Tauroon burugogorkeriak bultzatuta

2015eko azaroatik 120 sarrera idatzi ondoren, gaur zer kontatu ez dakidala nago. Halaxe da. Gaur ajetxoa dudalako izango da, beharbada…  Carlos Ramírez margolari karismatikoak haren etxera bazkaltzera gonbidatu gintuen atzo, eta garaiz antzean erretiratu eta oheratu ginen arren, ba bazkaria eta bazkalondorena iji eta aja pasatu genituen, edan genituen garagardo dezente, tequila apur bat, eta gaztelerazko esaldiak esaten duen moduan… “Noches de circo, mañanas de payaso“. Zirku bat ere ez zen izan, ez, dantzarik ere ez genuelako egin, baina Aitorrekin, Gorkarekin, Michellekin, Laurarekin, hiru Carlosekin eta besterekin ordu dezente konpartitu genituen lagunak eta biok, eta pailazotuta ez gara jaiki, baina aje apur batekin bai, noski.

Eta ajeak gaina hartzen digun egunetan, kostatzen zaigu ba martxa hartzea. Gosaldu dut, azokan erosketak egin, euskara ikasleei bidali beharreko etxeko lanak pentsatu eta egin, aspalditik 500 peso eta osasuna zor dizkidan morroi gorrotagarri bezain penagarria guasap bidez estutu, gidoi ikastaroko etxeko lana aurreratu eta ia bukatu, bazkaria prestatu, Alavesen partida irratian entzun, bazkaldu eta lagunarekin hitz egin, kafea patxadaz hartu, Danelekin Radio Euskadi-ko kolaboraziorako gaiak komentatu… Ño, oraintxe konturatu naiz ez dagoela gaizki ajetxoa edukitzeko.

Baina blogeko 121. sarrera idaztea falta… Eta ez neukan gogorik. Kafetegira etorri aurretik dutxatu naiz, eta ene buruari galdetu diot: “Zer demontreri buruz idatziko dut 121.a?”. Ez zait ba ezer okurritu. Beraz, beste batzuetan egiten dudan bezala, lagunari ideiak eskatu dizkiot. Bera ere ajetuta dabil, eta esan dit, aje horren eraginez, agian, ba poema bat idazteko. Ez naiz poeta, baina, bai, ordea, burugogor samarra.

Gelati kalean behera kafetegira nentorren bitartean pentsatu dut bihar Euskal Herrian inork ez duela faltan botako 121. sarrera, eta ez duela merezi gehiegi larritzea. Une batean Bixente Serrano Izko blogkidearena egitekotan egon naiz: esaldi bakarrarekin sarrera osatzea. Ez naiz bertute horren jabe, ordea. Baina tira, idatz nezakeen, nik zer dakit… 1-“Tequila baino askoz ere edari nobleagoa da mezcala. Etorri hona!”. 2-“Azokako eskailerak kostata igo ditut, baina, manitocarnalito, gustuko lekuan aldaparik ez”. 3-“Atsedenik ez konbertsaziorik gabe, Manuel!”. 4- “Egon hadi hizketan eta jango dek lodi”. 5-“Ordenagailuaren bateria kargatu, adiskide!”. 6-“Bai,  zer egingo zaio ba, hala da, ipurtzuloaren bueltako biloa tentetu dit nobela horrek”.

Ezin, ordea, ezin.

2010eko urrian-edo, New Yorkera joan aurretik, Enekoitz Esnaola kazetari lagunak blogintzari buruzko argibide batzuk eman zizkidan, eta ondo gogoan dauzkat horietako bi: “Maiz idatzi, baina sarrerak ez daitezela luzeegiak izan”. Ba lehen argibidea ederki barneratu nuela eta dudala uste dut, baina bigarrenarekin zalantza gehiago dauzkat. Gogoan daukat New Yorken labur antzean idazten hasi nintzela; sarrera bakoitzak 2.000-2.500 bat karaktere zeuzkala. Segituan hasi nintzen, baina, sarrera luzeagoak osatzen, kopuru hori hirukoizten edo laukoizten. Izan daiteke, kontatzeko asko daukadala iruditzen zaidalako; edo, bestetik, ez dakidalako kontatu nahi dudana 2.500 karakteretan errenditzen.

