eta estatu gizon modura agurtu zuen Espainiak. 2014ko Europako hauteskundeetan PSOEk emaitza txarrak izan ondoren utzi zuen politika instituzionala Rubalcabak, irailean. Diputatuek-eta agur bat prestatu zioten, eta joan zen bertara Amaiurreko parlamentario bat ere, amistadeagatik. Ekitaldian biek kointziditu zutenean, Rubacalbak ahapeka esan zion saiatuko zela euskal presoen aferari (gatazkari, beraz, ezta?) heltzen. Antza, anekdota batean geratu zen aipamen hura.♦

Marko nazionala

Twitter kontu bat sortu dute hil honetan: ETB esnatu! (@etbesnatu). Aurkezpeneko esaldia: “Egungo ETB-k ez ditu euskaldunon beharrak asetzen. Gehiago merezi dugula argi dugu. Datuek ere hala diote. Ados bazaude, irakurri, sinatu eta zabaldu mesedez!”. Finkatua daukan txioa: “Kezkagarria da egun ETB-k bizi duen egoera. Euskaldunon telebistak aspaldi utzio zion iraganeko telebista lehiakor hura izateari, eta okerrera doa etengabe, interes gabeko edukiz josirik eta gero eta ikusle gutxiago bilduz”. Eta gero dio: “Salbuespenak salbuespen, ETB1-en eskaintza eskasa, nazio mailako beste telebista batzuekin lehiatzeko inolako aukerarik gabe”. Nik @etbesnatu-ri, Twitterren bertan: “‘Nazio mailako beste telebista batzuekin lehiatzeko…'”. Nazio?”. Haren erantzuna: “Euskal Herrian ikusten diren beste telebistekin (Tve, Telecinco, Antena3…) lehiatzeko gai zela adieraztea. Dena den, textuaren helburua ez doa hari horretatik, transmititu nahi duguna argi dagoela uste dut…”. Ederki hasi dira, beraz… Ramon Labaienek burua altxatuko balu… EITB bera ari da meriturik egiten bere ikus-entzuleek marko nazionaltzat Espainia hartzeko.♦

Berdintasunaz

BERRIAko analisiaren (2020-4-26) laburpena: Koronabirusaren gogorraz eta ezjakintasunaz gain, testen, maskaren eta bestelako babes eta prebentzio neurrien aplikazio desordenatua eta desegokia ikusita —espektakulu bat—, nola egongo da hiru hilabete barru osasun egoera? Uztailaren erdialderako [EAEn] hitzordu elektorala jartzeko, maiatzaren erdialdera egin behar da deialdia. Osasun adituek espero dute egoera hobea izatea uztailean, baina ez da horren bermerik. Hauteskunde batzuetan hautagaitzen parte hartzerako berdintasuna zaintzea ere elementala da, eta, kasuan, uztaileko bozen kanpainaurrean hautagai nagusiak berdintasun egoera berean al leudeke agerraldiak egiteko, eragileekin batzartzeko, kazetariekin elkarrizketak aurrez aurre egiteko eta abarrerako? Gaitza. Konfinamenduan zehar horretarako aukera izaten ari dira gobernuetan daudenak, besteak ez, eta Jaurlaritzan den bat izango da EAJren lehendakarigaia: Urkullu. Konfinamendu ostea ez da izango erabat askea, graduala baizik, eta hor izango du abantaila publiko-politiko bat Urkullu jarduneko lehendakariak. Jarduera mugatua(goa) lukete besteek; berdintasun berbera, ez. Defizit bat. Nahikoa egon zen beste garai latzago batzuetan.♦

Espainiaren ‘berreraikuntza’

Koronabirusaren krisiaren eta jada bertan den krisi ekonomiko eta sozialaren aurrean, Espainiako Estatua “berreraikitzeko” itun baten beharra aldarrikatu du Pedro Sanchezek, eta batzar batera deitu ditu alderdiak, sindikatuak, patronala, erkidegoetako presidenteak eta alor batzuetako ordezkariak. Espainiako Estatuan bederen, haren baitan dauzkaten nazioen aspirazioen onerako ez da estatu itun bat. Atzeneko diktaduraz geroztik, 1978an egin zuten halako I. ituna, Espainiako Konstituzioa onartuta: askatasun eta eskubide asko aitortu bai, nazionalismo periferikoak integratzearren autonomia puska bat bai —1982an, ordea, LOAPA—, baina nazio eta autodeterminazio eskubidearen aitortzarik ez eta frankismoa erauzi ez. 2000an, II. estatu ituna, Lizarra-Garazik sortutako kakalarriaren ostean: Askatasunaren aldeko eta Terrorismoaren aurkako Ituna —ondorioz, 2002an, Alderdien Legea, eta: ezker abertzalearen ilegalizazioa, Juan Jose Ibarretxeren aurkako auzia…—. III. estatu ituna, nahiz eta izenpetze agerraldirik ez izan, Kataluniako prozesu independentista gora eta gora zihoala; eta halaxe, 2017an, estatuaren kolpea 155arekin. IV. estatu itunak Madrilen birzentralizazioa areagotzea lekarke; gero eta aginte bakarrago bihurtzea. Sanchezek Moncloako itunerako ezinbesteko bazkide ez ditu nazionalismo periferikoak. Beraz, Euskal Herriaren askatasuna nahi duenak zer espero dezake Espainiaren berreraikuntzatik? Baina euskal nazio izaera edo aspirazioak dituztenak ez al dira ari Espainiako Estatua eraikitzen, egunerokoan markotzat hura hartuta edota estatu eredua proposatuta?♦

Zerbait berria irekitzen?

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak hil honetan esan du askok uste baino lehenago iritsiko dela “ezkerreko euskal ardatza”: EAEn, EH Bilduk, PSE-EEk eta EP Elkarrekin Podemosek osatutakoa. EPren EAEko lehendakarigai hautatu berri Miren Gorrotxategik adierazi du hiru indar politiko horien arteko itunak sustatuko dituela. Irunen aurten egin dute aurrekontuetako akordioa hirurek; Nafarroako Parlamentuan egin dituzte PSNk, EH Bilduk eta Ahal Dugu-k itunak —Geroa Baik barne—; eta Espainiako Kongresuan PSOEk lehen aldiz aitortu du solaskide modura EH Bildu. “Ezkerreko alternatiba politikoa” indartze aldera, Gemma Zabaleta eta Daniel Arranz PSE-EEko eta Javier Madrazo EBko kide esanguratsu ohiek idatzi berri dute EH Bilduren alde egingo dutela datozen bozetan. Aste bukaera honetan Jesus Egiguren PSE-EEko presidente ohiaren elkarrizketa aterako du BERRIAk, eta Egigurenek dio hiru urte barruko udal (eta foru) hauteskundeen ondoren hasiko direla “Euskadin gauzak aldatzen”, PSE-EEk eta EH Bilduk itunak eginda. Zerbait berria irekitzen ari ote?♦

Paris erabiltzen

BERRIAko analisiaren (2020-1-29) laburpena: Hainbat froga dago Josu Urrutikoetxeak Luis Herguetaren hilketarekin (1980-6-25) zerikusirik izan ez zuela ondorioztatzeko. Garbiena izan ahal da ETA pm-k aldarrikatu zuela atentatua eta Urrutikoetxea sekula ez zela izan ETA pm-koa. Eta, auziak izaera politikoa duela pentsatzeko, badago hurrenkera bat nabarmena. (Espainiako Estatuko) Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroak 2018ko ekainaren 24an ere, Hergueta Gasteizko Michelingo arduradunaren hilketaren 38. urteurrenaren bezperan, txio batean esan zuen ETA pm-k hil zuela. 2018ko ekainaren hasieran heldu zen PSOE gobernura, eta, ondoren, aipatutako zentroaren zuzendaritzan ere jarri zen —Espainiako presidentea bera da patronatuko burua, eta, besteren artean, hainbat ministro dira zuzendaritzakideak; tartean, Justiziakoa—. Oroimenezkoak 2018ko txio hura egin zuenean, artean atxilotu gabe zegoen Urrutikoetxea. Iazko maiatzaren 16an atzeman zuten, Frantziako Alpeetan, eta Parisko Dei Auzitegiak ekainaren 19an baldintzapean libre uztea erabaki zuen arren, egun berean berriro atxilotu zuten, Espainiako Estatuaren eskariengatik. Handik bost egunera —ekainaren 24an— idatzi zuen berriro Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroak Herguetarena ETA pm-ren hilketa izan zela zioen txioa, eta uztailaren 12an Espainiako Ministroen Kontseiluak, Justizia ministroaren proposamena onartuta, Herguetaren kasuagatik Frantziari Urrutikoetxearen estradizioa eskatzea erabaki zuen, idatzian zehazteke ETAren zein adarrek hil zuen, eta aipatzeke idatzian aitatzen dituen Michelingo langile bat eta haren emaztea —Urrutikoetxeari Herguetaren argazki bat eman zioten 1980an— Madrilek ez zituela zigortu Herguetaren kasuagatik. Egoitz Urrutikoetxeak iazko auzi saio baten ostean esan zuen: «Frantziako Justizia instrumentalizatzen ari da Espainiakoa. Gezurretan ari zaio». Espainiako Gobernua ez da atzean gelditu.♦

« Older posts Newer posts »

© 2020 Lerro batzuk

Theme by Anders NorenUp ↑

Featuring WPMU Bloglist Widget by YD WordPress Developer