Nordiko itxura dudanez, ‘casting’ batera gonbidatuta

Ricardo jazz gitarra jotzaileari goi mailako euskara eskola bat, gogoangarri horietako bat, ematen ari nintzaion atzo arratsaldean. Etiopia metro geltokitik gertu dagoen Starbucks batean biltzen gara asteazkenero, eta han geunden, 17:40etan-edo, bidalitako etxeko lana errepasatzen. Zera zioen esaldietako baten zati batek: “Dena den, ez da hain zaratatsua”. Ba honela itzuli zuen Ricardok: “A pesar de todo, no es tan ESTENTÓREA“. Harrapazank! Barrez ari ginen biok, gustura barrez, ez bainuen ESTENTÓREA delakoaren esanahi zehatza ezagutzen, eta ikasleak jakinarazi zidan baietz, zaratatsua esan nahi duela eta, gainera, hitza bera oso gustukua duela. Bide batez: etxeko lana primeran egiten du, akats nabarmenik gabe, eta horrek izugarri pozten nau.

Halako batean, 25-30 urteko neska bat parean jarri zitzaigun. Pinganillo bat zeraman NFLko entrenatzaileek-eta bezala, eta pentsatu nuen Starbucks-eko langile kamuflaturen bat izango zela, kafe dastaketa batera gonbidatu behar gintuela. Dastaketarena diot, Ricardo eta biok bi astez behin-edo gonbidatzen gaituztelako dastaketaren batera. Klasean gaudela, estimatuta dagoela, baina ez dugula parte hartuko erantzuten dut, bozeramailearen rola asumituta.  Nago ni besterik gabe kafe bat hartzen egongo bagina ere ez ginela apuntatuko. Izan ere,  lehor pare bat gara bai ikaslea eta baita irakaslea ere.

Horixe ba, hurbildu zitzaigula, eta Ricardori “NIEZAIOKEEN” zela esan ondoren, hizketan hasi zitzaigula. “Arratsaldeon…blablablabla, blablabla”. Erantzun nion barkatzeko,  “ejem”, klasean geundela. Isildu zen, baina parean jarraitu zuen neska pinganilladunak. “NIEZAIOKEEN, e?”, berriro nik, ikasleari. Alde egiten ez zuela ikusita, galdetu nion ea zer zen esan nahi ziguna. Eta orduan bai, venia eman nion, begiratu nion, eta harira jo zuen. Mexikar batzuk film bat egiten ari direla Finlandian, bai, Finlandian, baina laster, apirilean, sekuentzia batzuk Mexikon bertan FILMATU behar dituztela, nordikoen itxura duten pertsonen bila dabiltzala, eta nik itxura hori dudala. “Das el perfil“. Joño!

Orduan gogoratu nuen modeloek-eta batzuetan moda aldizkarietan kontatzen dituztenak. Galdetzen zaienean nola hasi ziren modelo lanean, askotan, baina askotan, erantzuten dute ba hori, hondartza batean zeudela, edo kafetegi batean, edo pasiran, eta hurbildu zitzaiela norbait, cazatalentos bat alegia, galdetuz ea modelo izan nahi zuten. Ba halako zerbait sentitu nuen atzo.

Ez pentsa, ez zidaten protagonistaren papera eskaini. Pena… Nordikoarena jakinarazi zidanean, ez nekien zer esan, eta galdetu nion pelikula zeri buruzkoa zen; badakizue, ejem, tematika. Boxeolari baten manerak imitatu, eta hori, boxeoari edo boxeolari bati buruzkoa zela. Joño… “Diego Luna da produktorea? Gael Gracia Bernalek egingo du euli pisuetan borrokatzen den boxeolariarena??”. Ez, ez nion galdetu, baina burutik pasatu zitzaidan.

Hizketan jarraitu zuen. Pare bat egun izango direla, ordaindu egingo didatela, eta, uste dut, ez dakit oso ondo, ez nion ulertu, boxeolari finlandiar baten jarraitzailearena egingo behar nuke. Pena… Ni jada pentsatzen hasita nengoen erdiastunen mailako boxeolari finlandiar jotzaile ortodoxo baten rolerako nahi nindutela…

Zur eta lur zegoen Ricardo. Erantzun nion casting-ekoari pentsatuko nuela, oso lanpetuta ibili ohi naizela… “Ordaindu egingo dizugu”. Ea, ea… Eman zidan email helbide bat, eta idazteko bertara. Ados, ados. Hemendik urte batzuetara, fikzio batean Ryan Gosling esker-eskuin, esker-eskuin egurtzen dudan unean, neska pinganillodunaz eta Ricardoz gogoratuko naiz, eta nik neuk ere esango dut aldizkarietan-eta euskara eskolak ematen ari nintzenean cazatalentos batek fitxatu ninduela.

Bien bitartean, euskara eskolak ematen eta fantasmadak idazten jarraituko dut.

Baina bitxia da extra bila zebilenaren lana… Tira, batetik, Mexiko Hirian, nordiko itxurakoak bilatu nahiko balitu, Condesa auzotik osteratxoa egitea zeukalako. Auskalo, agian egina zeukan eta ez zuen ene itxurako morroirik topatu… Oraintxe gogoratu dut: nordiko itxurako boxeo-jarraitzaile baten bila zebiltzan. Konforme. Orduan, nordiko itxura izateaz gain, behar-beharrezkoa da jarraitzaile sutsu baten itxura edukitzea; hooligan okagarri horietako batena, alegia. Kaka zaharra… Ez nuke ba hooligan plantarik eduki nahi… Hooligan-a ni? Ricardori “niezaiokeen” esaten ari nintzaion-eta!

Ikusiko dugu, baina iruditzen zait baietz, idatziko diodala. Ricardok esan zidan, gainera, behin, duela bizpahiru urte, extrarena egin zuela pelikula batean, eta 50 euro eman zizkiotela hiru ordurengatik. Ez dago gaizki…

Nordiko itxuraren kontura bueltatuz, hiri honetan, batzuetan, unearen edo parekoaren arabera, mesedegarria-edo da nordiko itxura edukitzea, eta beste batzuetan, aldiz, kaltegarria. Beno, mesedegarria dela esan didate, nik ez baitut, oraindik, onura horiek ene larruan sentitu; edo han motza naizenez, ez naiz konturatu. Kalteak-edo, aldiz, bai. “Pinche gringo”  gorrotoz oihu egin zidaten behin, eta beste batean, berriz, etxearen parean, langile batzuek, errinozeronte bat edo desagertzeko zorian dagoen espezie bat ikusi zutela sentituz, burlaizez bezala deika hasi zitzaizkidan: “E? Güero? Güero?”. Buelta eman, eta barrez hasi ziren. Mexikarrak eta atzetik aritzea; mexikarrak eta taldean daudenean harrotzea… Ene esperientzia apurragatik diot gaitz endemikoak direla.

Eta zer esan nordiko, poloniar edo txekiar itxura honekin garraio publikoan ibiltzeaz. Bai, hor ere zoo batean bezala sentitu izan naiz batzuetan, eta sentitzen naiz oraindik. Igual nire paranoia da; igual hiri honek batzuetan, beste asko eta askori bezala, nire onetik ateratzen nauela, haserre hori fisikoki kanporatzen ez dudan arren. Auskalo… Noski, hemen taxian edo cool-ki bizikletan soilik mugitzen den nordiko edo europar batek esango dit exajeratzen ari naizela. Jaitsi daitezela metrora, sar daitezela Metrobusean. Begira, honetan ez nabil exajeratzen: garraio publikoan ibiltzen direnen artean %95a indigenak dira, edo indigenen arbaso zuzenak, gehiegi nahastu ez zirenak, alegia. Ustez nordiko itxura daukan batek, hortaz, atentzioa ematen du. Eta zer egin horren aurrean? Ba ahalik eta diskretuena izan eta norbaitekin begirada bat gurutzatzen duzuenean behera edo gora begiratu. Izan ere, nordiko itxura baduzu dirua daukazu, eta dirua baldin badaukazu…

Halere, metroan ibiltzen jarraituko dut, ahal den neurrian, behintzat, ez baitut erabateko oasi palmeraz beterikoan bizi nahi.

Eta gaur goizean, metroan, Hidalgo geltoki jendetsuko pantailetako batean, David Bowie-ren The Man Who Sold The World kantua, Nirvanaren unplugged bertsio ederrean. Eta zain geunden bitartean, zuri bakarra, ni neu alegia, pantailako zurie begira. Besteak? Zain, trenaren eta, beharbada, beste zerbaiten zain… Gero, Balderas geltokian, pantaila gehiago, eta horietan albiste laburrak. Ia-ia laranja den zuri bat pantailan: Donald Trump. Ba hori, harresiarekin tematuta. Ni neu, zuria, begira. Besteak, bagoi barruan nik neuk egiten dudan bezala, gora edo behera begira. Agian ari ziren pentsatzen ba baietz, gustatuko litzaiekeela murru hori gainditzea eta nordiko bat bizi den bezala bizitzea.

Apuntetxoa (I): Batzuetan, ez beti, desatsegina da garraio publikoan bidaiatzea; batez ere, MUKURU dagoenean. Izan ere, ateratzeko borrokatu beharra daukazu. Ba atzo, bi morroi, elkar desafiatuz, batak besteari, antza, ez ziolako ateratzen utzi nahi edo ez ziolako bidea erraztu.

Apuntetxoa (II): Pasatzen ari ginela ikusi arren ez zen gelditu, eta zebrabide batean, 07:00etan, auto gidari bati “mekagoendios!!!” bat oihu egitea bezalakorik ez dago egunari ekiteko.

Kantua: A huevo. Horixe ba, etxean genuen eta gero lagun bati eman nion CDaren kantuetako bat.