Egin kontu: 8.000 eta 10.000 karaktere artean idazten baldin baditut, horrek esan nahi du ia-ia egunkari bateko bi orrialde betetzen ari naizela nire txorakeriekin. Hori da datua. Gaur, halere, ez dut uste zifra horietara helduko naizenik. Beno, trikimailuak badaude: parrafo dezente egitea, adibidez, ejem.

121. sarreran ez daukat kontatzeko modukoa den istoriorik; dena den, ez dut esan nahi aurreko 120etan izkiriatutakoak kontatzeko modukoak zirenik. Gainera, sareko, Interneteko, oihan basatian zein balio dute dotrinatik eta txalo errazegitik urruntzea asmo duten ene kontakizun hauek…

Konta nezakeen gaur, ba hori, oraintxe, zigarreta bat erretzera atera naizenean, eserita nengoela kafetegiaren kanpoaldean, pasatu direla bi morroi ez-zuri, begira geratu dela horietako bat, esan didala, harrituta bezala, “E!Guero!!”, eta gero barrezka hasi direla biak. Pentsa zer gerta daitekeen nik herrian senegaldar bati esaten badiot “E!Negro!”. Konparagarriak al dira? Tira, ezetz esango nuke, baina auskalo… Halere, onartu beharra daukat batzuetan bloga idaztea bezain nekagarria egiten zaidala halakoak entzutea eta bizitzea. Gaur ez dut klasismoaz, radarrak detektatzen ez duen arrazismoaz eta bestez hitz egiteko gogorik, eta hor utziko dugu. Askotan hitz egin dut ba…

Edo konta nezakeen lehengoan, metroko bagoi batean, hemendik ez oso gertu, gure apartamentuaren ugazabarekin topo egin nuela. Sartu nintzen, ikusi nuen Lotus erloju etxearen bisera bat (?????) zeraman tipo bat ezaguna egiten zitzaidana, agurtu nuen, agurtu ninduen, eta gero konturatu nintzen gure ugazaba zela. Lotus-en bisera (????) zeraman lehengoan, baina behin etxera bisitan etorri zitzaigun batean, Donald ahatearen kamiseta bat zeraman soinean. Kasualitate hori ere luzatu nezakeen eta istorio txatxuren bat asmatu, baina ez, ez dut gogorik.

Bestetik, New Yorken nengoenean irakurle nuen morroi goierritar batek kariñoz leporatzen zidan ez nuela nire harreman afektiboez hitz egiten. Ba ez, eta orain ere ez. Beharrik ere ez dago, ezta?

Beno, beno, ari naizela 121.a ere betetzen…

Zazpi-zortzi aste geratzen zaizkit zirku honetan, eta, tira batzuetan sentitzen dut kontatu dudala kontatu beharreko guztia, sorpresa efektuak aspaldi eman zituela eman beharrekoak, eta ez duela blogarekin jarraitzea merezi. Baina beste batzuetan pentsatzen dut baietz, egunero dagoela zer kontatu. New Yorken bakar-bakarrik nengoen, eta bloga elikatzea ihesbide ederra zen. Hemen ez nago bakarrik, baina aitortu nahi dizuet gehien-gehienetan ilusioz eta gustura idazten dudala. Gaur ez, ordea!

Egon ziur hurrengoan “E!Guero!!”-ren anekdota edo nire ugazabarena luzatuko dudala, asmatuko dudala txorakeriaren bat sarrera elikatzeko, baina gaur ez, gaur egun existentzial horietako bat da. Halere, “bihar”, Felix Iñurrategi zenak esaten zuen moduan, “argituko du egunak”. Gainera, zera dio blogaren izenburuak: “Datorrena datorrela…”. Ba emari pobre hauxe zuen ba gaur iturriak…

Aurrera ba!

Apuntetxoa (I): Yoga irakasle argentinar bat etortzen da sarritan kafetegira. Gizon batekin hizketan zegoen gaur, eta erabateko solemnitatez zera esan dio “Es una experiencia maravillosa“. Zertaz ariko ote zen?

Apuntetxoa (II): Ondoen edukatutako herrialdean, galdutako borroka bat da zebrabideetakoa.

Kantua: Aizu, hipster, zatoz gurekin New Mexico-ko (AEB) Santa Fera!

1 thought on “Tauroon burugogorkeriak bultzatuta

  1. Meritua horrek zeukak, ezerezetik sortzeak. Platillo volante batek etxe aurrean lurra hartzen badik, edozeinek idatzi dezake horri buruz, hola bai erreza… Animo, ia hanka bat hortik kanpora daukak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude