Herrialdearekin berradiskidetuta

Lehengoan, larunbat eguerdian, agurreko festatxo bat-edo antolatu ziguten Casa Galerian, Iranixe azkotiarraren arte espazio-etxean, eta ederki pasatu genuen. Elkartu genituen alde bateko zein beste aldeko lagunak, Sergio lagun mexikar estimatuak paella handi bat prestatu zuen, eta, azkenean, nola bestela, dantza batean bukatu genuen denok. Radio Futura-ren Han caído los dos-ekin dantzan ari ginenean, erabateko osotasun sentipen batek bete zituen ene barrenak, eta, pozaren pozez, oihu egitekotan egon nintzen. Ez zen beharrezkoa izan, ordea, musikarekin eta geure gorputzen mugimenduekin ari ginen-eta geure izate gehienetan enkortsetatua askatzen.

15:00etan-edo iritsi nintzen Casa Galeriara. Euskara eskola bat eman, hiru metro hartu, lepo zegoen autobus batera igo, eta, azkenean, ordu eta laurden geroago, azkoitiarraren etxera heldu. Autobuseko bidea Patricia madrildarrarekin batera egin nuen. Nik uste dut festara garraio publikoan joan ginen adoretsu bakarrak izan ginela… Ba Patriciak ia lau urte daramatza hemen, eta esan zidan Mexiko Hiriak “irabazi” egin diola, ezin duela gehiago. Bere jaioterrira bueltatu nahiko lukeela, faltan sumatzen dituela familia, “betiko lagunak”, eta ibilbide profesional jakin bat egitea baino gehiago beste gauza batzuk baloratzen dituela. “Tira, badakit gaur egun ez dagoela oso ondo ikusia hori esatea, gizarte indibidualista batean bizi garela, baina hala ateratzen zait… Nik nireekin egon nahi dut”, aitortu zidan, nigan babesa bilatuz bezala. “Erabat ados nago”, erantzun nion. 38 urte dauzka eta jakinarazi zidan haur bat eduki nahi duela. “Baina ez dut hiri honetan eduki nahi; nireengandik gertu baizik”. Hiriarekin eta horretan bizitzeak eragiten duen guztiarekin nekatuta dago; are, haserre.

Ba ni Mexikorekin berraskidetu nintzen ba lehengo astean! Noski, ez nion Patriciari ezer esan. Izan ere, ez bainintzen hiriarekin berradiskidetu, herrialdearekin baizik.

Pasa den astean lau egun pasa genituen lagunak eta biok hondartzan. Veracruz hiriaren hegoaldean dagoen toki batera joan ginen eta hotelarekin zortea izan genuen: erosoa, txikia, baketsua, nahiko merkea eta igerilekutik hondartzarako sarrera zuzena duena.

Iratzargailurik gabe jaiki, balkoira atera eta itsasoa ikusi, bainu bat hartu, igerilekuko lorategian gosaldu, krema asko eman, asko, hondartzara minutu erdian heldu, irakurri, eguzkitako betaurrekoak jarri, itsasoari begira egon, krema asko eman, asko, hausnartu, irakurri, bainu bat hartu, hausnartu, paseatu, txiringito batean zerbeza batzuk edan eta ganba batzuk jan, krema asko eman, asko, paseatu, bainu bat hartu, irakurri (arratsaldeetan ez dut hausnartzen), guapo jarri, paseatu, olatuen zarata adituz afaldu, hoteleratu… Benetan diotsuet ez dizuedala inbidiarik eman nahi, lagunok, baina zer egingo zaio ba, utz iezadazue, mesedez eta arren, Mexikorekin berradiskidetzen… Tira, lau egunez horrela ibili ondoren, ez harritu gringo deitu izan didatenekin adiskidetzen banaiz. Hondartzan pasatako opor egunen efektu baltsamikoa betikotu nahiko nuke…. Edo ez, agian ez dut betikotu nahi.

Iruditzen zait beste Mexiko batean ibili naizela, baina, auskalo, agian nire irudipena besterik ez da. Datu edo bizipen zehatzik ez daukat, baina uste dut, a priori behintzat, ez dela hainbesteko alderik egongo Oaxaca, Chiapas eta Veracruzen artean. Aurreneko bi estatu horietan alde batetik bestera ibili ginen, baina, exotikoak izan ginen, autobus eta furgonetatan bidaia luzeak egin genituen, etxolatxoetan lo egin genuen, hangotarrekin kafea hartu genuen eta haien egunerokoaren berri eman ziguten… Bidaia horietatik jota itzuli nintzen, ordea. Tijuanaren hegoaldean ere (Kalifornia Beherea) egon ginen aspaldi, eta orduan, oraingoan bezala, biziberrituta, pozik eta tokiaz maiteminduta etxeratu nintzen. Lau egun pasa genituen hondartzan, ia-ia erabateko bakardadean: garaiz oheratzen ginen, garaiz esnatu, paseatu, eguzkia hartu, bainatu, irakurri… Beraz, nahiko argi daukat: egun hauetan irakurri, paseatu eta hausnartu besterik ez dudalako egin berradiskidetu naiz herrialde honekin. Alfer bat naiz, tipo susmagarri horietako bat, dena eta ez dena ezagutzeko, ikusteko eta deskubritzeko gogorik ez daukadalako. Proposatu iezadazu, ordea, hondartzarako plana,  esadazu bake-baketan egongo naizela, oztoporik gabe irakurri ahal izango dudala, olatuak hartu ahal izango ditudala, zaratarik gabe lo egiteko aukera eduki dudala… Eta, aizue, segituan apuntatuko naiz.

Halere, Veracruzekoen nortasuna gustatu zait. Auskalo… Akaso, oporretan geundelako? Arratsalde-iluntze batean hirira joan ginen, eta hango plaza nagusian hiriko banda pieza batzuk jotzen ari zen, jendeak, dotore-dotore, dantza egiten zuen bitartean. Zoragarri. Eseri ginen afaltzeko, eta ia turistarik ez zebilen arren, jatetxeko terrazaren bueltan lau talde hasi ziren han geunden bakanentzako jotzen. Batzuen son doinuak, besteen norteña-k (Pellorekin gogoratu nintzen), hango kantugile erromantikoa-edo… Sekulako grazia egin zigun egoerak; guri, mendebalde hertsi eta itxian hazitako azal zurikooi.

Veracruzekoen nortasuna gustatu zait. Afaldu eta gero, taxi bat hartzera jo genuenean, gidariarekin prezioa adostu genuen, eta, hemengo gidarien aldean, hangoak jokatzeko beste modu bat, atseginagoa-edo, zeukala iruditu zitzaidan. Lagunak gauza bera esan zidan. Oporretan geundelako izango zen? Gidariak irratia zeukan jarrita, eta Veracruzeko emisoraren batean txiste programa bat emititzen ari ziren. Eta gu barrez. Oporretan geundelako? Gure opor egunetako arima exotikoari azentu ia kubatar horrek grazia egiten ziolako? Ez dakit… Baina ze ondo. Viva Veracruz!

Azken gau-goizaldean, ordea, Mexikon geundela konturatu ginen kolpetik. 07:00etan telefonoa jo eta jo gure logelan. Nire mesanotxean zegoenez, nik erantzun nuen, harrituta, are beldurtuta. “Bai?”. Ba harrerako batek jakinarazi zidan 07:00etan, bai-bai, 07:00etan, debekatuta zegoela balkoitik arropa eskegitzea. Eta nik, aho bete enpaste: “Horregatik deitu duzu??”. Eta harrerakoak edo auskalo nork: “Bai”. Deia moztu nuen. Eta laguna eta biok, normala-edo denez, sututa… 07:00etan… Hotelean, uste dut, bizpahiru logela besterik ez zeudela okupatuta. Eta diot nik: zintzilikatutako bainujantzi eta bikini banak zertan eragiten dio ia hutsik zegoen hotelaren irudiari? Eta hotela lepo egongo balitz ere? Beharrezkoa al zen 07:00etan deitzea?

Geroxeago, jaitsi ginenean, harreran galdetu nuen ea beharrezkoa ote zen 07:00etan deitzea hori jakinarazteko. Une horretan harreran zegoenak bazuen, antza, ez dakit zergatik, gertatutakoaren berri, baina justizia egarriz zegoen honi ez zion esan nor izan zen. Barkatzeko esan ziguten. Ez dadila berriro gertatu!

Veracruzen gauzak gertatzen dira, bai. Pasa den hilaren 12an, esaterako, kazetari bat hil zuten; azkeneko sei urteotan estatu horretan erail duten 20.a da. Eta Veracruzeko estatuan, duela bi aste, 250 burezur topatu zituzten hobi komun batean. Eta Jorge Winckler Mexikoko fiskal nagusiak dio hobi komun gehiago daudela estatu horretako lurretan. Gisa horretako albisteak ere irakurri nituen hotelera ekartzen zuten egunkarian; edo emakume bat zatikatuta topatu zutela bide bazter batean, edo familia bat bahitu berri zutela…. Bat gehiago. Eta albiste horiek irakurri ondoren itsasoari begiratzen nionean, hausnartzen nuenean, ez nituen, ez, albiste horiek gogoan, beste kontu batzuk baizik. Izan ere, herrialdearekin berradiskidetu nahi nuen, nola edo hala. Tira, batzuetan bai, batzuetan gogoan neukan Mexiko Hirira itzultzeko ia 500 kilometro egin behar genituela autobusean, eta Veracruz estatu arriskutsuenetakoa dela, eta autobusak ere geratzen dituztela, jendea bahitzen dutela…

Segituan uxatzen nituen, ordea, pentsamendu horiek, eta neure artean pentsatzen nuen: “Zeinen ondo hemen, itsasoari begira eta Mexikorekin berradiskidetuta”.

Apuntetxoa (I):  Porrua ez, Manuel fruta saltzaileak letxuga ederra sartu zidan ostiralean. Letxuga jangaitz bat saldu zidan, ziurrenik zaborretatik hartutakoa, eta atzo konturatu ginen. Azkeneko hamabost hilabeteotan hutsik egin gabe, astero, hari erosi dizkiogu fruta eta barazkiak, baina beti lehor nirekin, tarteka keinu itsusiak ere eginez. Gaur arte. Gaur azokara joan, eta arraro sentitu naiz harengana jo ez dudanean.

Apuntetxoa (II): Nekeza da berradiskidetzea, baina erraza atzera sumintzea. Atzo, zinema aretoan, gutxi falta izan zitzaidan butakatik altxatu, besoak jaso eta ondokoa oihu egiteko: “Baina zer ostia gertatzen da hemen!!”. Agian oporrak bukatu direlako?

Kantua: Gaur itsasoari begira, ilunabarrean.