Herrialdearekin berradiskidetuta (II)

Ados, ados, ondo da. Mexiko Hiritik, datorrena datorrela blogeko aurreko sarrera 54 aldiz bertxiotu eta 13 aldiz partekatu duzuenez, jarraituko dut herrialde honen kontu onez hitz egiten. Nola nabaritzen den, bai, herrialdearekiko ia guztiak eginak dauzkadala… Goizean lanpetuta ibili naiz: kalimotxo bat edan dut eta urdaiazpiko pixkat jan terraza eguzkitsu batean. Beraz, lerro hauek idazten ari naizen unean, 16.24 dira hemen. 17:30etan gidoi ikastarora joan beharra daukadanez, gero, 22:30etatik aurrera, AITZINA, bukatuko dut sarrera hau. Eta, hain zuzen, gidoi ikastaroaz mintzatuko natzaizue gaurkoan.

Duela hiruzpalau hilabete, erabakia ia hartuta neukanean, izena eman edo ez eman dudatan ibili nintzen azken unera arte. Maite dut zinema, eta hemen zortzi-bederatzi-hamar orduko bulegoko lanik ez nuenez (eta ez dudanez), ikusten nuen banuela ikastaroren batean izena emateko aukera. Errealizazioa, gidoia… Bigarrena hautatu nuen, nire betiko egitekoarekin zerikusi gehiago zuelakoan, badakizue.

Baina duda-mudatan ibili nintzen. Batez ere, lagunok, kultur mundu establezituarekin maitasun-gorroto harreman bat bizi dudalako. Duda-mudatan, ez ote nuen topo egingo kultur munduan nabari dudan pedantekeriarekin eta nolabaiteko nagusitasun moralarekin. Zalantzak, pentsatzen bainuen noizbait nozitutako pedantekeri eta nolabaiteko nagusitasun moral horiek paralizatuko nindutela besteen aurrean. Dudak… Izan ere, ni batez ere futbolzalea nauzue lagunok; ez, ez, ez naiz hooligan bat, ez ezazue pentsa, zale bat baizik; zale, ejem, sasijakintsu bat nahi baldin baduzue. Tira, baina onartu beharra daukat nik ere pedantekeriz eta nagusitasun moralez jokatu izan dudala, jokatzen dudala, eta jokatuko dudala haien taldeen koloreekin itsutzen direnekin.

Eman nuen pausoa eta izena eman. A priori iruditzen zitzaidan itxura cool-a zuela eskolak, eta, hortaz, lehen egunean, haranzko bide urdurian, zera pentsatzen nuen: “Joder… Erridikulua egingo dut Truffautez galdetzen badidate… Kagoendios… Eta zer egin L’eclisse-ko emakumezko protagonista Monica Vitti zela ahazten baldin badut bat-batean? Masailak gorrituko zaizkit eta korrika batean eta oihuka alde egin beharko dut gelatik… Ene!!”. Konturatuko zineten, bai, fantasioso samarra naizela, egoera inposibleak imajinatzea maite dudala, eta aipatu ditudan bi erreferentziak egoera inposibleen zaku performanceetarako gordean sartu beharko ditut, gidoi ikastaroan ez baita inoiz ez Truffautez eta ezta Antonioniz ere hitz egin; eta ez da hitz egingo… Hori lasaitua hartu nuena, hartzen dudana klasera sartzen naizen aldiro… Tira, onartu beharra daukat, halere, maite dudala adituekin egotea, haiei entzutea, eta, tarteka, nik neuk erreferentzia faltsuak ematea parekoari… Bai, lagunok, bai, kontuari larritasuna kentzeagatik egiten dut, barre batzuk egitearren, Truffaut edo Bresson izan zen jakiteak ez baitu horrenbesteko garrantziarik. Edo bai? Beno, inork esango balit Realak 1987an Kopa irabazi zuenean golak Iturrinok eta Larrañagak sartu zituztela, ba aizu, zuzenduko nion…

Baina uste dut klasean ez dakitela Truffaut eta Bresson nor ziren. Agian badakite, ordea, Iturrino eta Larrañaga nor ziren… New Yorken Agustin Aranzabalen jarraitzailea zen turkiar bat ezagutu nuen…. Esan zidanean hunkitu eta dena egin nintzen. Izan ere, lagunok, Aranzabalek bazuen, bai, klasea, ezker hegalean baloia ukitzen zuenean… Barkatu, barkatu, joan naizela berriro adarretatik!

Klasean, nago ni, ez dakite nor ziren Frankenheimer eta Lumet. Zergatik dakit? Nire bost klasekideak eta irakaslea pelikulez hitz egiten hasten direnean haien erreferentziak oso bestelakoak direlako. Isilik egon beharra daukat A Nightmare on Elm Street-ez mintzatzen direnean, adibidez. Nik, ene jakintasun indie-tik, nahiko nieke hitz egin Claire Denis-ez, Jim Jarmusch-ez, baina, oh, ze pena, ezin.

Klasea hasi aurretik, irakasleak galdetzen digu ea zer pelikula ikusi ditugun asteburuan. Hasieran kontatzen nuen zer ikusi nuen, baina inork ez zion nik planteatutakoari tira egiten, inork ez zeukan-eta pelikula hori ikusita. Irakasleak eta besteek graziarekin barre egiten diote Cineteca-ri, han programatutakoari, eta, egia esan, ni neu Cineteca-ko ikusle fidela naizen arren, grazia egiten dit haien erreakzioak, kontuari, zinemari berari, ikusitakoari, larritasuna kentzen diotelako, ustezko gustu on hori ezbaian jartzen dutelako.

Victor, adibidez, gore-edo zalea da; beti istorio ene aburuan arraroa-k planteatzen ditu. Irakasleak, bestetik, zientzia-fikziozko pelikulen adibideak jartzen ditu ia beti. “Chale…”. Earwin ez litzateke Trueba zinemako ikusle finkoetako bat izango eta Jesus-en istorioek guztiz offside harrapatzen naute. Vladimirrek ez du etxeko lana egiten eta, beraz, ez dakit zehazki zein gustu dituen. Cuca-k Matrix-en aurreneko ordu laurdena jartzen omen die sei eta lau urteko haren semeei, eta Clara euskal jatorriko 70 urteko emakumezkoa oso elizkoia da, eta nabaritzen da idazten dituen kontuetan. HALA ETA GUZTIZ ERE, benetan diotsuet; oso ondo pasatzen dut klasean.

Eta gaur ere oso ondo pasatu dut. 22:38 dira dagoeneko hemen. Atsegin dudana da, eta gaurko klasean ere frogatu ahal izan dut, bakoitza modu jakin batekoa dela bai istorioak planteatzerakoan, bai idazterakoan, bai gustuetan, eta baita klasean hitz egiten dugunean ere. Eta irakasleak bidaltzen dizkigun ariketetan nire klasekideek kontatzen dituzten kontuak oso erakargarriak ez zaizkidan arren, oso estimatzekoa, eskertzekoa, iruditzen zait bakoitzak bere ikuspegia plazaratzea.

Gustuetan ez daukat zerikusirik haiekin; seguru asko haietako inorekin ez nintzateke ados jarriko pelikula bat edo bestea aukeratzerakoan. Izan ere, gu, gurean, arte-zinemaren, egile-zinemaren zaleak gara, noski, eta barre egiten diegu, are gutxietsi nahiz eta ez dugun onartu nahi, blockbuster-en jarraitzaileei. Gogoratzen dut duela urte batzuk Donostiako Zinemaldiko Zuzendari Berriak saileko epaimahaiburua elkarrizketatu zutela Zinemaldi garaian, eta zera esan zuela: “Niri zinema independentea gustatzen zait”. Ados. Baina baieztapen horrekin zer ari da ukatzen? Jakina… Gurean Tarkovski eta Kaurismakiren film guztiak ezagutzen ditugu, baina Cobra-z (1986) galdetzen zaigunean, telebistan hamaika aldiz ikusi dugun arren kapazak gara, oso kapazak, gainera, pedantekeriaz zera erantzuteko: “Zer? Barkatu, ez dut ezagutzen…”

Gaurko klasean, adibidez, irakasleak esan digu ez dela komeni eszenetan pertsonaiak bakarrizketan aritzea. Aipatu diot, ene pedantekerian, Smoke (1995) pelikulako azken sekuentzia, eta inork ez zuen haren berri. Lepoa jokatuko nuke Euskal Herrian gidoi ikastaro batera joaten den edo joateko asmoa duen edonork badakiela zer gertatzen den azkeneko sekuentzia horretan. Tira, herrialdeen araberakoa ere izan daiteke pelikula batzuen edo besteen ezagutza edukitzea…

Beste gauza batez ere konturatu naiz. Zenbat gauza!!! Ariketetarako gaiak aukeratzerakoan, nik beti, ez dakit zehazki zergatik, baina aspektu soziala lehenesten dut; edo ahalegintzen naiz, behintzat, ene inuxentekerian. Klasekideek beste kontu batzuk lehenesten dituzte, eta horrek harritzen nau apur bat… Ez dakit, ordea, zergatik den. Zazpi gara klasean…

Zazpi ez, beste sei sarrera geratzen dira blog honen pertsiana beheraino jaitsi aurretik. Ahaleginduko naiz horietan ere onbera izaten.

Apuntetxoa (I): Zer iruditzen zaizue kaleko dendatxo batek duen iragarki hau?

Apuntetxoa (II): Gure etxeko pareko farola batek ia astebete darama erreta. Egia esan, asko pozten naiz. Niregatik, ez dezatela konpondi.

Kantua: Done ezer ez da ezinezkoa, ni neu Mexikorekin berradiskidetzea ere ez. Maisuaren kantua zuzeneko bertsioan, ez baitut Youtube-n diskokoa topatu. “Bixar arte, ondoloin”.

Herrialdearekin berradiskidetuta

Lehengoan, larunbat eguerdian, agurreko festatxo bat-edo antolatu ziguten Casa Galerian, Iranixe azkotiarraren arte espazio-etxean, eta ederki pasatu genuen. Elkartu genituen alde bateko zein beste aldeko lagunak, Sergio lagun mexikar estimatuak paella handi bat prestatu zuen, eta, azkenean, nola bestela, dantza batean bukatu genuen denok. Radio Futura-ren Han caído los dos-ekin dantzan ari ginenean, erabateko osotasun sentipen batek bete zituen ene barrenak, eta, pozaren pozez, oihu egitekotan egon nintzen. Ez zen beharrezkoa izan, ordea, musikarekin eta geure gorputzen mugimenduekin ari ginen-eta geure izate gehienetan enkortsetatua askatzen.

15:00etan-edo iritsi nintzen Casa Galeriara. Euskara eskola bat eman, hiru metro hartu, lepo zegoen autobus batera igo, eta, azkenean, ordu eta laurden geroago, azkoitiarraren etxera heldu. Autobuseko bidea Patricia madrildarrarekin batera egin nuen. Nik uste dut festara garraio publikoan joan ginen adoretsu bakarrak izan ginela… Ba Patriciak ia lau urte daramatza hemen, eta esan zidan Mexiko Hiriak “irabazi” egin diola, ezin duela gehiago. Bere jaioterrira bueltatu nahiko lukeela, faltan sumatzen dituela familia, “betiko lagunak”, eta ibilbide profesional jakin bat egitea baino gehiago beste gauza batzuk baloratzen dituela. “Tira, badakit gaur egun ez dagoela oso ondo ikusia hori esatea, gizarte indibidualista batean bizi garela, baina hala ateratzen zait… Nik nireekin egon nahi dut”, aitortu zidan, nigan babesa bilatuz bezala. “Erabat ados nago”, erantzun nion. 38 urte dauzka eta jakinarazi zidan haur bat eduki nahi duela. “Baina ez dut hiri honetan eduki nahi; nireengandik gertu baizik”. Hiriarekin eta horretan bizitzeak eragiten duen guztiarekin nekatuta dago; are, haserre.

Ba ni Mexikorekin berraskidetu nintzen ba lehengo astean! Noski, ez nion Patriciari ezer esan. Izan ere, ez bainintzen hiriarekin berradiskidetu, herrialdearekin baizik.

Pasa den astean lau egun pasa genituen lagunak eta biok hondartzan. Veracruz hiriaren hegoaldean dagoen toki batera joan ginen eta hotelarekin zortea izan genuen: erosoa, txikia, baketsua, nahiko merkea eta igerilekutik hondartzarako sarrera zuzena duena.

Iratzargailurik gabe jaiki, balkoira atera eta itsasoa ikusi, bainu bat hartu, igerilekuko lorategian gosaldu, krema asko eman, asko, hondartzara minutu erdian heldu, irakurri, eguzkitako betaurrekoak jarri, itsasoari begira egon, krema asko eman, asko, hausnartu, irakurri, bainu bat hartu, hausnartu, paseatu, txiringito batean zerbeza batzuk edan eta ganba batzuk jan, krema asko eman, asko, paseatu, bainu bat hartu, irakurri (arratsaldeetan ez dut hausnartzen), guapo jarri, paseatu, olatuen zarata adituz afaldu, hoteleratu… Benetan diotsuet ez dizuedala inbidiarik eman nahi, lagunok, baina zer egingo zaio ba, utz iezadazue, mesedez eta arren, Mexikorekin berradiskidetzen… Tira, lau egunez horrela ibili ondoren, ez harritu gringo deitu izan didatenekin adiskidetzen banaiz. Hondartzan pasatako opor egunen efektu baltsamikoa betikotu nahiko nuke…. Edo ez, agian ez dut betikotu nahi.

Iruditzen zait beste Mexiko batean ibili naizela, baina, auskalo, agian nire irudipena besterik ez da. Datu edo bizipen zehatzik ez daukat, baina uste dut, a priori behintzat, ez dela hainbesteko alderik egongo Oaxaca, Chiapas eta Veracruzen artean. Aurreneko bi estatu horietan alde batetik bestera ibili ginen, baina, exotikoak izan ginen, autobus eta furgonetatan bidaia luzeak egin genituen, etxolatxoetan lo egin genuen, hangotarrekin kafea hartu genuen eta haien egunerokoaren berri eman ziguten… Bidaia horietatik jota itzuli nintzen, ordea. Tijuanaren hegoaldean ere (Kalifornia Beherea) egon ginen aspaldi, eta orduan, oraingoan bezala, biziberrituta, pozik eta tokiaz maiteminduta etxeratu nintzen. Lau egun pasa genituen hondartzan, ia-ia erabateko bakardadean: garaiz oheratzen ginen, garaiz esnatu, paseatu, eguzkia hartu, bainatu, irakurri… Beraz, nahiko argi daukat: egun hauetan irakurri, paseatu eta hausnartu besterik ez dudalako egin berradiskidetu naiz herrialde honekin. Alfer bat naiz, tipo susmagarri horietako bat, dena eta ez dena ezagutzeko, ikusteko eta deskubritzeko gogorik ez daukadalako. Proposatu iezadazu, ordea, hondartzarako plana,  esadazu bake-baketan egongo naizela, oztoporik gabe irakurri ahal izango dudala, olatuak hartu ahal izango ditudala, zaratarik gabe lo egiteko aukera eduki dudala… Eta, aizue, segituan apuntatuko naiz.

Halere, Veracruzekoen nortasuna gustatu zait. Auskalo… Akaso, oporretan geundelako? Arratsalde-iluntze batean hirira joan ginen, eta hango plaza nagusian hiriko banda pieza batzuk jotzen ari zen, jendeak, dotore-dotore, dantza egiten zuen bitartean. Zoragarri. Eseri ginen afaltzeko, eta ia turistarik ez zebilen arren, jatetxeko terrazaren bueltan lau talde hasi ziren han geunden bakanentzako jotzen. Batzuen son doinuak, besteen norteña-k (Pellorekin gogoratu nintzen), hango kantugile erromantikoa-edo… Sekulako grazia egin zigun egoerak; guri, mendebalde hertsi eta itxian hazitako azal zurikooi.

Veracruzekoen nortasuna gustatu zait. Afaldu eta gero, taxi bat hartzera jo genuenean, gidariarekin prezioa adostu genuen, eta, hemengo gidarien aldean, hangoak jokatzeko beste modu bat, atseginagoa-edo, zeukala iruditu zitzaidan. Lagunak gauza bera esan zidan. Oporretan geundelako izango zen? Gidariak irratia zeukan jarrita, eta Veracruzeko emisoraren batean txiste programa bat emititzen ari ziren. Eta gu barrez. Oporretan geundelako? Gure opor egunetako arima exotikoari azentu ia kubatar horrek grazia egiten ziolako? Ez dakit… Baina ze ondo. Viva Veracruz!

Azken gau-goizaldean, ordea, Mexikon geundela konturatu ginen kolpetik. 07:00etan telefonoa jo eta jo gure logelan. Nire mesanotxean zegoenez, nik erantzun nuen, harrituta, are beldurtuta. “Bai?”. Ba harrerako batek jakinarazi zidan 07:00etan, bai-bai, 07:00etan, debekatuta zegoela balkoitik arropa eskegitzea. Eta nik, aho bete enpaste: “Horregatik deitu duzu??”. Eta harrerakoak edo auskalo nork: “Bai”. Deia moztu nuen. Eta laguna eta biok, normala-edo denez, sututa… 07:00etan… Hotelean, uste dut, bizpahiru logela besterik ez zeudela okupatuta. Eta diot nik: zintzilikatutako bainujantzi eta bikini banak zertan eragiten dio ia hutsik zegoen hotelaren irudiari? Eta hotela lepo egongo balitz ere? Beharrezkoa al zen 07:00etan deitzea?

Geroxeago, jaitsi ginenean, harreran galdetu nuen ea beharrezkoa ote zen 07:00etan deitzea hori jakinarazteko. Une horretan harreran zegoenak bazuen, antza, ez dakit zergatik, gertatutakoaren berri, baina justizia egarriz zegoen honi ez zion esan nor izan zen. Barkatzeko esan ziguten. Ez dadila berriro gertatu!

Veracruzen gauzak gertatzen dira, bai. Pasa den hilaren 12an, esaterako, kazetari bat hil zuten; azkeneko sei urteotan estatu horretan erail duten 20.a da. Eta Veracruzeko estatuan, duela bi aste, 250 burezur topatu zituzten hobi komun batean. Eta Jorge Winckler Mexikoko fiskal nagusiak dio hobi komun gehiago daudela estatu horretako lurretan. Gisa horretako albisteak ere irakurri nituen hotelera ekartzen zuten egunkarian; edo emakume bat zatikatuta topatu zutela bide bazter batean, edo familia bat bahitu berri zutela…. Bat gehiago. Eta albiste horiek irakurri ondoren itsasoari begiratzen nionean, hausnartzen nuenean, ez nituen, ez, albiste horiek gogoan, beste kontu batzuk baizik. Izan ere, herrialdearekin berradiskidetu nahi nuen, nola edo hala. Tira, batzuetan bai, batzuetan gogoan neukan Mexiko Hirira itzultzeko ia 500 kilometro egin behar genituela autobusean, eta Veracruz estatu arriskutsuenetakoa dela, eta autobusak ere geratzen dituztela, jendea bahitzen dutela…

Segituan uxatzen nituen, ordea, pentsamendu horiek, eta neure artean pentsatzen nuen: “Zeinen ondo hemen, itsasoari begira eta Mexikorekin berradiskidetuta”.

Apuntetxoa (I):  Porrua ez, Manuel fruta saltzaileak letxuga ederra sartu zidan ostiralean. Letxuga jangaitz bat saldu zidan, ziurrenik zaborretatik hartutakoa, eta atzo konturatu ginen. Azkeneko hamabost hilabeteotan hutsik egin gabe, astero, hari erosi dizkiogu fruta eta barazkiak, baina beti lehor nirekin, tarteka keinu itsusiak ere eginez. Gaur arte. Gaur azokara joan, eta arraro sentitu naiz harengana jo ez dudanean.

Apuntetxoa (II): Nekeza da berradiskidetzea, baina erraza atzera sumintzea. Atzo, zinema aretoan, gutxi falta izan zitzaidan butakatik altxatu, besoak jaso eta ondokoa oihu egiteko: “Baina zer ostia gertatzen da hemen!!”. Agian oporrak bukatu direlako?

Kantua: Gaur itsasoari begira, ilunabarrean.

 

Oporrak eta ‘deskonektatzea’

Ez pentsa, oporrak edukitzearena kontu nahiko berria da. Frantziako Gobernuak eskubide hori ahalbidetuko zuten akordio batzuk sinatu zituen 1936an, eta, ondorengo urteetan, gutxi asko, eredu hori kopiatu zuten munduko gainontzeko administrazioek. Euskal Herrian, bataz beste, ordaindutako 30 opor egun ditugu, eta sailkapen horri dagokionean ez dakit zehazki puntaren puntan ote gauden, baina ez gabiltza gailerrutik oso urrun. Mexiko, aldiz, kontrako muturrean dago. Hemen, lanean hasten zaren urtean, sei opor egun dauzkazu, eta urtez urte bi opor egun gehitzen dituzte. Hori dio Lanaren Lege Federalak. Hamalau urte daramatzazunean, adibidez, hamasei dira egunak, eta 40 daramatzazunean, demagun 60-65 urterekin, 26 egun; hori da muga. Zortedunak gu, hortaz.

Noski, kasuak eta kasuak daude, lanak eta lanak, baina nik mexikarrekin izandako esperientziak aintzat hartuta, esango nuke ez direla horregatik kexatu zaleak. New Yorken jatetxe batean izan nituen lankide ia gehienak mexikarrak ziren, eta astean sei egunez lan egiten zuten. Astean zehar libratzen zuten gehienetan, eta, adibidez, nik galdetzen nion ostegun batean lankideren bati ea Victor, adibidez, zergatik ez zetorren lanera. “Hoy no viene, hoy descansa“, izaten zen erantzuna. Eta descansar horrek atentzioa ematen zidan. “Descansa” esaten zidatenez, ba Victor, esaterako, ohean etzanda edo sofan paretari begira botata imajinatzen nuen. Nik neuk nahiago dut “ez, gaur ez dator, gaur JAI DU” esatea. Baina gurean ere “atseden egun” gisa definitu genituen aspalditxo astean zeharreko jaiegunak. Bai, igual, bereizteko modu bat izan daiteke, jaiegunak, berez, teknikoki, Ostegun santua edo Urteberri eguna direlako, baina tira… Oraindik ere ez dit belarrira ondoegi ematen “atseden eguna” delakoak. Ene! Hau da hau funtsik gabeko eztabaidagaia… Edo ez? Tira, Euskal Herrian, bilera batean, non bestela, kontu ezdeusagoez eztabaidatzen orduak eta orduak pasa ditzakegu… Espezialistak gara horretan.

Eta Euskal Herrian, zuk zeuk kontrolatzen ez dituzun erabakiengatik besteek baino opor egun gehiago baldin badauzkazu, ba ziurrenik alferrontzi edo behintzat susmagarri bat izango zara besteen begietara. Mexikon ere bai, noski. Jatetxean lankide izan nituenek “flojo” esaten zieten lanerako gogorik ez zutenei, egun batean edo bestean, auskalo zergatik, nork daki, lanera azaltzen ez zirenei. Bizikletarekin janaria banatzen lan egiten nuen nik han, eta asteazken eta ostegunetan bezeroek 22:30ak bitartean eska zezaketen jatekoa. Ba noizbait tokatu zitzaidan jatetxetik nahiko urrun bizi zen bezero bihotz gaberen batek eskari dirutan eskasen bat egitea 22:28etan edo 22:25ean, eta noski, une horretan, berria ematen zidatenean, ni mekagoendioska hasten nintzen. Eta nire erreakzioa ikusita, oso ondo gogoratzen dut behin zer esan zion sukaldari mexikar batek besteari: “El Igor es un flojo. ¿Qué Igor? ¿No tienes ganas de trabajar?”. Oso gizonak dira hemen, oso langileak, badakizue… El Salvadorreko sukaldari batek, ordea, ulertzen ninduen. Hark hala esaten zidan ikusten ninduen aldiro: “Vigor!! El gallego de Marbella!”. Ez galdetu zergatik…

Tira, joan naizela adarretatik… Hemen, nire ezagun batek, zortzi opor egun dauzka aurten. Duela gutxi, Gabonetan, ez zegokion egunetan lan egin zuenez, pare bat jaiegun eduki zituen urtarrilean. Elkar ikusi genuenean esan zidan oporrak zituela. “Oporrak???”, harrituta nik. “Bai, astelehen eta asteartean ez naiz lanera joango”. Hori ez dela oporrak edukitzea erantzun zion ene ni urtarrileko zuri-zuri mendebaldarrak.

Beste ezagun batek ere zortzi opor egun ditu. Gabonetan bere lantokia ixten dute bi astez, eta urtean zehar dauzkan opor egunak ez dira ordaindutakoak. Esan izan dit, gainera, ugazabak trabak jartzen dizkiola egun batzuk (gehiegi ez, noski), hartu nahi dituenean, eta bere lankide gehienek ez dituztela zortzi egun horiek baliatzen, ez dutelako nagusiaren aurrean itxura txarrik eman nahi. Kontuan hartu behar da, gainera, soldata duina, are ona, izan arren, hemen jende dezentek nekez libratzen duela hilabetea…  Ezin, beraz, ordainduta ez baldin badago, opor egun bat hartu.

Baina berriro diotsuet ez direla gehiegi kexatzen. Asumituta ote daukate? Bestela, ez dute oporren beharrik disfrutatzeko. Gu, eustearen kultura-erlijioan hazitakoak, oporrak hartu zain egoten gara, jasanezinak izaten gara askotan, (“Barkatu, ez nago nire onenean. Oporrak behar ditut”), eta gero bai, gero sare sozialetan zintzilikatuko ditugu auskalo nongo txiringitoko, Indonesiako azken muturreko hondartza galdueneko edo Valderejoko zuhaitz zaharrenaren argazkiak. Ordura arte, kieto. Hemen, berriz, uneoro gozatuzaleak dira. Hamabost egunez behin kobratzen da lan formaletan, eta dirua kobratutakoan mexikar ertainak ez du bakerik izango diru hori ia guztia asteburuan edo gau horretan bertan auskalo zertan xahutu arte.

Euskal Herrian, aldiz, ia egunero, ia astebururo daukagu deskonektatzeko beharra. DESKONEKTATU. Termino nahiko berria da hori gurean…. Baina besteak zer esan nahi du “deskonektatzeko beharra daukat” esaten digunean? Opor garaitik kanpo zerbaiti erabat lotuta, konektatuta bizi garela eta konexio horretatik kanpo dauden zereginetarako denborarik edo gogorik ez dugula? Ez ote da guk geuk geure bizkarrean, beste erantzukizun edo aukera batzuk saihestearren, nahita zamatutako karga edo aitzakia bat? Nik zer dakit ba…

Gero, bestetik, oporretarako lekuak eta lekuak daude. Ezta? Johan Cruyffek zera esaten zuen: “Esan iezadazu zein den zure taldeko erdiko erdilaria, eta esango dizut nola jokatzen duzun”. Miguel lagunak antzeko zerbait pentsatzen du opor lekuei dagokionean. “Esan oporretara nora zoazen, eta esango dizut nolakoa zaren”. Hala dio berak. Duela gutxi, adibidez, esan zidan jasangaitza egiten zaiola oporretan Asia ekialdera joaten den jendea: Malaysia, Singapur, Vietnam, Indonesia… Molde batekoak direla zioen. Barre egin genuen eta multzoka sailkapentxoa egin: Latinoamerikara “motxila soil batekin” bidaiatzen dutenak, Sobietar Batasun ohieko Asiako herrialdeetara joaten direnak (multzo horretakoa izan nahiko nuke), etxetik gertu ibili eta kanpora ateratzeak merezi ez duela diotenak… “Etxean, inon ez bezala”. Eta horrela.

Baina egia da azkeneko hamabost-hogei urteotan, hegaldiak merkatu zirenetik-edo, modan-edo dagoela bidaiatzea. Eta batzuentzat, gainera, behar ia fisiologiko bat bihurtu da hegazkin batean sartu, hiruzpalau eskala egin, ahalik eta urrunen joan, txikituta iritsi, eta hurrengo 10-15 egunetan esperientzia “bizigarriak” edukitzea. Guau! Zer pena… Galdera egiten zaie: “Zer duzu gogokoen?”. Eta ez dizute erantzungo ba, nik zer dakit, Reala, Athletic, arte garaikidea, Gaztelugatxe, 8-10 ordu lo egitea, Maradona eta Laudrup talde berean, lagunekin barrez lehertzea, sexua, zinema edo puzzleak egitea, ez. Erantzungo dizute gehien maite dutena bidaiatzea dela. Badakizue, bidaiatzea (baina urrun, e?), duela 50 bat urte arte, gustuz, jende jakin batek bakarrik egin zezakeena. Baina irentsi dugu amua, eta urrun-urrun iritsi arte, bakerik ez gugan, antsietateak jota gu, beste ezer ez buruan, sare sozialetan argazki bidez paisaia epatatzaileenak erakusteko, kultura ezezagunak deskubritzeko eta esperientzia arriskutsuenak bizitzeko egarriz gu.

Datorren astean deskonektatu-ko dugu lagunak eta biok, eta deskonekxio egoera horretan, asmo burges bakarra dut: eguzkia hartzea, bainujantzia janztea, irakurtzea, etzanda egotea…. eta Indurainek atseden uneetan bezala, nire bihotzak, minutuko, 28 taupada markatzea. Besterik ez.

Apuntetxoa (I): Datorren astean ez dut bloga elikatuko. Hurrengo sarrera martxoaren 28an.

Apuntetxoa (II): Zorionak, Pini!

Apuntetxoa (III): Kafetegiaren atarian nengoen zigarreta bat erretzen, eta 85-90 urteren bueltako emakumezko batek galdetu dit ea non zegoen sendategia. Bertaraino eraman dut besotik helduta. Eguna egin dut jada.

Kantua: Lagun min batek akabatuko nau, baina…

 

 

 

 

 

Felix handiaren kamiseta edukita ere, ezin

Lehengo larunbatean Casa Galerian, Aitor Etxeberria margolari mendarotarraren Gravitaciones erakusketaren irekieran, une batean jada aspalditxotik ezagutzen dudan morroi batekin hizketan hasi nintzen. Bizikletarekin mugitzen da, eta duela gutxi, bizikletatik erori eta kolpe handi samarra hartu zuen begian, lapur batzuen jazarpenetik ihes egiteko ahaleginean zebilenean. Antza, kontatu zidanagatik, bizikleta estimatua da berea, fixie horietako bat, horregatik ostu nahi zioten. Horrek ez du inporta, ordea.

Jarraitu genuen hitz eta pitz, eta jakinarazi zidan Calzada Tlalpan-eko zuzenguneetan orduko 60 kilometroko abiaduran ibiltzen dela. Lagunok, ez nion galdetu, baina jakin ezazue bere txirrinduak ez duela motorrik… Tira, hori esan zidanean, harekin gehiegizko konfiantzarik ez dudanez eta zurietan zuriena izaten ikasten ari naizenez, ondokoa esan nion: “60, e???Jeje. Joe….”. Gorkak dio morroi horrek hanka onak dauzkala… Zer esan, ezta? Baina aizu, etetet! Norekin ari zela pentsatzen zuen? Txirrindularitzaz sekula idatzi ez duen batekin? Jubenil batekin? Uste dut adierazi niola, edo aurretik besteren batean adierazia niola ni neu zikloturista naizela Euskal Herrian, globero bat nahi baldin baduzue, tira, egiten ditudala nire kilometroak, baina hori jakinda ere ez zen, ez, atzera gelditu esajeratzerako orduan. Kilometro kontagailua trukatuta dauka edo zer demontre? Fantasma bat da? Auskalo… Halere, ondo irakurri jarraian datorren hau: “Nire asmoa Tlalpanen orduko 80 kilometroko abiaduran ibiltzea da”. Eitza frenatu gabe jaisten ere ez nuke abiadura hori EGUNDO harrapatuko, txotxo. Hortaz, zer? Adarra jotzen ari ote zitzaidan? Ba ez, okerrena da ezetz, benetan ari zitzaidala. Aho zabalik kontatu nion beste mexikar bati morroi horrek esandakoa, eta zera erantzun zidan: “Badakizu, Mexikon esajeraziorako joera dago….”. Hala beharko du, bestela… Indurainen bataz besteko orduko abiadura 1992ko Luxenburgoko erlojupeko ahaztezinean 49 kilometrokoa izan zen; eta iazko Tourreko esprintetan orduko 79 kilometrokoa izan zen esprint batean harrapatutako abiadura maximoa. Bai, John Degenkolb alemaniarrak jarri zuen bere bizitza arriskuan. Zer uste zenuten, lagunok? Bai, bai, blogen hau txorakeriz josita dago, baina tarteka kazetaritza ere egiten dugu.

Jatorra iruditzen zait morroi hori, baina adarra jo zidan. Mintzagaiak arte garaikidea, Tamil Tigreak edo, nik zer dakit, kimika izango balira, ba bai, onartuko nukeen adar jotzea, baina txirrinduez ari ginen, abiaduraz… Tira, zer ari naiz esaten: berdin-berdin onartu nuen adar jotzea.

Baina adar jotzeak eta adar jotzeak daude, lagunok. Imajinatzen dut jakingo duzuela Mexiko Hirian erreminta pilotaleku bat berriro zabaldu dutela 20 urteren ondoren, eta zesta-punta partidak jokatuko direla bertan. (Bestela, hona hemen horri buruz BERRIAn argitaratu ditugu bi testuak). Ba, duela hilabete-edo, pilotalekuko intendenteari galdetu nion ea inaugurazio egunerako pare bat sarrera eman, gorde, dena delakoa, eman ziezazkidakeen. “Claro, sin problemas“, erantzun zidan. Konforme. Pilotalekua pasa den ostiralean ireki zuten berriro, eta astehenean idatzi nion intendenteari. “Aizu Romualdo!! sdhfljsdhfjhgsdfjkhgsdkjhfg”. Eta erantzun zidan ez zegoela bere esku, gonbidapen bidez zela, hau eta bestea. “Prentsa kontuak” daramatzan pertsonaren kontaktua pasatu zidan, eta, bai, lagunok, asmatu duzue: BERRIA izan da, baita Mexikoko egunkariak kontuan hartuta ere, gaia zabalen landu duena, baina gaia hainbat traba gaindituz landu zuen kazetaria, pertsona, kasu honetan ni neu, gonbidapenik gabe geratu zen, prentsakoarekin eta prentsakoaren ondokoarekin edo auskalo norekin hitz egin ondoren. Baina gero azalduko dizuet zergatik ez zidan penarik eman han ez egoteak.

Orain, lehengoan morroiak nirekin egin bezala, niri dagokit exajeratzea.

Ni gonbidapenik gabe?? Ni???Nola da posible!! Txikitan, aitarekin, partidak ikustera joaten nintzen-eta Markinako Unibertsitatera!

Ez nauzuela zeuen ikuskizunera gonbidatzen? Mekabenzotz, ez dakite, ez, norekin ari diren hizketan. 2006ko Zesta-Puntako Munduko Txapelketako finala ikusi nuen-eta bertatik bertara! Gernikako pilotaleku ederrean izan zen, urria hasieran, eta han geunden Pini eta Intxausti lagun minak eta hirurok. A zer igande ederra… Lekeitiora joan eta txikiteatu, Aulestin, aittitte-ren herrian, bazkaldu, eta, ondoren, Intxausti taxistarekin autoan siestatxoa, Gernikara bide sigi-sagatsuetan barrena iritsi ondoren.

Ez dakizue, ez, nor naizen, joder…Egun hartan Juan Ramon Rementeria Remen puntista mitikoa eseri zen gure atzean. Goikoetxea-Enbil vs Egiguren II.a-Lopez zen finala. Ba aurreratu ziren Egiguren II-Lopez 15-21, eta Remen hasi zen esaten egina zeukatela. Piniri eta Intxaustiri esan nien ezetz, Goikoetxea-Enbilek irabaziko zutela, ziur nengoela. Eta, bai, azkenean 35-25 garaile bi zumaiarrak. Ni gonbidapenik gabe?

Nolatan ez nauzue gonbidatu!! Bai, jendeak badauzka Irujoren, Olaizola II.aren, Titin III.aren, Goñi II.aren, Bengoetxea VI.aren edo, nik, zer dakit, Xalaren kamisetak. Baina nork dauka puntista baten kamiseta??? Ba nik daukat, nik! Felix Espilla berriatuar mitikoaren kamiseta gorri bat daukat etxean. A zer tipoa, a zer atzelaria Felix! Politika kontuak medio lortu nuen kamiseta hori, eta Andonik lisatuta eraman zidan erredakzioko nire mahaira. Sekulako ilusioa egin zidan.

Iñaki Osa Goikoetxea inoizko puntistarik onena fitxatu nahi dute Mexikoko pilotalekuko kudeatzaileek… Ba Goikoetxea elkarrizketatutakoa naiz ba! 2002an! Ez baldin banauzue gonbidatzen epaitegietara eramango zaituztet! Zer ari naiz esaten, ordea…

Ejem, irakurle, barka iezadazu bat-bateko jario sumindu hau, bat-batean barrenak erre, are kiskaldu dizkidan bulkada deabruzko hau.

Ahalegindu nintzen ba hasieran lau eta gero pare bat gonbidapen lortzen… Prentsakoarekin hitz egin nuen astearte goizean, emakumezko fresa, hau da, pija batekin. Esan zidan, gidatzen ari zen bitartean, idazteko email bat eta bertan jartzeko zeintzuk ginen, izen eta bi abizen, irekiera eguneko partidak ikustera joan nahi genuenak. “Pero va a estar difícil“. Ordurako usain txarra hartua nion…

Astearte arratsaldean ez nuen haren berririk eduki; ezta astekeazkenean ere. Ostegunean guasap bat nik; beste bat pare bat ordu geroago. Hemen hala jokatu behar dela esan didate, eta oso esanekoa naizenez, ba hori. Jakinarazi nion BERRIAn hiru orrialde eskaini genizkiola, blablabla. Dedio, inuzente hutsa naiz… 18:00etan bere guasap bat: “Emailean duzu erantzuna”. Malo, malo, pentsatu nuen neure artean… Eta bai, malo: “Prentsaurrekorako bi toki gorde dizkizut. Hitz egin ezazu Pedro nire lankidearekin, idatzi dizu jada email bat”. Zer prentsaurreko eta zer ostia!! Sarrerak, gonbidapenak edo dena delakoak eskatu nizkion ba. Pedro horrek, emailean, jakinarazi zidan, nire esanetara zegoela, nola ez ba. Ba esaneko ni elkartuz gero, malo… Pedrori emaila: “Nire asmoa ez da prentsaurrekora joatea; lau sarrera lortzea posible ez bada, partidak ikusteko bi gonbidapen nahiko nituzke. Eskerrik asko”. Ostegun gauean izan zen hori. Ba, gaur arte, Pedro horrek ez du erantzun. Eta horrela…

Beraz, gaur goizean, email bidezko engantxadatxo bat eduki dut arduradunarekin, emakumezko pijarekin. Jakinarazi diot inork ez didala ezer esan, blablabla… Eta berak, minduta, ba gonbidatuta nengoela prentsaurrekora, ez duela ulertzen ni “molesto” egotea, komunikabideak “prioritatea” direla haientzako. Eta, noski, bukaeran gehitu du gure esanetara daudela. Berriro errepikatu diot nik gonbidapenak nahi nituela, “para el partido“, ez nuela prentsaurrekora joateko asmorik. Eta zirku honen oso adierazgarri den zerbait erantzun dit. Ba hori, ordutegiak eman zizkidala telefonoz, eta “balitz”-ez eta “balego”-ez baino, nahiago duela “irtenbideez” hitz egin. Benetan, histrionikoki barre egin nahi izan dut, baina ez, aho bete enpaste erreakzionatu dut. Eta gauza oso mexikar bat idatzi du agurtzeko: “Si te puedo ayudar en algo más con gusto quedo al pendiente“. Dei horretan ez zidan deus esan ordutegiez edo dena delakoaz…  Ez dut ironiarik erabili azken mezua idazterakoan. “¿Soluciones? El haber sido concreta a la hora de facilitar la información, cosa que no sucedió“. Benetan diotsuet: eraginkortasuna ez da, oro har, gizarte honen indarguneetako bat. Bi gonbidapen, lagunok, bi gonbidapen, besterik ez… Badakit, bai, 1.800 gonbidapen zirela, baina…. Bai edo ez, kito.

Baina klasismoa bada indarguneetako bat, bai. Kontu arraro samarra da, berez, pilotaleku honena. Jabeak, informazio ofizialen arabera, 35 milioi dolar inbertitu ditu. Antonio Cosio Ariño da ugazaba; Mexikoko, zer Mexikoko, munduko pertsonarik aberatsenetako bat. Hortaz, lehengoan, irekiera ekitaldira gonbidatu zituzten Miguel Angel Mancera Mexiko Hiriko Gobernuko nagusia, hemengo idazkaria, hango presidentea, haruntzagoko delegatua, Guerrero estatuko PRIko gobernuburuaren lehengusinaren semearen edo alabaren amorantea, eta baita Carlos Slim izeneko tipo jator, langile eta eaintzaile bat ere. Herritik eta herriarentzat, lagunok. Hori guztia kontuan hartuta, ez daukat penarik.

Zesta-punta, kirola bera, gutxienekoa da inbertitu duenarentzat. Tira, badakigu, baina, hori ez dela hemen bakarrik gertatzen. Halere, zorte onena opa diet astean zehar egingo diren lau jaialdietan jokatuko duten puntistei, lagundu didaten horiei.

Baina pilotalekuaren, edo, hobeto esanda, negozioaren kontzeptua, ez dut atsegin. Duela gutxi, gainera, kirol arloaz arduratzen den batek zera esan zidan. “Los viernes, lo más seguro, será gratis para las viejas“. Badakizue, emakumezkoentzat doan, gizon goseti, mozkorti eta apustuzaleak erakartzeko intentzioarekin. Eta zer esan… Ba dena esanda dagoela halako zerbait esaten dizutenean, alferrik dela eztabaidatzea; Casa Galerian bezala, isilik. Badakizue, gizonon arteko gauzak dira gisa horretako komentarioak.

Tira, igual, nik neuk ere, Casa Galeriako morroiak bezala, gehiegi esajeratu dut…

Apuntetxoa (I): Halere, joan nahi dut partida onen bat ikustera.

Apuntetxoa (II): Kontatu nizuen ba gure atariko neska motodunaren etxean lapurtu zutela? Hirugarren pisuko musikariaren arabera, larunbat gauean lapurtu zioten. Ba larunbatean neska motodunak berak geratu ninduen atarian, gertatutakoa kontatzeko. Berak jo zuen nigana eta esan zidan lapurketa larunbat eguerdian gertatu zela. Zer esan, lagunok…

Kantua: Dena ez dela posible… Baina badatozela udaberria eta uda.

 

 

 

 

 

 

 

Hain espezialak garenez…

Esnatu gara gaur ere, ia egunero bezala, nahiko garaiz, altxatu naiz ohetik, ireki dut leihoa, atera naiz balkoira, eta hemen oso ohikoa den irudi bat ikusi dut: atari bateko zaindaria atariaren sarrera (eta gehiago) ari zen eskobatzen. Erratza pasatzean ateratzen den soinua hiri honen zarata berezkoetako bat da; bat gehiago zirku honetan, egia esan.

Ordu laurden geroago atera gara etxetik kiroldegira joateko, eta hori, 07:30etan-edo, Gelati kalean behera, 200-300 bat metrotan, lagunak eta biok beste bost pertsona ikusi ditugu eskobatzen. Hori bai, hori mimoz egiten dute, eta balkoitik jaiki berritan ikusitako morroiak berean jarraitzen zuen. Zakarrontzirik ez dago apenas kaleetan, kale garbitzaile ofizialak tarteka baino ez ditut ikusten, baina zaindariek, nago ni, egunean bizpahiru aldiz eskobatzen dutela haien nagusien sarrera.

Gure kaleko zaindari horiek artistak dira, gainera, zuhaitzak zaintzerakoan, apaintzerakoan eta horien hostoak mozterakoan. Irudi txukun horrek talka egiten du, ordea, parke eta kale batzuetan pilatzen den zerrikeriarekin. Baina mexikarrak, oro har (hau ere oro har), hori ez diet ukatuko, garbiak dira. Higiene pertsonalari dagokionean lehen mundu-ko herrialdeen gainetik dago Mexiko; argitaratuta daude horren berri ematen duten zenbait ikerketa. Horiek beraiek diote Mexiko puntaren puntan dagoela, gainera, xanpuaren kontsumoan.

Zer? Gure auzoaren argazki aratz eta dotorea atera dut, ezta? Hona  bizitzera etorri nahi duzue? Egoera idilikoa iruditzen al zaizue?

Ba ez, dena ez da hain idilikoa, eta horretarako beharrik ez dago, gainera. Folletoiak ikusteko beharrik ere ez dago ene uste apal edo, zergatik ez, harroan, baina hemen kontsumitzen dira; eta nola, gainera. Ohikoa da abarrotes edo ultramarinos batera joatea, eta horko dela jabea dela langilea, telebistan ematen ari diren folletoiari begira egotea iristen zarenean. Begira, duela lau urte inkesta bat egin zuten hemen 18 eta 29 urteko gazteen artean, eta horien heren baten folletoiak ideologien gainetik lehenetsi zituen. Tira, ez dakit zein zerikusi duten kontzeptu batek eta besteak, baina… Eta orain, guk, euskaldunok, esango dugu “bua, zeinen patetikoak mexikarrak…”. Tira, Euskalduna naiz eta zu? ustez graziosoa izatea asmo zuen programaren ataletako batek bando batean zein bestean eragindako erreakzio andana bezain, esango dut, patetikoa edo dotoreziarik gabea, beharbada. Guk espainolez zerbait esan nahi, eta bai programaren planteamendua, bai hor esandakoak eta baita hor agertutako pertsonek esandakoek bando batekoek sutsuki defendatzerakoan erabilitako moduak ere ez ote dira ba oso beste-enak, oso espainolak? Tira, hala iruditu zait niri… Guk ere garrasika erreakzionatzen dugula… Horretan, behintzat, ez garela hain espezialak.

Eta garrasika ez zebilen, baina atzo goizean aztoratuta zegoen Anita bizilaguna, Pedro Parra Reynoso gure eraikineko etxebizitzen jabearen konfiantzazko pertsona. Kasualitatez topo egin nuen Anitarekin eta, gainera, gauza bat galdetu nahi nion. Izan ere, astelehen iluntzean iritsi nintzen atarira, atearen zerrailetako bat ireki nuen, eta konturatu nintzen ezin nuela atea zabaldu. “Zer ostia!”. Alferrik, auskalo zerk bultzatuta, giltza atera, berriro sartu, eta atzera berriz ere saiatu nintzen. “Kagoendios…”. Bi zerraila dauzka ateak, bigarrena itxita zegoen, eta nik ez nuen horren giltzarik.

Duela bederatzi bat hilabete-edo jarri zuten bigarren zerraila, norbaitek etxebizitzen azpian dauden aparkalekura sartzea lortu, auto baten kristalak hautsi eta auto horren irratia lapurtu zuelako. Bigarren zerraila horretarako behar zen giltza eman zigun Anitak, baina guk ez genuen horrek kopiarik egin hasieran; konturatu ginen, gainera, inork ez zuela atea bi zerrailekin ixten, hala esan baldin badaiteke behintzat.

Lehengoan, hortaz, laguna etxean ez zegoenez, tinbreak jotzen hasi nintzen: A, C, G, H, W, Z… Aleatorioki, badakizue. Inork erantzuten ez zuenez, atariaren pareko espaloira jo nuen. Besoak mugitu nahi nituen, trash metal taldeetako abeslariek bezala oihu egin atentzioa erakartzearren… Baina ez, hor geratu nintzen, gora begira. Hirugarren pisuko musikariak ikusi ninduen eta eskuarekin keinua egin zidan, “banajoiak” esanez bezala,

Jaitsi zen, ireki zidan, eta galdetu nion ea zergatik hasi diren bizilagunak bigarren zerraila erabiltzen. “Ez al dakizu ba?”, galdetu zidan. Ezetz nik. “Ba, larunbat gauean, moto bat daukan neskaren etxean lapurtu zuten. Argazki kamera, DVDa…”. Joño, ez genekien ba ezer. “Bai, Polizia etorri zen”. Ba gu etxean geunden larunbat gauean, eta ez ginen ezertaz enteratu. Hori, ez enteratzearena, zer da: ona ala txarra? Izan ere, auto bateko irratiaren lapurketa ere larunbat gauez gertatu zen, orduan ere etxean geunden, eta orduan ere ez ginen enteratu.

Lagunari kontatu nion bizilagunak emandako notizia, eta hori, atzo goizean Anitarekin topo egin nuela. Esan nahi nion guri inork ez zigula esan bigarren zerraila erabiltzen hasi behan genuenik. Badakizue, esanekoak gara, badakigu obeditzen, eta gauza bat esaten baldin bazaigu, ba agindua beteko dugu. Horixe ba, atarian zegoela gas banatzaile bati zerbait esaten, eta jo nuela harengana. “Kaixoegunonkehayaupabuenosdias” esan, eta… “Esan dit, bai, bizilagun batek, larunbatean neska motodunaren etxean (ez dakit nola deitzen den) lapurtu zutela…”. Eta espantuka hasi zen Anita sekta brasildar arraro bateko kidea. “Bah!! Hori gezurra da. Etxea utzi die atzerritar batzuei, eta… Gero dio inork ez dituela bere ateko zerrailak behartu… Orduan? Gainera… Ez zara konturatu? Jendea sarri-sarri ateratzen da mozkortuta bere etxetik…”. Aho bete zotz, aho bete enpaste geratu nintzen, eta neure artean pentsatu nuen: “Bai, ez dago dudarik, fantasiarako joera dute, folletoi zaleak dira…”. Neska motoduna ez dut ezagutzen, ia agurtzen ere ez duen horietakoa da; ni neu baino askoz ere, askoz ere lehorragoa. Egin kontu…

Anitak purrustadari segida eman zion: “Laugarren pisuko atsoaren kontua da. Beti etxean dago, eta…”. Nik, bien bitartean, buruarekin baietz egiten nuen. Galdetu nion ea bilerarik egin ote den (junta esaten diote hemen… belarrira serio ematen du, ezta?), eta ezetz. Bere erantzunak zur eta lur utzi ninduen: “No. Va a venir el dueño, nos va a reunir, y se va a abrir una investigación para esclarecer los sucedido“. Hori da hori hitz egitea…

Giro arraroa nabaritu dut atarian azken asteetan. Gure ondoko bizilagunak, zakur zaunkarien jabeak, duela pare bat aste alde egin zuen agur esan gabe, jarri du Pedro ugazabak “se renta” iragarkia, txukuntzen ari dira apartamentua, eta Anitak “atsoa” gisa definitutako emakumea azken hilabeteetan baino askoz ere gehiagotan ikusi dit azken egunotan. Igual ni naiz, enparanoiatzen ari naizela? Gaur bertan ikusi dut, eta agurtzerakoan “señor” esan dit. Galtza motzetan eta Negu Gorriak-en kamiseta batekin nindoan ba…

Beste emakumezko batekin ikusten dut orain. Atzo biekin topo egin nuen eskaileran, eta, gurutzatzerakoan, galdetu zidan ea nirea zen aparkalekuan zegoen ez dakit zein auto. Begiratu nion, berriro galdetu zidan eraikian osoan aditzeko moduko tonuan, eta nik, solemneki, ia antzeztuz, ia-ia XXIII. mendeko gizakia sentituz, erantzun nion: “No, no tengo coche“. Barkamena eskatu zidan, baina ni ia atariko atean nengoen ordurako.

Autoez ari garenez… Zazpi-zortzi autorentzako lekua du aparkalekuak. Guk ere aparkalekua genuen hasieran, baina jabearekin hitz egin genuen, esan genion autorik ez genuela, bat edukitzeko asmorik ere ez, eta errenta jaitsi zigun. Ba guri zegokigun aparkalekuan astero hiruzpalau kotxe diferente ikusten ditut. Ez galdetu zergatik… Bestetik, bizilagun musikariaren arrebak, lehengusuak, neska-lagunak, lagunak, amoranteak edo dena delakoak, astean zehar barruan aparkatzen du, eta asteburuetan, balkoitik ikusten dudana kontuan hartuta, kanpoan. Auskalo zergatik… Gero, hemen bizi garenetik, 2015eko abendutik, atariko atearen eta eskaileraren artean moto bat dago aparkatuta. Azken hamasei hilabeteotan inork ez du mugitu ere egin, eta motoaren jarlekua baliatzen dugu korrespondentzia bertan txukun-txukun jartzeko.

Aipatutako motoa.

Azken astean nahiko arraroak izaten ari dira Gelati kaleko atari honetan… Kepasoguero eta Esteban bilbotarra faltan botatzen ditudala… Haiek beste poso bat ematen zioten atari honi…

Gure apartamentuko atean kartel bat daukagu jarrita, eta hori euskaraz idatzita dago. Lagunari (edo tira, nik neuk neure buruari) esaten diot lasai egoteko, kartel horrek babesten gaituela, pentsatuko dutela espainolak ezetz, errusiarrak garela, eta, badaezpada ere, inork ez gaituela erasotuko. Izan ere, hain gara espezialak…

Apuntetxoa (I): Kirola egitetik etorri ondoren, balkoian kafea hartzen. Azpian, zabor biltzaileak. Pasatu da emakumezko bat, urrundu da apur bat, eta biltzaileetan ausartenak esan dio: “Mamita!!! Yo te acompaño!!!”. Besteak barrez hasi dira eta emakumezkoak zerbait esan du; ez diot ulertu.

Apuntetxoa (II): Hemengo pijo edo fresa bat altu hitz egiten entzutea esperientzia ez-gomendagarri bat da.

Kantua:

Tauroon burugogorkeriak bultzatuta

2015eko azaroatik 120 sarrera idatzi ondoren, gaur zer kontatu ez dakidala nago. Halaxe da. Gaur ajetxoa dudalako izango da, beharbada…  Carlos Ramírez margolari karismatikoak haren etxera bazkaltzera gonbidatu gintuen atzo, eta garaiz antzean erretiratu eta oheratu ginen arren, ba bazkaria eta bazkalondorena iji eta aja pasatu genituen, edan genituen garagardo dezente, tequila apur bat, eta gaztelerazko esaldiak esaten duen moduan… “Noches de circo, mañanas de payaso“. Zirku bat ere ez zen izan, ez, dantzarik ere ez genuelako egin, baina Aitorrekin, Gorkarekin, Michellekin, Laurarekin, hiru Carlosekin eta besterekin ordu dezente konpartitu genituen lagunak eta biok, eta pailazotuta ez gara jaiki, baina aje apur batekin bai, noski.

Eta ajeak gaina hartzen digun egunetan, kostatzen zaigu ba martxa hartzea. Gosaldu dut, azokan erosketak egin, euskara ikasleei bidali beharreko etxeko lanak pentsatu eta egin, aspalditik 500 peso eta osasuna zor dizkidan morroi gorrotagarri bezain penagarria guasap bidez estutu, gidoi ikastaroko etxeko lana aurreratu eta ia bukatu, bazkaria prestatu, Alavesen partida irratian entzun, bazkaldu eta lagunarekin hitz egin, kafea patxadaz hartu, Danelekin Radio Euskadi-ko kolaboraziorako gaiak komentatu… Ño, oraintxe konturatu naiz ez dagoela gaizki ajetxoa edukitzeko.

Baina blogeko 121. sarrera idaztea falta… Eta ez neukan gogorik. Kafetegira etorri aurretik dutxatu naiz, eta ene buruari galdetu diot: “Zer demontreri buruz idatziko dut 121.a?”. Ez zait ba ezer okurritu. Beraz, beste batzuetan egiten dudan bezala, lagunari ideiak eskatu dizkiot. Bera ere ajetuta dabil, eta esan dit, aje horren eraginez, agian, ba poema bat idazteko. Ez naiz poeta, baina, bai, ordea, burugogor samarra.

Gelati kalean behera kafetegira nentorren bitartean pentsatu dut bihar Euskal Herrian inork ez duela faltan botako 121. sarrera, eta ez duela merezi gehiegi larritzea. Une batean Bixente Serrano Izko blogkidearena egitekotan egon naiz: esaldi bakarrarekin sarrera osatzea. Ez naiz bertute horren jabe, ordea. Baina tira, idatz nezakeen, nik zer dakit… 1-“Tequila baino askoz ere edari nobleagoa da mezcala. Etorri hona!”. 2-“Azokako eskailerak kostata igo ditut, baina, manitocarnalito, gustuko lekuan aldaparik ez”. 3-“Atsedenik ez konbertsaziorik gabe, Manuel!”. 4- “Egon hadi hizketan eta jango dek lodi”. 5-“Ordenagailuaren bateria kargatu, adiskide!”. 6-“Bai,  zer egingo zaio ba, hala da, ipurtzuloaren bueltako biloa tentetu dit nobela horrek”.

Ezin, ordea, ezin.

2010eko urrian-edo, New Yorkera joan aurretik, Enekoitz Esnaola kazetari lagunak blogintzari buruzko argibide batzuk eman zizkidan, eta ondo gogoan dauzkat horietako bi: “Maiz idatzi, baina sarrerak ez daitezela luzeegiak izan”. Ba lehen argibidea ederki barneratu nuela eta dudala uste dut, baina bigarrenarekin zalantza gehiago dauzkat. Gogoan daukat New Yorken labur antzean idazten hasi nintzela; sarrera bakoitzak 2.000-2.500 bat karaktere zeuzkala. Segituan hasi nintzen, baina, sarrera luzeagoak osatzen, kopuru hori hirukoizten edo laukoizten. Izan daiteke, kontatzeko asko daukadala iruditzen zaidalako; edo, bestetik, ez dakidalako kontatu nahi dudana 2.500 karakteretan errenditzen.

Egin kontu: 8.000 eta 10.000 karaktere artean idazten baldin baditut, horrek esan nahi du ia-ia egunkari bateko bi orrialde betetzen ari naizela nire txorakeriekin. Hori da datua. Gaur, halere, ez dut uste zifra horietara helduko naizenik. Beno, trikimailuak badaude: parrafo dezente egitea, adibidez, ejem.

121. sarreran ez daukat kontatzeko modukoa den istoriorik; dena den, ez dut esan nahi aurreko 120etan izkiriatutakoak kontatzeko modukoak zirenik. Gainera, sareko, Interneteko, oihan basatian zein balio dute dotrinatik eta txalo errazegitik urruntzea asmo duten ene kontakizun hauek…

Konta nezakeen gaur, ba hori, oraintxe, zigarreta bat erretzera atera naizenean, eserita nengoela kafetegiaren kanpoaldean, pasatu direla bi morroi ez-zuri, begira geratu dela horietako bat, esan didala, harrituta bezala, “E!Guero!!”, eta gero barrezka hasi direla biak. Pentsa zer gerta daitekeen nik herrian senegaldar bati esaten badiot “E!Negro!”. Konparagarriak al dira? Tira, ezetz esango nuke, baina auskalo… Halere, onartu beharra daukat batzuetan bloga idaztea bezain nekagarria egiten zaidala halakoak entzutea eta bizitzea. Gaur ez dut klasismoaz, radarrak detektatzen ez duen arrazismoaz eta bestez hitz egiteko gogorik, eta hor utziko dugu. Askotan hitz egin dut ba…

Edo konta nezakeen lehengoan, metroko bagoi batean, hemendik ez oso gertu, gure apartamentuaren ugazabarekin topo egin nuela. Sartu nintzen, ikusi nuen Lotus erloju etxearen bisera bat (?????) zeraman tipo bat ezaguna egiten zitzaidana, agurtu nuen, agurtu ninduen, eta gero konturatu nintzen gure ugazaba zela. Lotus-en bisera (????) zeraman lehengoan, baina behin etxera bisitan etorri zitzaigun batean, Donald ahatearen kamiseta bat zeraman soinean. Kasualitate hori ere luzatu nezakeen eta istorio txatxuren bat asmatu, baina ez, ez dut gogorik.

Bestetik, New Yorken nengoenean irakurle nuen morroi goierritar batek kariñoz leporatzen zidan ez nuela nire harreman afektiboez hitz egiten. Ba ez, eta orain ere ez. Beharrik ere ez dago, ezta?

Beno, beno, ari naizela 121.a ere betetzen…

Zazpi-zortzi aste geratzen zaizkit zirku honetan, eta, tira batzuetan sentitzen dut kontatu dudala kontatu beharreko guztia, sorpresa efektuak aspaldi eman zituela eman beharrekoak, eta ez duela blogarekin jarraitzea merezi. Baina beste batzuetan pentsatzen dut baietz, egunero dagoela zer kontatu. New Yorken bakar-bakarrik nengoen, eta bloga elikatzea ihesbide ederra zen. Hemen ez nago bakarrik, baina aitortu nahi dizuet gehien-gehienetan ilusioz eta gustura idazten dudala. Gaur ez, ordea!

Egon ziur hurrengoan “E!Guero!!”-ren anekdota edo nire ugazabarena luzatuko dudala, asmatuko dudala txorakeriaren bat sarrera elikatzeko, baina gaur ez, gaur egun existentzial horietako bat da. Halere, “bihar”, Felix Iñurrategi zenak esaten zuen moduan, “argituko du egunak”. Gainera, zera dio blogaren izenburuak: “Datorrena datorrela…”. Ba emari pobre hauxe zuen ba gaur iturriak…

Aurrera ba!

Apuntetxoa (I): Yoga irakasle argentinar bat etortzen da sarritan kafetegira. Gizon batekin hizketan zegoen gaur, eta erabateko solemnitatez zera esan dio “Es una experiencia maravillosa“. Zertaz ariko ote zen?

Apuntetxoa (II): Ondoen edukatutako herrialdean, galdutako borroka bat da zebrabideetakoa.

Kantua: Aizu, hipster, zatoz gurekin New Mexico-ko (AEB) Santa Fera!

Nordiko itxura dudanez, ‘casting’ batera gonbidatuta

Ricardo jazz gitarra jotzaileari goi mailako euskara eskola bat, gogoangarri horietako bat, ematen ari nintzaion atzo arratsaldean. Etiopia metro geltokitik gertu dagoen Starbucks batean biltzen gara asteazkenero, eta han geunden, 17:40etan-edo, bidalitako etxeko lana errepasatzen. Zera zioen esaldietako baten zati batek: “Dena den, ez da hain zaratatsua”. Ba honela itzuli zuen Ricardok: “A pesar de todo, no es tan ESTENTÓREA“. Harrapazank! Barrez ari ginen biok, gustura barrez, ez bainuen ESTENTÓREA delakoaren esanahi zehatza ezagutzen, eta ikasleak jakinarazi zidan baietz, zaratatsua esan nahi duela eta, gainera, hitza bera oso gustukua duela. Bide batez: etxeko lana primeran egiten du, akats nabarmenik gabe, eta horrek izugarri pozten nau.

Halako batean, 25-30 urteko neska bat parean jarri zitzaigun. Pinganillo bat zeraman NFLko entrenatzaileek-eta bezala, eta pentsatu nuen Starbucks-eko langile kamuflaturen bat izango zela, kafe dastaketa batera gonbidatu behar gintuela. Dastaketarena diot, Ricardo eta biok bi astez behin-edo gonbidatzen gaituztelako dastaketaren batera. Klasean gaudela, estimatuta dagoela, baina ez dugula parte hartuko erantzuten dut, bozeramailearen rola asumituta.  Nago ni besterik gabe kafe bat hartzen egongo bagina ere ez ginela apuntatuko. Izan ere,  lehor pare bat gara bai ikaslea eta baita irakaslea ere.

Horixe ba, hurbildu zitzaigula, eta Ricardori “NIEZAIOKEEN” zela esan ondoren, hizketan hasi zitzaigula. “Arratsaldeon…blablablabla, blablabla”. Erantzun nion barkatzeko,  “ejem”, klasean geundela. Isildu zen, baina parean jarraitu zuen neska pinganilladunak. “NIEZAIOKEEN, e?”, berriro nik, ikasleari. Alde egiten ez zuela ikusita, galdetu nion ea zer zen esan nahi ziguna. Eta orduan bai, venia eman nion, begiratu nion, eta harira jo zuen. Mexikar batzuk film bat egiten ari direla Finlandian, bai, Finlandian, baina laster, apirilean, sekuentzia batzuk Mexikon bertan FILMATU behar dituztela, nordikoen itxura duten pertsonen bila dabiltzala, eta nik itxura hori dudala. “Das el perfil“. Joño!

Orduan gogoratu nuen modeloek-eta batzuetan moda aldizkarietan kontatzen dituztenak. Galdetzen zaienean nola hasi ziren modelo lanean, askotan, baina askotan, erantzuten dute ba hori, hondartza batean zeudela, edo kafetegi batean, edo pasiran, eta hurbildu zitzaiela norbait, cazatalentos bat alegia, galdetuz ea modelo izan nahi zuten. Ba halako zerbait sentitu nuen atzo.

Ez pentsa, ez zidaten protagonistaren papera eskaini. Pena… Nordikoarena jakinarazi zidanean, ez nekien zer esan, eta galdetu nion pelikula zeri buruzkoa zen; badakizue, ejem, tematika. Boxeolari baten manerak imitatu, eta hori, boxeoari edo boxeolari bati buruzkoa zela. Joño… “Diego Luna da produktorea? Gael Gracia Bernalek egingo du euli pisuetan borrokatzen den boxeolariarena??”. Ez, ez nion galdetu, baina burutik pasatu zitzaidan.

Hizketan jarraitu zuen. Pare bat egun izango direla, ordaindu egingo didatela, eta, uste dut, ez dakit oso ondo, ez nion ulertu, boxeolari finlandiar baten jarraitzailearena egingo behar nuke. Pena… Ni jada pentsatzen hasita nengoen erdiastunen mailako boxeolari finlandiar jotzaile ortodoxo baten rolerako nahi nindutela…

Zur eta lur zegoen Ricardo. Erantzun nion casting-ekoari pentsatuko nuela, oso lanpetuta ibili ohi naizela… “Ordaindu egingo dizugu”. Ea, ea… Eman zidan email helbide bat, eta idazteko bertara. Ados, ados. Hemendik urte batzuetara, fikzio batean Ryan Gosling esker-eskuin, esker-eskuin egurtzen dudan unean, neska pinganillodunaz eta Ricardoz gogoratuko naiz, eta nik neuk ere esango dut aldizkarietan-eta euskara eskolak ematen ari nintzenean cazatalentos batek fitxatu ninduela.

Bien bitartean, euskara eskolak ematen eta fantasmadak idazten jarraituko dut.

Baina bitxia da extra bila zebilenaren lana… Tira, batetik, Mexiko Hirian, nordiko itxurakoak bilatu nahiko balitu, Condesa auzotik osteratxoa egitea zeukalako. Auskalo, agian egina zeukan eta ez zuen ene itxurako morroirik topatu… Oraintxe gogoratu dut: nordiko itxurako boxeo-jarraitzaile baten bila zebiltzan. Konforme. Orduan, nordiko itxura izateaz gain, behar-beharrezkoa da jarraitzaile sutsu baten itxura edukitzea; hooligan okagarri horietako batena, alegia. Kaka zaharra… Ez nuke ba hooligan plantarik eduki nahi… Hooligan-a ni? Ricardori “niezaiokeen” esaten ari nintzaion-eta!

Ikusiko dugu, baina iruditzen zait baietz, idatziko diodala. Ricardok esan zidan, gainera, behin, duela bizpahiru urte, extrarena egin zuela pelikula batean, eta 50 euro eman zizkiotela hiru ordurengatik. Ez dago gaizki…

Nordiko itxuraren kontura bueltatuz, hiri honetan, batzuetan, unearen edo parekoaren arabera, mesedegarria-edo da nordiko itxura edukitzea, eta beste batzuetan, aldiz, kaltegarria. Beno, mesedegarria dela esan didate, nik ez baitut, oraindik, onura horiek ene larruan sentitu; edo han motza naizenez, ez naiz konturatu. Kalteak-edo, aldiz, bai. “Pinche gringo”  gorrotoz oihu egin zidaten behin, eta beste batean, berriz, etxearen parean, langile batzuek, errinozeronte bat edo desagertzeko zorian dagoen espezie bat ikusi zutela sentituz, burlaizez bezala deika hasi zitzaizkidan: “E? Güero? Güero?”. Buelta eman, eta barrez hasi ziren. Mexikarrak eta atzetik aritzea; mexikarrak eta taldean daudenean harrotzea… Ene esperientzia apurragatik diot gaitz endemikoak direla.

Eta zer esan nordiko, poloniar edo txekiar itxura honekin garraio publikoan ibiltzeaz. Bai, hor ere zoo batean bezala sentitu izan naiz batzuetan, eta sentitzen naiz oraindik. Igual nire paranoia da; igual hiri honek batzuetan, beste asko eta askori bezala, nire onetik ateratzen nauela, haserre hori fisikoki kanporatzen ez dudan arren. Auskalo… Noski, hemen taxian edo cool-ki bizikletan soilik mugitzen den nordiko edo europar batek esango dit exajeratzen ari naizela. Jaitsi daitezela metrora, sar daitezela Metrobusean. Begira, honetan ez nabil exajeratzen: garraio publikoan ibiltzen direnen artean %95a indigenak dira, edo indigenen arbaso zuzenak, gehiegi nahastu ez zirenak, alegia. Ustez nordiko itxura daukan batek, hortaz, atentzioa ematen du. Eta zer egin horren aurrean? Ba ahalik eta diskretuena izan eta norbaitekin begirada bat gurutzatzen duzuenean behera edo gora begiratu. Izan ere, nordiko itxura baduzu dirua daukazu, eta dirua baldin badaukazu…

Halere, metroan ibiltzen jarraituko dut, ahal den neurrian, behintzat, ez baitut erabateko oasi palmeraz beterikoan bizi nahi.

Eta gaur goizean, metroan, Hidalgo geltoki jendetsuko pantailetako batean, David Bowie-ren The Man Who Sold The World kantua, Nirvanaren unplugged bertsio ederrean. Eta zain geunden bitartean, zuri bakarra, ni neu alegia, pantailako zurie begira. Besteak? Zain, trenaren eta, beharbada, beste zerbaiten zain… Gero, Balderas geltokian, pantaila gehiago, eta horietan albiste laburrak. Ia-ia laranja den zuri bat pantailan: Donald Trump. Ba hori, harresiarekin tematuta. Ni neu, zuria, begira. Besteak, bagoi barruan nik neuk egiten dudan bezala, gora edo behera begira. Agian ari ziren pentsatzen ba baietz, gustatuko litzaiekeela murru hori gainditzea eta nordiko bat bizi den bezala bizitzea.

Apuntetxoa (I): Batzuetan, ez beti, desatsegina da garraio publikoan bidaiatzea; batez ere, MUKURU dagoenean. Izan ere, ateratzeko borrokatu beharra daukazu. Ba atzo, bi morroi, elkar desafiatuz, batak besteari, antza, ez ziolako ateratzen utzi nahi edo ez ziolako bidea erraztu.

Apuntetxoa (II): Pasatzen ari ginela ikusi arren ez zen gelditu, eta zebrabide batean, 07:00etan, auto gidari bati “mekagoendios!!!” bat oihu egitea bezalakorik ez dago egunari ekiteko.

Kantua: A huevo. Horixe ba, etxean genuen eta gero lagun bati eman nion CDaren kantuetako bat.